Zinta eskatu

Jexusmarik 45 urte ditu, bergararra da, Julenek 7, armintzarra, eta biak, aitasemea,Wazemank zale amorratuak.

Etxarri-Aranatzen izan ginen elkarrekin eta baita Idoiarekin eta Arraterekin, abuztuaren lehen hamabostaldian.

Atzo ikusi nuen lehen aldiz, osorik, Wazemank delako umore saioa eta aitortu beharra daukat asko gustatu zitzaidala. Umore mota, sketch-en tratamendua, erritmoa eta, noski, pertsonaien definizioa eta antzezpena oso onak direla iruditu zitzaidan.

Kanpineko afalosteak berriketarako eta kontakatilukerietarako aproposak izaten dira, eta han izan ziren biak Wazemankeko sketch-ak ikusi gabe genituenentzako kontari.

Atzokoan, gure ama, Ander, hau ere zazpi urtekoa, eta ni geunden ETB1en emango zuten programaren zain. Aspaldiko partez ETB1eko programa noiz hasiko esperoan nengoela!!

Nik barre asko egin nuen, umeak dena ulertu ez baina niri begira jarri eta irribarrea ez zuen ahotik ezkutatu. Amarentzako, laurogeiak gainean dituelako eta beranduxe emititzen delako, txiste eta tarte batzuk arinegi doaz baina behin baino gehiagotan barrezka aritu zen.

Programa gomendagarria da, oso. Ez galtzekoa.

Gaur bazkalorduan, lehen aipatutako Jexusmari eta Josu lagunak harrapatu ditut eta, berak Etxarrin egin zuen bezala, oraingoan ni hasi naiz Wazemankeko tarteak kontatzen. Han ibili naiz, Euzkitze eta Joxean Tolosa, “Beste gu”, Agirretarrak versus Arregitarrak, Auto Patxi eta abarrak xehetzen.

Gustora egon gara.

Josuk zati batzuk ikusi zituenez nik esandakoekin osatu du atzoko emanaldiaren edukia.

Jexusmarik, berak eraman nau Alkainzaletasunera, nik kontatzen nuena arretaz jarraitzen zuen. Baina, atzokoa ez zuela ikusi esan dit.

Arraroa egin zait. Oso arraroa.

Ni bazkaltarren zentroa nintzelakoan, noizean behin, esaten nituenak zehaztu egiten zituen, nik gogoratzen ez nituenak gehitu, barrerako elementu batzuk bota…total: atzo ikusi ez zuen emanaldia nik baino hobeto ezagutzen zuela zirudien!

Eta, hala zen, atzokoa aurreko emanaldietako aukeraketa bat zen.

Lehendik ikusiak zituen Wazemanken tartetxoak.

Horregatik ezagunak egiten zitzaizkion.

Bueno, horregatik eta, baita ere, orain arteko programaren atal guzti-guztiak grabatuta dituelako eta, sarritan, umearekin batera gustura ikusten dituelako. Esango nuke nik buruz dakizkiela.

Eskatuko diot zinta.

3 iruzkin “Zinta eskatu” bidalketan

  1. Jon

    Nik ere atzo ikusi nuen saioaren zati bat, eta hasieran kutre xamar irudituko zitzaidalakoan, ikusten jarraitu ta far batzuk botatzen bukatu nun. Ondo, Alkain jauna!

    Erantzun
  2. Eneko

    Edorta, ni ere egon nintzen saio horretako azken atala ikusten. Une batean, gainera, Ane alabarekin (lau urte ditu), eta hura ere barrezka hasten zen ni barrezka ikusten ninduenean, han ateratzen ziren gehienak ia ulertu ez arren eta uneoro niri galdezka jardun arren.

    Bereziki gustuko dut Alkain eta batez ere karakterizazioak. Bertsolarien gai jartzailearena jeniala iruditzen zait. Gogora ekartzen dizkit sasoi bateko Loiola Irratiko esatariak (Iriondo…).

    Erantzun
  3. Edorta

    Elementu aipagarrien artean, SMS mezuena ere kokatuko nuke (uste dut Imagine delako azpiataltxoan).

    Oso originala iruditu zitzaidan.

    Guraso eta alabaren arteko elkarrizketan, eta elkar-ulertze aldera, alabak kasurik egiten ez zienez, aitak SMSetan idazten den bezalako esaldiak botatzen zizkion eta orduan bai, orduan bakarrik alabak erantzun.

    Ez dakit zuei, Jon eta Eneko, baina niri sketch hori oso ona, oso berritzailea, iruditu zitzaidan. Ala, beraiek esango zuten moduan: “3 pntu zrtzat ta sgi horrla”.

    Erantzun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude