Antzespena eta erregistroak

Egun beretsuetan Carol Woitylaren heriotzaren, txirrindulari lasterketaren eta hauteskunde kanpainaren gorabeherak gai modura hartuta irrati-telebistan programazio bereziak egon ziren.

Irudirik ez-eta, irratian, ahotsaren bidez ematen zaio indarra kontakizunari eta agerian gelditzen da irrati-mezuak norainokoa duen antzespen-maila. Eguneroko harremanetan ere, pentsatzen dugunaren eta esaten dugunaren arteko zubia pasatzerakoan artifizialtasuna dago.

Baina, lagunen arteko hizketaldietatik mikrofono bat erdian daukagunetara alde handia dago.

Eta, hor, eremu publikora salto egin eta geroko diskurtso horretan, hitzak, esaldiak eta tonuak neurtuagoak dira eta, maila horretan, fikziozkoagoak. Fikzio horrek normaldua den profesio-hizkera, lokuzio formak eta erregistroak errutinizatuak daukan arren.

Total, esan nahi dudana zera da: San Petri plazatik Arantzazura eta hortik mitin batera salto eginez esatarien hizketa-modua zeharo aldatzen dela.

Aldea sekulakoa da.

Batikanon, egunetan egon zen informazio falta medio, tonua pausatua zen, liturgia kriptikoaren parte bailitzan eta hildakoarenganako goraipamen eta laudorioz betea. Apologetikoa zeharo, baina subliminala aldi berean.

Arantzazun, oraingoan txirrindulari froga garrantzitsu bat bertan amaitzen zelako, giro-soinu barrakeroa eta esatariaren hizketaldi berborreikoa nahastu egiten ziren. Maldan gora ari ziren txirrindularien pedalkadekin identifikatu behar horrek entzulea takikardiarako zorian jartzen zuen, modu erakargarri eta freskoan baina.

Esatariak txirrindularia adina izerdituta amaitu zuela zalantzarik ez dut. Hain zen handia enpatia.

Gero, Eusko Jaurlaritzarako hauteskundeei buruzko informazioa/propaganda zetorren. “Propaganda” (legez, alderdi batzuen esku jartzen dena muxu truk) eta “Informazioa” (lehengo alderdi berdinei albistegietan oparitutako minutuak) etiketapean kokatzen zena kanpainak irauten zuen bitartean.

Tonu hotza, serioa, neutroa eta, atzetik, alderdi horiek esan nahi zutenaren transmisore hutsaren papera betez.

Hiru erregistro (kontzilioa, kirol-erretransmisioa eta eslogan politikoa) horien arteko zappinga benetan kuriosoa zen, barregarria ez esatearren. Artifizialtasuna hain zen handia hiru kasuetan!

Irratia entzuten nueneko kotxea aparkatzen ari nintzenean, politikoa kulotez jantzia eta lore sorta eta guzti podiumera igoten, Ratzinger kardinala mitinean lehendakari izan nahi zuela esaten eta mitraz apainduriko txirrindularia imaginatzearekin irripartsu nenbilen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude