Egilearen artxiboa: naroa

Zarzuelaren zergatiaz

(Eguneko bigarren mezua, badakit. Ez da errepikatuko, lasai)

Batzuetan zalantzan jartzen dut zergatik egiten dudan zarzuela.

16 urterekin hasi nuen abentura, irakasten ahalegintzen zen kantu irakasleak La Tabernera del Puerto obra ederrean papel garrantzitsu xamarra eskaini zidanean. Obra ederra da, geurea delako, euskal doinuez eta doinu ederrez blai dagoena. Eta urte hartan deskubritu nuen antzerkia. Antzezle frustratua bihurtzen hasi nintzen urte hartan (idazle frustratuari batu zaiona). Deskubritzen hasi nintzen antzerkiak garapen pertsonalean ematen zidan guztia. Deskubritu nuen neure buruarekiko seguruago sentitzen nintzela. Deskubritu nuen… eta deskubritzen jarraitzen dut.

Eta hori bihurtu zen zarzuela, garapen pertsonal-artistikorako tresna eta jolas.

Zer iruditzen zaidan zarzuela? Ba genero “erraza”, antzerki eta opera bitarteko zerbait. Biak gustuko ditudanez, ba generoa bera gustuko izan beharko nuke. Arazoa da, baina, zarzuelako obrak ez direla oso “gureak”. Horrez gain, argumentuak atzerakoiak dira orokorrean, eta batzuetan musika da libratzen den bakarra. Arrazoi pisutsuak zarzuela ez egiteko. Hala ere, zarzuelaren bueltan dozenaka lagun biltzen dira, ideologia ezberdinekoak, benetan aberasgarria. Eta herriak 2.000 sarreratik gora erosiz eskertzen du urteroko ahalegina. Herrigintza ere bada, neurri batean.

Tresna eta jolasa izatea, herrigintza eta herriaren esker ona alde batetik, eta oinarri duen kultura eredua eta bultzatzen dituen balioak bestetik. Faktore askok jartzen dute jokoan balantzaren oreka.

Bloga, idazle frustratuaren soluzioa

Txikitatik gustatu izan zait idaztea. Ikastolan nenbilenean gustura betetzen nituen etxeko lan horiek. Beno, idazteko gairen bat bururatzen zitzaidanean behintzat. Izan ere, pelutxeen izenak adibide, imajinazioa ez da espreski neure indarguneetako bat. Lagun bati entzuna diot guztiok garela sortzaileak, baina mugak jartzen dizkiogula geure buruari. Zeinek daki.

Sarri entzun izan dut blogak tresnak direla, helburuak lortzeko edo lortu bidean eragiteko erremintak. Badira euskarazko edukiak sortzeko (eta beraz interneten euskararen presentzia biderkatzeko), badira hainbat gai lantzeko eta masa kritikoa sortzeko, badira sareak eraikitzeko (kaixo bakalhautar eta blogsovietarrok), noizbehinka (ez oso sarri) badira sentimenduak eta minak plazaratu eta arintzeko, eta, beno, marketinerako ere badira blogak.

Horiez guztiez gain, neuretzako idazle izaera frustratuari irtenbidea topatzeko modua ere bada bloga. Papelean inork argitaratuko ez lituzkeen arinkeria eta sasi-sakonkeriak plazaratzeko modua. Hala ere, badaukat noizbehinka bloga eguneroko moduan erabiltzeko tentazioa, kandadurik gabeko eguneroko gisa. Inork irakurriko ez lituzkeen horiek, edo inork irakurtzea nahiko ez nukeen horiek, edo… gutxi batzuek irakurtzea nahiko nukeen mezu horiek idazteko. Aurrerago, zeinek daki.

Madrilgo Retiroan orain dela hilabete batzuk topatutakoa. Idazle frustratuen beste tresna bat, akaso

Madrilgo Retiroan orain dela hilabete batzuk topatutakoa. Idazle frustratuen beste tresna bat, akaso


Pelutxeak eta ni

Ez diet sekula pelutxeei izenik jarri. Ez dakit nire imajinazioa oso mugatua delako edota zentzurik topatu ez diodalako. Izan ere, izena emanda ere, zertarako balioko zuen? Deituz gero ez lidakete kasurik egingo, eta alferrikako lanak ez ditugu hartuko ba!

Atzera begiratu, eta gogoan dut izeba Kaximiraren etxera Gabonetan, urtero-urtero, pelutxe bat ekartzen zidala Olentzerok. Batzuei aterkiak (urtero-urtero), eta neuri pelutxeak. Horietako batek, hartz zuriak, txapelean TOM idatzita zuen, eta beno, berak bakarrik lortu zuen izena izatea. Zorionekoa Tom!

Olentzeroko garaiak pasata ere, pilatzen joan zaizkit pelutxeak. Hartzak, txakurrak, untxia, Eskoziako behia, asto elegante bat… Eta despistatuta dauzkadan beste batzuk. Ia konturatu gabe bizitzako fase bakoitzean, edo gehienetan, kolekzioa handitzen joan da. Hala ere, aitortuko dizuet erositakoak gutxi direla, bakanen bat baldin badago.

Azkena, Edinburgora (badira 6 urte!) lehengusinak ekarritako txakur goxo bat. Izenik ez duen txakur honek, azken urteotako fase aldaketa guztiak bizi izan ditu. Edinburgh utzi eta Arrasatera bueltatu nintzenekoa, gurasoen etxetik alokairukora joan nintzenekoa, langabezian gelditu eta Donostiara tarte baterako joan nintzenekoa eta, beno, Arrasatera itzuli nintzenekoa.

Erronka profesional eta pertsonalen aurrean, pelutxe berri bati lekua egiteko unea heldu delakoan nago. Kontziente izanda fase aldaketa batzuek behar dituztela halako gauzak edo elementuak zailtasunei aurre egiteko.

Beste pelutxe bat etxera… eta blogera. Hori bai, blogekoak baditu errudunak: albondiga hotzak eta zakur zaunkak, besteak beste. ;-)

“Asier ETA biok” dokumentalaz

Atzo “Asier ETA biok” ikusi nuen. Ausarta iruditu zitzaidan, lotsaz (edo beldurrez, zeinek daki) azaleratu ez ditugun zalantzak planteatzen dituelako, besteak beste. Zentzu horretan, Aitor Merino naturaltasunez, zintzo, mintzatzen zela iruditu zitzaidan. Eta miresgarria iruditu zitzaidan. Miresgarria, sarriegi ixiltzeko joera hartu dugulako, alde batean edo bestean izanda. Aldeek, zoritxarrez, oraindik ere zentzua duten gure herrian.

Hala ere, sinetsi nahi dut “nirekin edo nire aurka” diskursoa alde batera uzten ari garela pixkanaka. Batzuk beste batzuk baino indartsuago, beharbada. Ziur naiz ostiralekoak, baita dokumentalak ere (bakoitzak bere neurrian), bide onetik goazela erakusten digula. Aurrera bolie!

Lehen sektoreaz bi hitz

Aitortuko dizuet ez dudala sekula lotura sendorik izan lehen sektorearekiko. Gogoan dut orain dela bi urte-edo, Garagartzako ortura joan eta Teo Guggenheim-en bezala sentitu nintzela atxur, uraza eta tomate artean. Zeinek esango zidan hain gertutik biziko nuela lehen sektorea egunerokoan.

Ereindajan proiektu estrategikoa eraikitzen laguntzen nabil Bagararen eskutik orain. Neure ezjakintasunetik, harrituta (eta pozik) ikusten ari naiz zer nolako kontzientzia eta mugimendua dagoen lehen sektorearen eta kontsumo ereduaren eraldaketaren inguruan. Bidazi, Landare, Alkartasuna Kooperatiba, Urola Kostako lagunak (Leire, Leire eta Izaskun)… eta Ereindajan bera. Ilusioz eraldaketa sozioekonomikoa lehen sektorearen eskutik ere etorriko dela sinesten duten asko dira. Badago ilusioa, grina, kontsumoa eraldatzeko.

Porlanez eta plastikoz osatutako industriaren gainbeheran, badirudi lurrak berreskuratu eta lehen sektore (agroekologiko) indartsua garatzea dela alternatibetako bat. Euskal ekonomiaren oinarrietako bat lehen sektorea izatea lortu eta eraldaketa sozial integrala bultzatuz.

Euskal ekonomiaz

Euskal ekonomiaren inguruan bi hitzaldi izan ditugu azken astean Arrasaten: Debagoienako Gure Esku Dago taldeek antolatutakoa lehena, eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna lantzen ari den taldearena bigarrena. Luxuzko gonbidatuak izan ditugu bietan ere: Adrian Zelaia, Joseba Barandiaran eta Oskar Arantzabal batetik, eta Nekane Jurado bestetik.

