Kanpinean izan naiz hamar bat egunez, justu Almeriako gizon horrek hil arteko jipoia jaso duen egunean ere. Egunkariak irakurtzen nituen arren, irratiz eta telebistaz emaniko bertsioak ez ditut jasotzerik izan. Aitortzen dut, beraz, akaso informazio partziala izango dudala.
Lehen aldiz berria entzun nuenetik egun batzuetara jakin dut, politikari, agintari eta Guardia Zibilen ordezkarien hitzetan gertatutakoaren inguruko bideo-grabazio bat ba omen dagoela.
Roquetas de Marreko gertaera lazgarrien ikus(-entzunezko) froga garrantzitsuena suertatzen ari da ditxosozko bideoa.
Azkenari dagokionez, bideoaren erabilieraz, gauza pare bat esan (galdetu) gura nituzke. Non eta nork erabakitzen du poliziek eginiko grabazioak publikoki zabaldu daitezkeen ala ez? Epaileek? Poliziek beraiek?
Tortura kasuak, Galdeano abizen bera eta estatu aparatuek hildako euskaldunaren oroimena eta bideoaren erabilera mahaigainean agertu zaizkigu, berriro ere, uda lehor honetan.
Izan ere, askotan ikusi izan ditugu, kanal desberdinetako albistegietan, poliziek hartutako eta editatutako irudiak (gutxiagotan soinuak). Atxiloketak, komisaldegiratzeak eta beste hainbat irudi pantailaratu izan dituzte beraien lana jakin arazteko eta, beti ere irudien interesgarritasunaren (notizigarritasunaren) aitzakian.
Almeriako kuartelean gertatutakoak ez ditugu ikusi, eta ez dut epe laburrean behintzat telebistaratuko dituztenik espero.
Komeni zaiena erakusten dute, bestelakoa ez. Baina, gauden tokian eta garaian gaudelarik, hori beroi, beraien kalterako argudioa gertatzen ari da. Torturaren kontra ari direnek duten frogarik garbiena hori suertatzen ari da: demostraezintasuna.
Gogoan dut Tesis filman, kamera baten aurrean, neskato hura hiltzen duteneko sekuentzia. Ikusten dena baino zirraragarriago da bideoak irudirik eta soinurik eskaintzen ez dituzteneko segundu luzeak. Hutsunearen, beraren, esangura ikaragarria da benetan.