Beti ezagutu izan ditut Bardeak lehor-lehorrak, lur kolorea nagusi. Oraingo honetan, ostera, oso bestelakoak ikusi ditut: ur putzuak, lokatza, apoa, loreak edonon, eta kolorez beteak. Udaberria ageri-agerian.
Etiketaren artxiboa: euskalherriapaisvascobasquecountry
Puttarri aldera… Urbitarte sagardotegia
Duela urte bete inguru ezagutu genuen elkar Iraleko ikastaroan, ezagutu baino, ezagutzeko bidean esan beharko. Hauxe dugu hirugarren elkarraldia; sintaxiatik, mugagabetik pasatu barik, sintoniara pasatu gara, eta, oraingoan, Sarasolaren “Zehazki” hiztegiari kontsultarik egin gabe, gainera. Eta ez da azkena izango!
Guztira 13 gara, baina gure helburuekin bat egiten duen jende gehiago ere badago.
Hauxe da PUTTARRI taldearen organigrama:
PUTTARRI
Azpitaldeak:
Fandango
Harrera
Jarrera
Arre-arre mandoko
GuGeu…
Eta beste batzuk ere espero ditugu.
Hurrengo irteera GuGeu azpitaldearen esku geratzen da.
Oraingo honetan falta izan direnei; belarrietatik tira, asistentzia-parte hartzearen arduradunaren, Anttonen, hitzetan.
Bi kide jaitsiko ditugu, dagoeneko, kategoriaz, ganoraz erantzuten ez dietelako hartutako konpremezuei. “Berdel eguna” pasata dugu eta ez dute ezer ere antolatu!
URBITARTE sagardotegia. MAMARIGAKO taldea
Mamariga Santurtziko auzo bat da, nortasun handikoa. Sagardotegian ari ziren bazkaltzen, gure antzera, baina eurak bertsolaria eta guzti. Txotx egitera joaten zirenean, geuk ere gauza bera, euren atzetik, hola, bertsoak entzuteko aukera genuen eta. Eta bertsolaria nor? Oriotar bat, Eusebio Lasarte.
Galdetu nienean ea nolatan hemendik; hauxe erantzuna: “Bizitza ari gara ospatzen”.
Sufragistak
Urrian, Ondarroan nengoela, sufragistekin egin nuen topo. Kalera irten ziren emakumeon boto-eskubidearen urteurrena gogorarazteko. Ekitaldia udalaren Emakumearen batzordeak eta Helduen Antzerki Taldeak antolatu zuten.
Emakumeen boto eskubidearen 75. urteurrena
Gaur eta hemen emakumeok normaltasun osoz disfrutatzen dugun boto eskubidea, sufragisten borrokari esker lortu dugu mendebaldean.
Sufragismoa XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran Estatu Batuetan eta Europan lortu zen. Emakume haien boto eskubidearen alde egiteaz gain, emakumeen ikasteko eskubidea aldarrikatu zuten, edota Estatu Batuetan esklabutzaren aurka borrokatu zuten.
Sufragistek emakumeon boto-eskubidea lortzeko, kartzela, isunak, gose greba… jasan zituzten eta batzuek bizia galdu zuten.
Hemen 1931ko urriaren 1ean lortu zen emakumeon boto eskubidea.
75 urte hauetan aurrerapauso handiak eman baditugu ere, oraindik gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna lortzeko gauza asko aldatu behar dira: emakume gehiago behar ditugu postu erabakiorretan, korrespontsabilitatea, sexu diskriminazioa lan merkatuan, emakumeen kontrako indarkeria…
Denoi dagokigu berdintasunean eta errepestuan oinarritutako jendartea eraikitzea.
Ondarroako Udal Emakume Batzordea
Choucrouta
Duela hamabi bat urte hasi ginen Choucrouta eguna ospatzen. Elkar ezagutzen dugu gure seme-alabak haurtzaindegian hasi zirenetik, hau da, duela 19-20 urte. Gero, Toki Alai ikastetxean jarraitu zuten ikasten eta gure harremanak ere jarraitu zuen.
Hasiera baten, gure etxean elkartzen ginen, orain elkartean, taldea handitu eginda eta. Zuk badakizu familiaren parte bat euskalduna dudana eta bestea alsaziarra, horregatik gorde nahi ditut ohitura horiek. Baina hau ez da egiten dugun ospakizun bakarra, urte sasoi bakoitzean bat, udan izan ezik. Udan atsedena hartzen dugu, horrela gogo handiz hartzen dugu udazkenekoa, desiatzen egoten gara! Udazkenean babarrun jana, neguan choucrouta eta udaberrian menestra.
-Toulousen bizi izandu nintzenean, behin baino gehiagotan jan nuen choucrouta, baina ez zitzaidan bat ere gustatzen! Usain sarkorra, desatsegina, zapore garratza… ez nuen maite.
Choucroutaren oinarria da aza ondua, fermentatua, eta fermentazio puntua bilatu behar zaio. Prestatzen hasi baino lehen, uretan beratzen laga behar da, azari zapore garratz hori kentzeko, eta egosteko orduan, ardo zuritan egosi; horretarako ardo egokia Edelwicker da. Bestelako osagaiak hauexek dira: Saltxitxak, hiru mota: morto, saltxitxa ketua (saucisse fumée) eta Strasbourg saltxitxa.
Beste osagai bat txerriki freskoa, erdi gazitua. Haragi mota hau oso arrunta da bestea aldean. Txerri-gantza ere beharrezkoa da, Saindoux, eta usain eta zapore gozo hori emateko ipuru-baiak –baies de genièvre– erabiltzen ditut.
Choucroutarekin ez da ogirik jaten, patata de gure ogia. Gure aitona zenak hauxe esaten zuen beti: “La patate c’est le pain de la choucroute”. Eta alde honetan Arabako patatak izena, fama duen moduan, beste aldean “la ratte du Touquet” da ona.
-Ogia ez da beharrezkoa, baina ardoa…
Ardoa bai, jakina, eta hiru mota, gainera! (Barre-algarak sanoak eta kutsagarriak egin ditu). Denak zuriak, Rhin eskualdeko ardo zuriak. Alsazian ardoek mahatsondo-enborraren izena hartzen dute. Hemen edaten dugu, esate baterako, Errioxako ardoa, eta ardoak dastatzean esaten dugu: Remelluri bat edan dugu, edo Jilaba, edo Viña Ardanza. Ez da esaten: Tempranillo bat, edo Graciano bat… Badakigu zer upelategi den, baina gehienetan ez dakigu zer mahatsondo-enbor den.
Nire ardoak Alsaziatik bertatik datoz; mahatsondo-enborra Riesling da eta upelategia Paul Buecher, Wettolshein herria.
Gaur aperitifarekin Pinot Gris, Riesling baino sikuagoa, lehorragoa da, horregatik hartzen da aperitifarekin. Honen gainean gauzatxo bat nahi dizut kontatu. Lehen ardo honen izena “Tokay Pinot Gris” zen. Bruxelasen kendu egin zieten alsaziarrei ardo-etiketetan Tokay izena jartzeko eskubidea. Zer arrazoi eman zuten? Uste dute Tokay mahatsondo-enborra hungariar jatorria duela, eta horrexegatik Alsaziako ardoek ezin dute etiketan hori jarri, bakarrik Pinot Gris.
Choucroutarekin edateko ardo egokia, benetako ardoa, Riesling da. Postrearekin hartzeko, aldiz, Gewurztraminer. Alsazian postre tipikoa izaten da fruta-tartak, aran mota asko dute eta; oso ospetsua da mirabelle eta quetsche, “tarte aux quetsches”.
Tradizio handia dago Alsazian ardoa egiteko, baina “pattarra” ere bai, eta upelategi bakoitzak berea egiten du: mirabelle pattarra, udare patarra –Williams udarea–, aparta!
Frantsesez badago hitz bat aipatu nahi nukeena duen esanahiagatik: la ripaille (1579). Se ripailler: on boit, on rit, on chante, on ripaille; Victor Hugok ere erabiltzen zuen.
Eta guk ere gauza bera bilatzen dugu: lagun onekin, neguko bazkari goxo baten inguruan: edan, barre egin, abestu… la ripaille!
Alde Zaharra bizirik! CM Estudioa
CM estudioa
Estudio hau udalak eskatu zuen pintoreek erabil dezaten erakusketak egiteko; momentu honetan hemen gaudenok, taldea osatzen dugunok, denak, emakumeak gara. Barruko aldea, pintore gazte batek, Aiertek, erabiltzen du estudio bezala.
Baldintza da jendearentzat zabalik egotea; udaran eta Aste Santuetan egunero, astelehenetan izan ezik, eta urtean zehar asteburuetan.
Faltan somatzen dugu komertzioa, artisau mota guztiak eta kultura gehiago. Turismo bulegoan Alde Zaharraren gainean ematen duten informazioa oso eskasa da, ez dago behar bezala adierazita, ez eta herrian zer ikus daitekeen, zer egin daitekeen…, apenas dago informaziorik; kultur eskaintza ere gutxi dago. Artisau gehiago izanez gero hemen, ideia ona litzakete ibilaldia antolatzea artisauak lanean ikusteko estudioetan, beste herri batzuetan egiten duten bezala.
Eta kafetegiak direla eta… 11:30ean ireki du lehendabizikoak, Paradoreak; besteak, denak itxita.
Turismorako erakargarri bezala saltzen dute hau, baina oso hila dago. Jendea ikusten da hemen mezatatik irteten denean.
Aiert
“Stabat mater dolorosa
Juxta crucem lacrymossa,
Dum pendebat filius.” (Dvôrak, Stabat Mater)4
Estudiora sartu, eta hau da entzun dudana. Lanean diharduen bitartean, musika klasikoa jartzen du Aiertek. Udalak pintoreei lagatako estudio honetan egiten du lan.
Puntuz puntu osatutako irudiak pintatzen ditu. Asuango presa egiteko, tenplua desmuntatu, beste leku batera eraman, eta, han, harriz harri berregin zuten. Hori da erabili duen adibidea niri azaltzeko nola egiten dituen koadroak.