Txomin, La Juani eta andaluziar depresiboa

Txikia nintzela, irratiz entzuten ziren (geroxeago tabernetan eta gasolindegietan ere saltzen zituzten bere kasetak) Txomin del Regato delako baten txisteak eta suzedidoak.

Horretaz akordatzen naizen bezala, bere kontakizunekin ez nuela inoiz barrerik egin gogoratzen dut. Hala ere, bazuen morroiak nolabaiteko ospea. Orduko hedabideetan lekua egiten zioten.

Gazteleraz aritzen zen, omen euskal azentu ikaragarriarekin.

Arlotearen papera egiten zuen.

Karikatura hutsa.

Espainiartasunetik euskaldun bat imitatzen denean erabiltzen diren topikoz josia.

Penagarria.

Hori baino gaur egungoagoa zaigu akaso **Médico de Familia** (Tele 5, 1995-1999) izeneko seriean, La Juaniren pertsonaia. Gogoratuko duzue, Emilio Aragónek medikuaren papera egiten zuen bezala La Juanik andaluziar jatorriko neskamearena betetzen zuen. Harek ere, andaluziar, omen, azentu oso markatua zeukan.

La Juani

Pertsonaiak, telesail osoak bezala, ospe handia lortu zuen eta audientzia datu ikaragarri altuak bereganatu ere.

Behin andaluziar batekin nengoela La Juani bezalako karikatura bargastak eta traketsak gorrotatzen zituela esan zidan. Iraingarriak iruditzen zitzaizkion. Madrilzentristak. Faltoiak.

Ni Txomin del Regatoz (Googleek dio Jesus Prados Casademón delako batek Nuestro Bilbao (de Txomin del Regato) liburua kalean dela…diox!!) gogoratu nintzen, orduan ere.

Seguru nago ETBren promo berria ikusia duzula dagoeneko: bere herrian erabat triste bizi den andaluziarra (Saulo ?) Euskal Herrira etorri eta hemen depresiotik ateratzeko bidea aurkitzen du (Paulo bilakatuz?). Ebanjelioan ez bezala, hemen zaldirik erori beharrik ez du izango bizitzari erabateko iraulia emateko, hemen Euskal telebista deskubrituz kunplituko da miraria.

Saulo eta San Paulo

Atzo, Fermin Etxegoienek Berrian duen telebista-zutabean aipatzen du andaluziar honen kasua. “Etno-Raskayú”:http://www.berria.info/hemeroteka/inprimatzeko.php?htmla=BERRIA/y2005/m09/d20050920/p00053022.html
titulupeko artikuluan andaluziarren karikaturaz ari da.

Iragarki promozional horretan, andaluziarren betiko irudia errepikatzen da.

Oso gordinki.

Topikokeriz blai.

Itxurakeriz betea.

Okurrentea, ez dakit, errekurrentea, seguru.

Eta, berriro ere Txomin del Regato etorri zait burura.

Etxegoienek, ebanjelista ezik Kristo bera aipatzen du jakin duenean promo hori sorta baten lehen atala dela.

7 iruzkin “Txomin, La Juani eta andaluziar depresiboa” bidalketan

  1. Xabi

    Erabat ados nago zurekin, Edorta, herenegun ikusi nuen iragarkia eta berehala pentsatu nuen “berriro ere topiko putekin datoz”. Andaluziarra, topikoa, Euskal Herria, Etxegoienek dinoen lez, Erniopeko trikitixalandia, eta ETB, oso dibertigarria eta guai.

    Enpin

    Erantzun
  2. Patxi

    Aupa lagunok. Ez nator bat zuekin.

    Nere ustez, gauza bat da topikoetan erortzea, betiko mezua emanez, eta beste bat, topikoez baliatzea, oso bestelako mezua emateko.

    Kasu honetan mezua ez da oso argi geratzen. oso ironia fina ere izan daiteke, eta mingarria gertatu euskaldun batzuei, baina jende gehienari geratzen zaion hondarra nere ustez, euskaldunak mundialak gerala adierazten du. Bereziak gera. Hildako bat berpizteko gai gera.

