Testuingurua eta ikuspegia
ArrasatePress-ek eragindako loraldiak oparotasuna ekarri zuen toki komunikabideetan, bereziki paperean. 90eko hamarkadan 50 aldizkaritik gora sortu ziren beste hainbeste euskal herritan. Hamarkada amaieran Debagoieneko bederatzi herrietan bazeuden 7 aldizkari, 3 telebista eta 2 irrati; sendo samar batzuk, behar baino ahulago gehienak. Mehatxuak, aldiz, handiak ziren: alde batetik, Diario Vascok hamabostean behin euskarazko gehigarri bat argitaratzen zuen bailaran, eta gai ikusten genuen gure nagusitasuna arriskuan jartzeko; bestetik, Euskaltel bailara kableatzeko asmoz zebilen, eta beharrezko jotzen genuen gure telebistak ere eskaintza berri horretan sartzea.
1999an ekin genion bideari, Lizarra-Garaziko akordioak eragindako ilusioa bete-betean zegoela. Bi hamarkada lehenago arrakala sakona sortu zen euskal politikan, Espainiako trantsizioaren aurrean nola jokatu erabakitzeko orduan. Batzuk joko-zelai berria onetsi zuten eta jarduera instituzionalari eman zioten lehentasuna; besteek alderantziz, arbuiatu egin zuten sistema politiko eraberritua eta lehentasuna gizarte dinamiketan jarri. Arrakalaren bi aldeen artean etsaitasun petrala eraiki zen, lankidetza publiko-sozialerako aukerak oso urriak izan ziren urte luzez eta zubigintzan saiatzen ginanok egurra jasotzen genuen bi aldeetatik. Lizarra-Garazik lankidetzarako giroa ekarri zuen eta ilusioa berpiztu. Oso lagungarri izan zitzaigun.
Debagoieneko udaletan siglak orekan zeuden: 4 udalek zuten EAJko alkatea (Aramaio, Bergara, Elgeta eta Oñati) eta beste lauk Euskal Herritarrok koaliziokoa (Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate eta Eskoriatza). Bederatzigarrenean, Gatzagan, herri hautagaitza batek kudeatzen zuen Udala. Sinetsita nago oreka horrek ere mesede egin zigula: gure egitasmoak legitimazio sozial handia zeukan (euskara elkarteek 3.000 bazkide zuten bailaran) eta arriskutsua zen udalentzat haren kontra egitea, hegemonia politikoaren borroka hobetsita. Hala ere, EAJren baitan bi jarrera egon ziren: erabat alde izan genituen Aramaioko Udala eta Gipuzkoako Aldundia, eta uzkur aldiz Bergara, Elgeta eta Oñati. Lehen aipatu dudan arrakala politikoaren ondorioak ziren eta denboraren poderioz joan dira gainditzen.
Guk, ohi bezala, lankidetza publiko-soziala aldarrikatzen genuen. Debagoiena aitzindaria zen gizarte ekimena auto-eratzen, eta administrazioekiko harremana estutu eta finkatu beharra sentitzen genuen. Hau da kontu bat nire ekintzaile ibilbidean etengabe agertu dena: gobernantza partekatzeko beharra. Antolatu nahi genuen egitura juridikoak botere banaketa zehatz bat eskatzen zuen, euskara elkarte oso handiak nahiz oso txikiak eroso egoteko modukoa. Horrez gain, nik indar egin nuen bailarako udalak ere bazkide izan zitezen, proiektuaren sendotasuna eta gardentasuna areagotzeko. Ezohikoa zen orduan (eta oraindik ez da ohikoa) gizarte erakundeek eta administrazioek erabakiguneak partekatzea. Horregatik sortu zuen proposamenak harridura puntu bat, baina ez zuen luze iraun.
Bigarren mailako kooperatiban aurkitu genuen aukera moldagarriena eta ia urte bete behar izan genuen organoen osaketa partekatua lantzeko eta legeztatzeko. Azkenean euskara elkarteak geratu ziren bazkide nagusi, baina bai udalek eta baita langileek ere tokia zuten kooperatibaren Batzar Orokorrean zein Errektore Kontseiluan. Hogeitabost urte geroago egiturak balekoa izaten jarraitzen du Goienarentzat, eta bilakaera oso interesgarria izan du Badalab laborategiaren gobernantzan.
Gizarte ekimena eta erakundeen ahalmena lankidetzan behar ditugu, herri garapena erdietsiko badugu. Eta hori formula juridikoan bermatu behar dugu, posible izan dadin boterea banatzea, baliabideak partekatzea eta epe luzeko estrategiak blindatzea, uneko koiunturen edo kanpo interferentzien gainetik.
Azken kontu bat, gure ikuspegian zutabe zena: eskualdeka antolatzearena. Duela ia 50 urte Beasaingo klinikan (ikus atala) ikasi nuen Bretainia Handiko osasun sisteman muineko elementu zen ‘district hospital’ hura gurean ‘eskualdeko ospitalea’ izan zitekeela. Eta sasoi berean ezagutu nuen Debagoieneko Mankomunitate sortu berria, Bergarako Mazterrekan, Gillen Azkoagak kudeatuta. Hor bihurtu nintzen euskalde-zale konbentzitua.
Geroztik inguruan asko hedatu da zaletasun hori, baina penaz eskualde egituren garapena ez da neurri berekoa izan. Eta nik jarraitzen dut konbentzituta lurralde antolamendu eraginkorrena dela eskualdean oinarritzen dena, eskualdea izaki 50.000-100.000 tarteko biztanle multzoa, 15-20 km-ko erradioko esparruan, harreman ekonomiko eta funtzionalen sare minimoa duena. Debagoienak badu eskualde-egitura anbiziotsua proposatzen duen Lurraldearen Zatiko Plana (Gasteiz 2003), baina bi hamarkada geroago oso urrun jarraitzen dute han jarritako helburuek.
Eskualde-unitateak sendo antolatuta, lorgarriagoa da zerbitzu publikoen irismena antzekoa izatea hirian edo herri txikian, gizartearen kohesioa eta ekimena areagotzea, eta lurralde barneko aniztasuna orekaz kudeatzea.
Nire ustez, oraindik garaiz gaude eskualde egituretan oinarritutako lurralde antolamendua eraikitzeko, eta sendotasun politikoa ere emango nioke: Batzar Nagusietako ordezkariak eskualdeka aukeratuko lirateke, erakundean eskualdearen ordezkari izan daitezen eta eskualdean arduradun politiko. Proposamen hau ordezkari politikoei egin diedanean, berehala sentitu dut hautes-kalkulagailua martxan jartzen zela. Ba mereziko luke kalkulu zehatzak egitea, baina irudipena daukat oreka politikoak ez liratekeela asko aldatuko urrats honekin, eta aldiz jauzi galanta emango genukeela herrigintzan.
Goienara bueltan, kooperatiba sortzeko arrazoia izan zen komunikazioa euskaraz garatzea Debagoienean, eskualdearen garapen komunitarioaren mesedetan. Izenaren aukera intentzio osoz egin zen: artean Deba Garaia zena Debagoiena izango zela erabaki zuen Euskaltzaindiak, eta berehala heldu genion erronkari. Esango nuke Goiena Debagoienari egiten ari zaion ekarpena izenarekin berarekin hasi zela.
Ibilbidea
Arrasateko ARKO eta Bergarako JARDUN jarri ginen gurdiari tiraka. Bi proiektu garatuenak elkar hartuta abiatu genuen herri guztiontzat baliagarria izango zen prozesua, eta horrek sinesgarritasuna eman zigun lehen urratsetan. Argi geneukan herri guztiak nahi genituela partaide, eta herriz-herriko lan handia egin genuen hala gerta zedin; hori bai, azkenari itxoin gabe. Goienaren sorreran denbora asko eman genion adostasunak eraikitzeari, baina uneoro argi adierazita gehiengo esanguratsua prest zegoen momentuan aurrera egingo genuela, berantiarrei atea zabalik utzita.
Bateratze dinamiketan zalantza gehien dituenari informazioa eta animoa nahibeste eman behar zaio, baino beto eskubiderik ez.
Erronka handia zen bederatzi herriak ekimen bateratuan biltzea, lehen unetik jabetu ginen. Eta argi izan genuen halako erronka bati ezin zitzaiola erantzun ohiko lanak uzten zigun denbora librean, baliabide indartsuak jarri behar genituela arrakasta posible izan zedin. Hainbat ‘fitxaketa’ izan genituen mahai gainean, bakarren bat gauzatzeko zorian ere bai. Eta halako batean mahaikideak niri begira jarri ziren, esanaz ARKOren sorreran erakutsi nuen gaitasun bera behar zela Goiena sortzeko: “Heuk eingok hau ondo!”
Ohi bezala, kitzikagarria zitzaidan erronka, eta Fatimak ere ez zidan oztoporik jarri. Beste nonbaiten zegoen ordea katramila: Kutxan soldata ona neukan eta horrekin kontatuz sartu ginen Esteñibarren hipotekan. Horregatik esan nien lagunei: “Badakit lana doble egingo dudala, baina ezin dut gainera soldata erdiarekin egin” Eta adorea egon zen taldean Kutxako soldata berdintzeko, euskalgintzan ohikoa zenaren oso gainetik.
Erronka handiei aurre egiteko neurri bereko baliabideak jarri behar dira. Anbizioak ez du arrakasta ziurtatzen, baina apalegi jokatzeak berarekin du ezina.
Goienaren sorrera-prozesua idatzita dago. Gipuzkoako Foru Aldundiak hurbiletik jarraitu zuen eta, behin sorrera burututa, diru-laguntza berezi bat eman zigun egindako lana jasota uzteko. Eta eszedentziaren azken hilabeteak horretan eman nituen, kontaketa ahalik eta osoena eta zintzoena idazten. Goiena esperientzia eman genion izena dokumentuari. Bide batez esanda, Aldundiaren diru-laguntzak osorik estali zuen nire bi urteko soldata; beraz, Goienari azkenean debalde irten zitzaion nire lana. Ausardiak saria izan zuen kasu honetan.
Prozesuaren xehetasunak errepikatu gabe, kontu batzuk azpimarratu nahi ditut, ikasgai interesgarriak eman dituztelakoan.
Lehen kontua da nola kudeatu iraganeko motxilak, etorkizuna oztopatu ez dezaten. Herriz-herri mugitzen hasi nintzenean, zorrak eta minak agertu ziren hainbat tokitan. Arrasate eskualdeko ‘kapitala’ izaki, mesfidantza historikoa ere somatu nuen balizko ‘operazio zentralizatzaile’ baten aurrean. Herritik herrira bazeuden aldeak, eta hori lotzen dut nagusiki bakoitzean aurkitu nituen pertsonen izaerarekin. Eraldaketak aurrera eramateko ezinbestekoak dira ilusioz, militantziaz eta irekitasunez mugitzen diren pertsonak; komeni da eszeptiko edo zuhurren bat, kontrapuntoa jartzeko; eta soberan daude zaputzak edo ezkor konbentzituak, horiek traba besterik ez dute egiten.
Eraldaketa prozesuetan erabakigarriak dira pertsonak; funtsezkoa da jarrera konbergentea dutenen nukleoa indartzea, prozesua zapuztu dezaketenak indargabetzeko eta erakartzeko.
Horrekin batera, argi neukan Goiena ez zetorrela Debagoieneko gatazka historikoak konpontzera eta ez zegokidala neuri lokatz horietan sartzea. Entzun egiten nituen esandakoak, baina haien analisian katramilatu gabe, etorkizuneko ikuspegian jartzen nuen azpimarra, elkarrekin egin genezakeen eta egin behar genuen horretan.
Iraganaren ikuspegi partekatua baino errazago eraikitzen da etorkizuneko egitasmo bateratu bat, eta askozaz eraginkorragoa da aurrera egiteko. Elkarrekin aurrera egin ahala, gero eta posibleago bihurtzen da iragana elkarrekin aztertzea.
Bigarren puntua aipatu nahi dudana da antizipazioarena. Bateratze prozesuak trakzioa behar du; gurdiari tira egin behar zaio, bultza egitea ez da nahikoa. Liberatu bakarra nintzela baliatu nuen azkar ibiltzeko eta aurrea hartzeko: gaiak jorratu eta proposamenak idatzi, askotariko harremanak egin, aukera berriak esploratu… Eta maiz-maiz egindakoaren berri eman taldeari, gardentasunez.
Kolektibo baten prozesu eraldatzaileak trakzioa behar du, gidaritza aktiboa eta gardena, aurrera egiteko konfiantza eta adostasuna eraikitzen lagunduko duena.
Bi urte eman nituen Goiena sortzen, Kutxan eszedentzia hartuta. Denbora horretan jarri ziren egungoaren oinarriak: egitura juridikoa, lantaldearen muina, egitasmoaren ildo nagusiak… Bederatzi herrietako elkarte, udal, komunikabideetako langile eta beste hainbat eragileren arteko koalizio handia han hasi zen. Eta, harrigarria bezain harrotzekoa, hori guztia egin genuen adostasunez; hau da, BOZKETA BAKAR BAT ERE BEHAR IZAN GABE.
Niretzat giza abentura erraldoia izan zen Goienaren sorrera.