Biak euskal ekonomiari buruzkoak izanda ere, oso sentsazio ezberdinarekin irten naiz bietatik. Lehenengo hitzaldian iruditzen zait muinera ez zirela joan. Esan nahi dut, krisiaren aurrean tresna propioak izateak nola lagunduko zuen aipatu zuten, baita ekonomia txikien gaitasuna ere, besteak beste. Ez zuten erantzun nahi izan, berriz, euskal ekonomiaren etorkizunari buruz. Zer nolako ekonomia nahi dugun, zeintzuk diren eredu ekonomikoaren akatsak, erroak eta alternatibak. Nekane Juradok, berriz, zezenari adarretatik heldu diola uste dut (barka espresioa ezegokia edo dena delakoa bada), gai hori zentrala ez zen arren. Egungo eredu ekonomikoaren analisia egin ondoren alternatibez hitz egin digu, deskribapen hutsetatik harago. Ekonomia intsumiso bati buruz hitz egin digu, alternatibak eraikitzen joateari buruz. Independentziaren zain ezin garela gelditu, eta “ekonomia paraleloa” eraikitzen joan behar dugula. Eredu ekonomiko zapaltzaile eta desorekatuari aurre egingo diona.

Bat egiten dut Nekanerekin. Uste dut ezin dela, lehenengo hitzaldian hala esan arren, independentzia lortu arte itxaron, eta gero joan erabakitzen zer nolako Euskal Herria nahi dugun. Irudikatzen eta lantzen joan behar dugu komunitarioa beharko lukeen eredu ekonomikoa, demokrazia ekonomikoan oinarritutakoa eta jendartearen ongizatea ziurtatuko duena. Bestela, Espainia-Frantziaren menpe egonda edo egon gabe, langileriaren eta gizartearen egoera tamalgarriarekin jarraituko dugu. BBVA edo Koop 57/Fiare, Iberdrola edo Goiener, eta beste hamaika hautu egiteko ordua da.

Debagoienaz eta teknologiaz

Bakalhau-Blogsoviet biltzarra egin genuen orain dela aste batzuk, Zarauzko Putzuzulo elkartean. Beti bezala, lagunen konpainiaz gozatu (Unai, Gorka, Beñat, Imanol, Artsuaga eta abar luze bat) eta eraldaketa sozialaren bidean dauzkagun erronka eta egitasmoak elkarbanatu genituen. Zibergara-Mokolokom-eko lagunak ere bertan izan ziren, Mikel eta Damian, Bergaran martxan jarri dituzten egitasmoen berri emateko.

Inbidiaz entzun nien zertan ari diren. Sarri aldarrikatzen dugu teknologiak gizartean duen garrantzia, eta Blogsovieten gisara, Bergaran lortu dute jendartea batzea. Eta niri Debagoienako subjektua etorri zitzaidan burura. Bailarak indarrak batzeko duen gaitasunaz.

Arrasate Press eta Arrasate Telebistatik Goiena-ra egin genuen salto, baina egia da bailara egituratzeko tresna bakarrarekin ez dugula nahiko. Tobera ere hor dugu, Bagararen eskutik. Gure Esku Dagon ere bailara mailako sinergiek duten efektu biderkatzailea argi gelditu da. Zeinek daki, beharbada euskalgintzak ere planteatuko du etorkizunean batzea.

Teknologiara itzulita, iruditzen zait bultzatu beharko genukeela Debagoiena mailako egituratzea. Indarrak biderkatzea lortuko genuke. Bagararen eskutik edota nodoak sarekatuz (MU ere hor daukagu!) teknologiari astindu bat emango genioke, Debagoienako subjektua ere, bide batez, indartuz.

2013ari begiratua

Abenduaren 31. da gaurkoa.

Urte amaierak ez dira benetako inflexio puntuak, nik behintzat ez ditut hala sentitzen. “Urte berria bizi berria” sinesmenak ez al du sineskeriatik gehiago? Hala ere, ilusio tankerako bat sortzen du urte berriarekin gogokoak izan ez ditugunak atzean utziko ditugula pentsatzeak. Ilusio baino, esperantza.

2013ak une ederrak, gogorrak, goxoak, mingarriak, denetik izan du. Antzerki eta farandulatik dexente (La Tabernera del Puerto, Debagoienako 2. Toberaren ondorengoak, Berriaren aldeko “minitobera” eta Azokako jaian egindako kontsumismoaren ingurukoa, 3. Tobera, eta antzerki dosi masiboak); ahantzi gabe antzerkiak berak emandako garapen pertsonala, artistikoaz gain. Arazo orotik abstraitu, eta transformazio pertsonalean murgiltzeko aukera ederra.

Fase aldaketez ere asko izan du 2013ak. Fase aldaketa profesionalak, batez ere. Eta azken fase aldaketa, ekainekoa ez bezala, berri ederra. Lankide ohiren batek edo beste esan zidan bezala, berri txarrak diruditenak batzuetan ez dira hain txarrak izaten, bide berriak deskubritzeko aukera ematen baitute. Kasu honetan, proiektu ilusionagarri batean murgiltzeko aukera, eraldaketa sozioekonomikoa helburu duen proiektuan. Ereindajan.

Eta halaxe amaituko da 2013a, farandulan eta lanean murgilduta.

Urte amaiera ederra eta hasiera bikaina izan dezazuela, familia, lagun, ezagun eta ezezagunok.

Blogen erabilgarritasunaz

Blogak. Iritzi pertsonalak plazaratzeko leku hori. Hausnarketa eta elkarrekintzarako txokoak. Euskarazko edukiak sortzeko eta geure hizkuntzaren presentzia handitzeko tresnak. Izan litezke literaturari, ekonomiari, eraldaketa sozialari, kulturari orokorrean, teknologia berriei edota modari buruzkoak, esaterako.

Baina bada halako muga bat blog pertsonaletan, pertsonal izatea mugatzen dutenak. Ez da ohikoa ezinegon, tristura, min edota zorion pertsonalak plazaratzea. Horregatik, Imanolek azken asteotan zabaldutako mezuei aipamen egin nahi nien txoko honetan. Malkoak sorrarazi dizkigulako, euskal blogosfera hunkitu duelako, eta “atsegin dut”/bertxio eta abarrak barne-barnetik aterarazi dituelako. Eskerrik asko zuri, beraz, sarea erabili eta guztioi azken asteotako atsekabea hain modu goxo, eder eta gordinean zabaltzeagatik.

 

Aurre-erretiroak FEEn… eta MONDRAGONen

Badira egun batzuk Zigor Ezpeletak (MONDRAGONeko kide) Euskadi Irratiko Faktoria saioan hitz egin zuena. Gestio sozialeko arloan ari denez gero (izen zehatza jakin ez dakidan arren), Fagor Etxetresna Elektrikotako bazkide “soberakinei” eskaini ahal zaien irtenbideari buruz aritu zen batez ere. Enplegua bere elkarrizketaren zentru bihurtuta.

Birkokapenak aipatzerako orduan, galdetu zioten ea behin-behineko langileen konturakoak izango ziren. Berak baietz, baina ez kasu guztietan. Gaineratu zuen aurre-erretiro “asko” izango zirela, baina ez soilik FEEn, baita MONDRAGONeko kooperatibetan ere. Benetan deigarria egin zitzaidan. Beste kooperatibetan aurre-erretiroak bultzatzeak zer suposa dezakeen? Ba 60-61 urteko langile “batzuk” uste (eta nahi?) baino lehenago erretiratu beharko direla; baliteke 58 urtetik aurrerakoak aurre-erretiratu behar izatea ere. Izan ere, Enplegua Laguntzeko prestazioak 58 urtetik gorako bazkide-mutualisten aurre-erretiroak finantzatzeko aukera ematen du. Ez hori bakarrik, 2010 inguruan, egungo egoera aurreikusiz-edo, aurre-erretirorako adina 55 urtera jaitsi zen, ezohiko egoeretarako (egungoa kasu).

Aurre-erretiroak beste kooperatibetara zabaltzeak, berriz, ez zuen komunikabideen arretarik piztu. Mugatu ziren esatera behin-behineko eta behin betiko birkokapenak izango direla, behar puntualak estaltzeko, batzuetan. Ez zitzaidan informazio esanguratsuegia iruditu halako titularrak izateko. Beharbada askoz inpaktanteagoa litzateke esatea beste kooperatibetako 55/58/60/61 urteko bazkideei eragingo diela. Ikaragarria izan daiteke eragina. Ebentualei mesede egingo diena gainera.