    Beste alde batetik, Euskal Telebistak bere buruaz promozioa egitea, ez al da guztiz normala? Nola egotzi dakioke Euskal Telebistari promozionatzea? Ez det ulertzen. Eta mesedegarria? Alegia. Promo on batek euskal telebista ikustera eraman dezake jendea (beste kontu bat da Euskal Telebistako edukiek ikuslea bertan mantenduko duten. Baina erakarritako jendea beti izango da garaipen bat euskaldunontzat eta euskerarentzat. Ez al da hala? Bestalde, esatea Euskal Telebista mega-kaxkarra dala, pozoitsua iruditzen zait. Euskal telebistan benetako perlak eta oso kalitate oneko gauzak aurki daitezke. Hobetu beharreko gauzen zakua oso haundia da, egia da. Ez du gutxieneko maila ematen, egia da, baina ez ditzagun bere ontasunak gehiegi estali ere.) Eta nere ustez, iragarkia, aluzinantea da. Izugarrizko kalitatea du, eta Ferminek ez duela ezer ulertzen? Hau dek hau, ba nik dan dana ulertzen det! (?¿?).

    Neri kristoren grazia egiten dit promoak, eta Euskal Telebista ikusteko gogoa pizten dit.

    _

    Erantzun
  3. Edorta

    Irakurri nituen arreta handiz, nola ez, nik idatzitakoaren ildotik botatakoak zirelako, eta eskertzen ditudalako asko zuen lerroak, ETBren promozio kanpainaren inguruko bi mezuak.

    Eta bi ideia etorri zitzaizkidan tupustean burura. Bat topikoen ingurukoa eta bestea kritiken gainekoa.

    Lehenari dagokionez, idatzi nituenak berresten ditut: ez zaizkit topikoetara hain modu errazean erortzea gustatzen. Norberaren umorearen kontua ote? Ezezkoan nago.

    Donostiako Zinemaldia zela-eta bertan egon nintzen Canal Surreko kazetari batekin. Iragarki promozionala ikusteko agindu nion eta, betelako informaziorik eman gabe, bere iritzia emateko gero.

    Entzun egin behar zenuten. Ni baino gogorragoa zen topikoen erabileraz ari zela.

    Bigarren puntu modura nire blogean, bestelako artikuluetan eta, kasu honetan, ETBren autopromozio kanpainari buruzko mezuan ageri den kritika aipatuko dut.

    Begira Patxi, nik uste dut kritika bat plazaratzeak, edozeren gainetik, bestea legitimatzen duela. Aitzakotzat hartzen duela. Hortik aurrera botatakoak arrazoitu beharra dagoela eta ahalegindu gainera modu onean esaten. Niri hori gertatzen zait ETBrekin eta lehen kanalarekin bereziki.

    Kritikatu egiten dut oso garrantzitsua iruditzen zaidalako, eta ez maila abstraktuan, bestela, egunerokoan, nire telebista dosian. Kritikatu egiten dut ikus-entzule modura gauza asko ez zaizkidalako gustatzen eta, nola ez, perfektuak ez garelako, ez ni ezta ETBko agintariak ere.

    Total, Patxi, ez naiz ni inor ETBk promozioak egitea gaizki dagoela esateko (ez dut uste gainera), ez dut pentsatzen “mega-kaxkarra” denik eta kritikarik pozointsuena kasurik ez egitea dela sinistuta nago.

    Niri promozio kanpainak ez dit graziarik egin. Punto.

    Eskerrik asko zuen lerroetan botatakoaz zer pentsatu eman didazuelako.

    Erantzun
  4. Patxi

    Aupa Edorta.

    Zer pasatzen zaio Goiena.net-i askotan? Ezin bertan sartu. Gehiegi berotzen dezue bertako blogariok edo ? 😉

    Geurera etorriz, kritika guztiz garrantzitsua da noski, zure bloga oso interesgarria, eta atzetik gehiago etortzea, oso gomendagarria. Baina zuk diozun bezela, kritikak arrazoitu egin behar dira, eta ez hordagoka ibili, Ferminek artikulu horretan legez. Izan daiteke ere, Ferminen artikulua ez izatea pozoitsua, nik nioen bezela, baina ni bai egotea saminduta, danabeltzkeriz bustitako hamaika adibiderekin, euskal kulturako hainbat alorretan.

    Asko gustatu zitzaidan Bingen Zupiriaren artikulu hau. Nere iritzia hortxe daukazu.

    http://tinyurl.com/a82us

    Topikoei buruz, ba adibidetxo bat ipiniko dizut. Egia da munduko gauzarik errezena dala konparazioak egitea, eta munduko zaila konparaketarekin asmatzea, baina ea hurbiltzen naizen.

    Lagun bati esaten diozu:

    Iñaki, zure sudurra baino itsusiagorik ez dago gure lurrazal osoan, hegaztiak barne. Zure belarriak NASAkoek erabili litzakete, espazioko urruneko hotsak antzemateko. Hankamotza zera, ala ez daukazu batere hankarik? Itsusia zera, Anasagasti ruloekin baino gehiago…

    Hemen geratzen bada, mingarria da hartzailearentzat, izango ez da ba. Orain bukaera hau emaiozu:

    … Baina arraiua, nere andrea baino gehiago maite zaitut, ikaragarria zera.

    Erabilitako garraioa bildurgarria da, baina mezuak barkagarri egiten du.

    Iragarkian ere berdin. Pentsa genezake… Topiekoekin berriz????? Nahikoa da! Gertatzen dana da, mezua oso gure aldekoa dala. Euskaldunak ikaragarriak gera. Hildako bat berpizteko gai gera.

    Erantzun
  5. Edorta

    Gustora irakurtzen ditut zure komentarioak, Patxi.
    Interesgarria da ikustea zein desberdin pentsatzen dugun.

    Nik ere irakurri nuen Bigenen artikulu hura eta blog honetan bertan esan nituenak irakurri ditzakezu zuk.

    Ia zer iruditzen zaizkizu.

    Ondo segi.

    Erantzun
  6. Patxi

    Hemen nator berriz:

    Bingenek onartzen du ETBk ahuldade haundiak dituela. Gauza jakina da ahuldade haundiak dituela. Danok gutxigorabehera daukagu irudipen berbera. Badira begibistakoak diren gauzak, ezkutatu ezin direnak.

    Eskolan desastre dabilen ume bati ezin diozu bizkarrekorik eman, “inutila”, “tontoa” deitu: Ikasketak utziko ditu. Lagundu egin beharko diozu, zer egiten duen gaizki erakutsi.

    Megakaxkarra. Jasangaitza. estratosferikoki txarra…

    Ez det uste katarsia eraginkorra danik. Kristorenak esan, dagokionak erreakziona dezan. Alderantziz, nik uste det horrelako kritika puztuak, bortitzak, profesional askoren desanimoa baino ez dutela lortzen, eta ez gaude euskaldunak desanimoetarako.

    Desahogoa zilegi da, eta nik askotan praktikatzen det, izenondo espazialak erabiltzen ditut, baina lagunartean.

    Artikuluaren bigarren zatiarekin, plangintzak, helburuak eta abar, hortaz ezin nik iritzirik eman. Traje hori oso haundia geratzen zait.

    Bingen erasotua sentitzen da, eta nere ustez ez dauka arrazoi faltarik. Daukadan inpresioa da.

    Eta kritikak beharrezkoak direnez, ba aurrera Edorta! Zorrotz kritikatu, estimatuko dizugu eta.

    (Erantzun hau, -barkatu- oso “telebistatankerako” atera zait, presaka egindakoa. (auskalo zer atera zaidan. Frexkotasunak ez du kalitatea bermatzen) Denbora gehiagorekin “antzerkitankerako” egingo nuke, landuagoa, gehiago hausnartutakoa, borobilagoa, baina… Bizimodu mordenoa holakoxea da.

    Erantzun
  7. Edorta

    Aupa Patxi.
    Beti bezala zure mezuek ematen dute zer pentsatu. Eskerrik asko.

    Zure azken “erantzunean” tangentziala bada ere, ados nago zurekin, egia da blogek bapatekotasuna eta mediaziorik eza, uste duzuna/duguna esateko/idazteko dutela armarik politena. Eta, baita ere, zure idatziaren esamoldeak parafraseatuz, meditaziorik eza batzuetan.

    Besteen iritzietatik asko ikasten da, ezta. Bide horretan gaude. Eta, Argiñanok denboraldi bakoitzaren amaieran egiten duen bezala, auto orbi et urbi-an: gaizki esandakoak, argi adierazi gabeak eta esan bakoak inori min egin badiote, parka dezala.

    Segi ondo.

    Erantzun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude