Hemengo irratigintza publikoan, tertuliek gero eta pisu eta garrantzi gehiago daukate. Eguneroko programazio-taulak begiratzea besterik ez dago, zenbateko minutajea eta kokapen preziatuak eskuratzen dituzten ikusteko. Gainera, dakitenek diotenez, AEBn ere, hitza eta musika eskaintzen dituzten ereduak dira nagusitzen ari direnak. Esandakoa, hitza eta musika, eguneroko lanean eta lanerako bidean irratia lagun gisa dugunon askorentzako dieta.
Eta, lehengora itzuliz, bertako irratigintza publikoan makro magazinen barruan tertuliak leku handia irabazten ari dira.
Kontainerra deitua izan den genero honetan, informazioa, lehiaketak, erreportaiak, txutxumutxuak eta tertuliak izaten dira osagairik normalenak.
Azken hauek, mahai baten inguruan biltzen diren iritzi-emaileen kasuan, aurtengo denboraldian, nabarmen geratzen ari da nolako perfil politiko markatua duten. Ez naiz ausartzen esatera alderdi politiko honetakoa dela urlia eta bestekoa berendia baina bai guztiek oso diskurtso politiko markatua dutela.
Radio Euskadiko mahaikide batzuk entzun, Lapitzen saioan bereziki, eta politiko profesionalek erabiltzen dituzten hitzak, esamoldeak eta argumentazio-egitura berberak darabilte.
Eta, behin baino gehiagotan inpresioa izan dut lan horretarako nahikoa direla politikoak eurak eta guk beste zerbait behar dugula. Politiko asentatuen hizketa-moldeetatik askeago, gauza berriak eta heterodoxagoak entzuteko gogoz gelditzen naiz, behin baino gehiagotan.
Hori bai, gero kontatzen dizutenean nolako influentzia-trafikoa, presioak eta iritzi-emaile profesionalak dauden hortik atzetik eta orduan ulertzen duzu pertsona horietariko batzuk egotearen arrazoia.
Hemengo bertoko irratigintza publikoan egon diren dekapitazioak, alderdi politiko potoloen egoitzetatzik eginiko deiak, zuzendarikeriak eta jarrera egolatrak dira, akaso, oso neurtua, politikoki zuzendua eta interesatuak diren hainbat tertuliakideen jarreraren zergatia.