665707070 eta kontrolak

Trafikoari buruzko informazioa ematen duten irratsaioak ugaritu egin dira hemengo emisoretan.

Radio Euskadi, goiko telefono zenbakia erabiliz jendearen deiak jasotzeko, trafiko gorabeheren informazioaz hornitzen da. Errepidez errepideko datu horiek, gero, orduroko albistegien ostean eta t’erdietan zabaltzen ditu.

Lehengo egunean, Guarda Zibilen kontrolek sortzen duten ilara batean nengoen Zornotza aldean, irratia entzuten, informazio hori emateko momentua heldu zenean. Euria ari zuen, gogor gainera.

Kontrola zioen seinalea ikusi nuenerako trafikoa geldituta zegoen.

Sei t’erdiak ziren.

Radio Euskadi nuen sintonizatuta eta orduan hasi zen errepideen berri emateko “Area de servicio” delako mikrosaioa.

60ra abiadura mugatzen duen seinalea urruti nuen.

Hura ez zen euria, hango ur jaza!

Basaurin errekak gain egin zuen euria zela-eta, Buñuelen trafiko istripu bat gertatu zelako kontuz gidatzeko gomendioa ematen zuten, Endarlazan sekulako kotxe lerroak sortu ziren furgoneta bat errepidetik atera eta gero, eguneroko kotxe pila zela-eta trafikoa moteldu zegoen Ugaldebieta eta Donostialdean… zioen irratiak.

Ni nengoeneko ataskuaz ezer ez.

Euriak ez zuen atsedenik hartzen
40a erakusten zuen seinalera heltzeko minutu asko pasa ziren.

Ia-ia, Area de servicio delakoaren beste edizio bat emititzen hasi behar zirenean heldu nintzen Guardia Zibilak aurrez aurre nitueneko tokira.

Kotxea geldituta neukan. Irratia eta limpiparabrisasa ziren mugitzen ziren bakarrak. Bueno, bihotza ere erritmo biziagoan nuen. Ez ditut gustuko egoera hauek.

Halako batean, berde ilunez (erropa buztiak areagotua) jantzitako uniformatua etorri zen neuregana. Eta haserre aurpegia bistan, keinu arraro bat eginez, makurtu egin zen.

Arnasa izoztu egin zitzaidan.

Segidan altxatu. Esku batean metraileta (ala dena delakoa) agerian zuen bezala, bestean kukurutxo laranja fosforito horietariko bat erakusten zuen. Kontrolaren kit-a jasotzen ari ziren. Bustita goitik behera.

Nire pozerako kontrola erretiratzen hasiak ziren.

Lasaitua hartu nuen.

Radio Euskadin musika entzuten zen.

Trafikoa arindu egin zen segidan. Kotxe asko ginen oraindik ere baina poliki eta frenoa ikutu gabeko gidariek osatzen zuten.

Hori bai, Radio Euskadiren bidez ez genuen jakin errepide hartan egon izandako erretentzioak, are gutxiago zergatik. Agian, ez zelako kontrola pasa zain geundenetatik inor ausartu telefonoa hartu eta Radio Euskadira deitzen.

Hurrengoan, trafikoa anormaldu egiten denean inork deitzen badu, jakin dezala, 665707070 telefonoa atenditzen dutenek ez direla euskaraz erantzuteko gai. Nik, hala ere, euskaraz hitzegin nien eta telefonoa moztu nuenean, seguru, kontrola pasatu eta gero egiten duzun arnas sakona eta lasaigarria egin zuela Area de serviciokoak.

Esan didatenez, Euskadi Irratiak ez ditu trafiko korrespontsal inprobisatu hauek erabiltzen, normalean. Hala ere, birritan aipatu dudan telefono zenbaki horretara deitzerakoan ematen duzun informazioaz baliatzen dira beraiek ere. Ez diet sinistu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude