Sukaldea eta egongela izan ohi dira telebista ikusteko tokirik arruntenak.
Hori bai, etxe bakoitzean dagoen hargailu kopuruak gora egin duen neurrian (batetik gora Hego Euskal Herriko %64,1ean) logela (k), komuna eta beste gela batzuk hartu izan ditu bere menpe.
Gainera, merkatuak eskaintzen ditu beste hainbat tramankulu gura dugunean telebista ikusi ahal izateko: sakeleko telefonoa eta ordenagailua erabiliz, besteak beste.
Halako guztietan zuk aukeratzen duzu zer, noiz eta zenbat denboraz ikusiko duzun.
Badira beste egoera batzuk, eremu publikoan gehienak, abiapuntu modura piztutako telebista dakartenak. Gurean, nagusiki, tabernak.
Ados: inguruan dituzun guraso, seme-alaba, lagun edo dena delakoekin negoziatu beharko duzu telebista piztuz gero zein programa hautatzen duzun eta aldaketaren bat egingo duzun ala ez.
Horietan ere, hargailu bakarretik ugarietara saltoa egina da aspaldi. Tabernaren sarreraren gainekaldean bat, erdian beste bat eta komunerako bidean hirugarrena paratu dutenak asko dira.
Tabernetako hauetan, zuk ez duzu aukeratzen telebista ixotzea ala ez, bolumena norainokoa izango den eta ezta ikusiko den kanala ere.
Halakoetan haserretzen naiz ni. Besterik ezinean.
Akaso arazoa nirea besterik ez da.
Kontrol eza.
Izan ere, telebista piztuta dagoen gela batera sartzen banaiz, ia automatikoki, hargailua izango da niretzako arreta puntu nagusiena.
Ahaleginak egiten ditut aurrean dudanaren elkarrizketa jarraitzen eta hari begira egoten.
Baina, kia, gehienetan begiz jotzen dut laburki, baina gero eta sarriago telebista eta, azkenerako, minutu pare bateko kontua izaten da, pantailari besterik ez diot kasurik egiten.
Aspaldikoa dut kontrol falta hori eta garatua ditut nolabaiteko errekurtso xumeak: tabernetan telebistari bizkarra emanez kokatzea, lurrera begiratzea elkarrizketa jarraitzeko entzumena zorrozten dudan ahaleginean, ukondo biak barran iltzatzea eta botilez beteriko baldei begira tinko eustea noizean behin arin-arin elkarrizketakideari hemen nago, hemen nago dioten begirakunak botatzen dizkiodan bitartean.
Gehienetan, minutu gutxi batzuen buruan, telebistak harrapatzen nau eta nolabaiteko hipnosian murgiltzen nau. Hortik aurrera, ze, joango gare beste batera? dioten hitz magikoek besterik ez naute salbatzen.
Neure burua ezagututa, larriagoak zaizkit mahai baten inguruan jateko ezartzen gareneko egoerak.
Jatetxeak
Halakoetan, telebista egotea eta, gainera, bolumena altu xamar edukitzeak gaindi ezineko oztopoak bilakatzen zaizkit.
Esandakoa, akaso ni naiz arazoa baina, halakoetan, jatetxearen tamainak, mahaien kokapenak edota tokatuko zaidan aulkiaren orientazioak konpontzen ez badu, zonbi bat bezala amaituko dut berehalaxe.
Hori baino lehen, nahiago izaten dut beste jatetxe bat aurkitzea.
Inoiz itaun izan diot kamareroari ia, mesedez, telebista amatatuko duen baina ezetz edukatua jaso aurretik ere (ordurako beti egoten da ukaziorako aitzakia ematen dion ni bezalakoren bat pantailara locktitez itsatsia) zerbitzariaren harridura aurpegiak lur jota utzi izan nau.
Lehengoan, irakurri nuen gero eta gehiago direla telebistak bere gain hartu dituen eremu publikoak eta AEBko kontu bat izango zela pentsatu nuen aurrena.
Hasiera besterik ez denean
Gero, taberna eta jatetxeez gain ia zenbat halako zenbatzen nituen hasi nintzen.
Eta, ez dira gutxi izan, hala jainkoa: garraio pulikoko geltokiak, supermerkatuak (promozio berezietarako bideoak eta telebista kanal arruntak ere), medikuen itxaron gelak, ileapaindegiak, notariak, kirol dendak, gimnasioak, hedabideetako erredakzioak, kotxe kontzesionarioak, publizitate agentziak, e.a.
Lehen, aldizkari bat edo kafetxo bat eskainiko zizuten tokian, gaur egun, telebista hargailu bat edukitzen dute, piztuta. Eta, teleagintea non demontre dagoen ez dizute esaten!
Ingelesez ambush television esaten diote itzaltzeko, kanalez aldatzeko edota bolumena ikuitzeko aukera eskaintzen ez duen horri.