Non da Tika Cuesta?

Ander Iribar eta Tika Cuesta, bata zein bestea Radio Euskadiko esatariak, trafikoaren egoeraren erreferentzia ziren goizero-goizero, aurreko denboraldian. Batak Bizkaiko errepideak hartzen zituen lan-eremu modura eta besteak Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa elkar gurutzatzen ziren parajeak.

Azken egunotan ez dut Tika Cuestaren ahotsa entzun eta, alde egin duen lagunari bezala, gauza pare bat esan barik gelditu naiz. Aurreko batean, 656707070 trafikoari buruzko informazioaz hitzegin nuenean, kazetari ibiltari hauei buruzko zeharkako aipamen bat egin nuen. Informazio interesgarria dela, erabilgarria oso eta berriak Radio Euskadin lehen eskukoak diren bezala, Euskadi Irratira fotokopiak besterik ez zirela heltzen.

Euskarazko emisoretan ez zen zuzeneko loturarik egiten, trafikoaren berri oso gainetik ematen zela. Eta zergatirik ez zait okurritzen. Zuei?

Izan ere, zein erraza den Tika Cuesta eta Ander Iribar bezalako kazetariek, lehenegon, irrati batekin eta handik minutu batzuetara bestearekin bat egin eta informazioa ematea. Horri baliabideak ondo kudeatzea deitzen zaio (sinergia deitzen diotenak ere ezagutzen ditut).

Edozelan ere, Tika Cuestaren ahotsa desagertu da Radio Euskaditik. Ez dugu, Ertzantzaren eta Foruzaingoaren prentsa-kabineteetatik aparteko zehaztasunik Ander Iribarrek bere ibilbidean ikuitzen ez dituen lurralde horietaz.

Tika Cuesta (ezingo nuke Tika eta Cuesta izenabizenak banatu, batera ateratzen zaizkit burura Scotch Brite eta Ibarretxe Plana bezala) gustatu egiten zitzaidan. Zehatza zen bere lanean. Lehorra izan gabe, laburra. Informazioaren hariari eta estiloari lotua.

Beti eskertu izan dut berak behintzat ondo erabiltzen zituela EAE zein Nafarroako toki-izendegi ofiziala: Zarautz, Oñati, Gasteiz, Ordizia…gainera ondo ahoskatua.

Bat

Esanda dago, berandu bada ere.

Hori bai, pena da ez zuela inoiz kendu “Egun On-Buenos Dias” sindromea. Agian, guri bere izena bezala, pegatuta, berari, Radio Euskadiko gehienei bezala, euskaraz esandako agurra gaztelerazko legitimazio martxamoa jarri beharra sartu zitzaion buruan.

Bi

Azken hau ere, esateko gogoa neukan, eta laster artikulu osorako aitzakia modura hartuko dut.

4 iruzkin “Non da Tika Cuesta?” bidalketan

  1. Iñigo

    Nik neuk, adibidez, biak entzuten ditut, Euskadi Irratia eta Radio Euskadi, eta aurrenekoa entzuten ari naizenean, zinez eskertzen dut trafiko kontuen inguruko etenik jasan behar ez izana.

    Horrexegatik,ez dut uste kudeaketa onaren erakusgarri denik “sinergiak” beti, aukera dagoen guztietan, gauzatzea.

    Erantzun
  2. Edorta

    Zelan diren gauzak!

    Irratia entzuteko ohitura, zergatia, gustua eta jarrera hain dira desberdinak!

    Ni goizeko eta arratsaldeko ordu horietan kotxean egoten naiz eta lanera etortzeko zein errepide hartu behar dudan erabakitzeko lagungarria egiten zait.

    Konturatu barik nengoen, agian lantokira helduta, etxean lanean ala lasai-lasai, tabernan kafesnetan edo ikasten dabilenarentzako trafikoari buruzko informazioak bost axola.

    Erantzun
  3. Joxe Aranzabal

    Aupa, Edorta! Nik ere faltan sentitu ditut Tika eta Ander, orain arte egin duten lana oso ona iruditu baitzait. Zuk aipatu merituez gain, izan dute beste bat: ez zuten trabarik izaten Debagoienean sartzeko, askorentzat hori baita munduaren azkena.

    Erantzun
  4. Edorta

    Distantzia bera omen dago Aretxabaletatik Donostiara eta Donostiatik Aretxabaletara, entzun nion behin Gipuzkoako Aldundi Nagusiari.

    Ba, Joxe, ez nago ados.

    Laburragoa da txikitik handirako ibilbidea, alderantziz baino.

    Nik, ondo dakizunez, Bilbo inguruan egiten dut beharra eta harrigarria da ikustea zein urrin egiten zaien hemengo askorentzako Elorrio, Eskoriatza, Legutiano ala Etxarri Aranatz.

    Beraien ibilt-eremutik kanpo daude, eta gainera ikutu informalaz “la Euskadi profunda” etiketapean daude aipatutako herri horiek eta beste ehundaka.

    Beraiena aldiz, “la Euskadi superficial” ote da?

    Baiezkoan nago.

    Beraiek, urrutiegi ikusten dute dena, zailegia zaie hainbat gauza irudikatzea, itxiegiak dira.

    Guk, periferiakoek hobeto ulertzen eta ezagutzen ditugu. Malguagoak gara. Jakintsuagoak.

    Txikia izatea gauza handia da gero.

    (Joxe, ez niri galdetu zuk idatzitakotik zer dela-ta bota ditudan nik goiko lerroak. Nik ere argumentazioaren erlazio-katea galdu dut-eta. Akaso aspaldi esan gura nituenak dira, ez dakit. Ondo segi)

    Erantzun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude