Gaur egungo irrati-telebistagintzak ez du zerikusirik hasierakoarekin. Bi hedabide hauen mapa eta egiturari, eskaintzari eta kontsumoari begiratu bat eman eta zein aldatuta dauden ikus (/entzun) daiteke. Eta orain artekoa gutxi balitz, berriro ere, irrati eta telebista modura ezagutzen ditugun hedabideak metamorfosialdian sartuta daude.
Digitalizazioa, eskaintzaren biderketa eta kontsumo eta pertzepzio sozialean emaniko berrikuntzek aro berriaren atartean jarri gaituzte. Ez dakit izena aldatu beharko diegun baina, zalantza barik, izana eraldatua dute, zeharo.
Duela hamarkada pare bat, irratia eta telebista zer, non, nola eta zertarako ziren galderei edozeinek emaniko erantzunak eta gaur egungoen artean zerikusi gutxi dago. Lehen, paleotelebistagintza bataiatutakoaren elementu osagarrien artean zeuden:
- estatuak kudeatua era monopolikoan,
- zentralizatua, emisio-eremu zabalekoa,
- teknologia analogikoduna,
- populazio osoari zuzendua,
- doanekoa,
- orotariko programazioa.
Gaur egun, neotelebistagintzaren aroan, beste hauek ere aurkitu daitezke:
- pribatua,
- helburu komertzialekoa,
- digitala,
- emisio-eremu txikikoa,
- ordainpekoa,
- audientzia murritza bezain definitua,
- edukietan oso espezialdua.
Eta muturretara jota aurki daitezkeen bi tipologi horiez gain, beste mila daude eta guztiek mantendu dute izen bera: telebista. Agian horrek egiten du erakargarri, zertaz ari ginen esan orduko aldatua dela. Bizirik dagoenaren seinale (dabilen harriari…).