Xabier Lapitzek Radio Euskadin gidatzen duen El Altavoz delako irratsaioan, goizeko 9etako albistegiaren aurretik eta ostean, tertulia izaten da.
Hiruzpalau pertsona ezagun eta jantziak lanegunero aritzen dira berriketan, titularretara heldu diren albisteen aitzakian.
Hizketarien arteko tentsio gorenera iritsi da gaur, nagusiki, nortasun kontuak medio.
Jarrera politiko eta sentsibilitate sozial desberdineko tertuliakideak pasatzen dira bertatik. Eta horrek, saioari nolabaiteko bizitasuna eta aniztasuna ematen diola uste dut nik.
Gaurko egunean, ostiraletan beraz, Rikardo Gatzagaetxeberria, Xose Manuel Barreiro, Carlos Coello eta Nekane Jurado aritzen dira tertulian.
Azken biak soka berekoak ez direla agerian gelditzen da ahoa zabaltzen hasten direnerako. Baina, gaurkoan bien arteko kimika falta agerian gelditu da.
Carlos Coello oso jantzia da hitzegiten, ahotsez eta argudioz. Autore eta pertsonaia ospetsuen aipu pila erabiltzen du bere alokuzioetan. Zorrotza. Gustatzen ez zaiona agerian uzten duen horietarikoa. Arroa sarritan.
Baina, esaldi berean bi filosofo, esaera zahar bat eta gertakizun bat sartzen badu ere, esaldia ondo borobiltzen du, ez da argudioaren adarretan zintzilikatuta geratzen. Esan nahi dituenak amaierara eramaten ditu.
Nekane Jurado hizkera errazeko pertsona da. Ahots fina eta arnasa hartzerakoan zarata egiten du. Politikagintzaren ikuspegi humanoa erakusten daki eta bere esperientzia eta ingurukoena erabiltzen du argudio eta lema gisa.
Entzuten daki.
Luzatu egiten da esaldiekin, baina apal-apal eta, sarritan, etxetik kanpo jokatzen duela jakin arren, esan behar dituenak esaten duenetarikoa da.
Gaur, bi estilo, bi jarduteko modu eta bien sentsibilitate kontrajarri horiek talka egin dute eta bataren zirikatze doktoa bestearen jardun lasaia etsai bilakatu dira.
Coellok beti goitik behera aritzen denez, bigarrena sutu du. Juradoren iritziak temati azaldu nahia lehena asaldatu du.
Azkenean, Nekane Juradok, eztabaiden atzetik egon izan den kimika eta nortasun kontrajarrien gaia atera du, ausart. Coellori zer gertatzen ote zaion galdetu dio, ia zergatik ez dion berba egiten uzten…
Tentsio handia izan da.
Argudioen kontrajarriak baino tertuliakideen nortasunak eraman ditu biak muturretara. Goizeko bederatziak jo dute eta bost bat minutuz gauzak hozteko aukera izan da.
Albistegitik itzuleran, bestelakoetan hain segurua izaten den Xabier Lapitz inguruak baretu nahian ibili da, trakets.
Kaixo Edorta,
Ederra kronika eta bi estiloen konparaketa! Ez zenuen lan txarra egingo Pedro Mari Goikoetxearen ondoan, Boxeo izarrak aurkezten.
Nik nahiago dut goizetan musika entzutea…
Ondo-ondo segi.
Kaixo Edorta:
Lehengoan Elgetan egon zineten blogarigaietako bat zinela uste dut. Bistaz Leioatik-edo ezaguna egiten zitzaidan bat. Zorionak zure bitakora abian jartzeagatik.
Eta zorionak baita ere egin dituzun Juradoren eta Coelloren deskribapenagatik. Gaurkoa ez dut entzun baina sarritan entzuten diet euren arteko pelikak.
Bat nator erabat zure deskribapenarekin eta imaginatzen dut nolakoa izan den. Coello hori pixkat pedantea eta “bere buruari entzutea” gustatzen zaien horietakoa iruditzen zait. Jurado, berriz, argudioak ematen ez hain abila baina zintzoa (kantsagarria egiten zait batzutan bere hitz egiteko tonoagatik agian). Juradok ahoa zabaldu orduko oldartzen zaio Coello hori bere aipu pedante horietako batekin eta benetan “repelentea” egiten zait, nagusitasun intelektuala argi utzi nahi hori”, bera librepentsalari ilustratua dela eta bere ondoan Nekane “batasuna-kabezikubo-ezjakina” dela uneoro nabarmendu nahia.
Gaurko ika-mika hasi orduko, irten behar izan dut automobiletik. Beraz, ez dut entzun zer etorri den gero. Baina orain pare bat astekoa entzun nuen, eta iruditu zitzaidan Coello pasatu egin zela, eta gupidagabe mindu zuela Nekane Jurado, aprobetxaturik hitz egiteko duen erraztasuna eta floritura. Ordukoa izan zen txartell gorria ateratzeko modukoa, baina arbitroak, Xabier Lapitzek alegia, ezikusiarena egin zuen.
Hizketalariek eztabaidatzea ondo dago, baina era horretako irain merkeak, Carlos Coellok egiten dituen bezalakoak, soberan daude.
Aupa Jabi, Joxe eta Edu.
Kuriosoa da zenbatetan han eta hemen, zu eta ni, bera eta gu ari garen aldi berean irratia entzuten eta gauza berberen aurrean aho zabalik gelditzen (sinkronia).
Ez ditugu gauza berberak entzuten (musika zalea naiz baina azken denboraldian berba egiten didan irratigintza dut gustukoago Edu!) (sintonia).
Eta, askotan, odola arindu, sutan jarri egiten zaigu entzuten ditugun astakeriekin (sintron).
Horregatik asmatu dut hitz berri bat: sintronia