-Alde Zaharrean bizi direnek kexa asko adierazi dute: Asteburuetako zarata, urte osoko OTAren kontu hori… Zuen iritzia ere ezagutu nahi nuke.
Zarata
Alde Zaharrean dauden arazoak ez dira asteburukoak, zehaztu egin behar da hori, arazoak dira ostiral eta larunbat gauekoak. Arazoak sortzen dira, batez ere, taberna-pub hauen inguruan: Etxeberria, Muara eta Car-Ma. Tabernek, kafetegiek eurek ez dituzte sortzen, lokaletik, berandu, goizaldeko hiruretan edo lauretan kalera irteten direnek sortzen dituzte, bezeroek. Apezpiku plazan izaten dira, kale Nagusian eta Muara elkarteko kale horretan, kaleak estuak dira eta gauean, bada, askoz gehio entzuten da.
Esan behar dizut Alde Zaharreko jendea oso ondo ohituta egon dela orain arte, Portuan aspaldidanik ezagutzen ditugu arazo horiek. Portuan edo Alde Zaharrean bizitzeak dakartzan “pribilegioak” dira horiek, gauza batek bestea ere badakarrelako, hau da: giroa, jendea, mugimendua, autoak…
Bide publikoan jendeak ezer txarrik egiten ez badu guk ezin dugu ezer egin, eta hitz egiten egotea… ez da ezer txarrik. Orain, hori bai, inor harrapatuz gero, zerbait apurtzen-edo… isuna jartzen diogu.
-Nahiko udaltzain al zaudete?
23-25 bat. Aste Santuetatik aurrera gehio hartzen ditugu. Eusko Jaurlaritzaren arabera, Barne-sailaren arabera, udaltzain bat mila biztanleko behar da; hemen 1’4 izango gara, Irunen ere bai, antzera.
Aparkalekuak
–Asteburuetan eta gauean, arazoak pubengatik daude, eta egunez aparkalekuengatik. Apezpiku plazan bizi direnek ez dute aparkatzeko eskubiderik, baina hoteletako bezeroek bai; auzotar batzuek baimen berezia dute eta beste batzuek ez. Nola da hori?
Bertan bizi diren guztiek ezin dute aparkatu, hala da. Baimen berezia behar da bertan aparkatzeko, “minusbaliaren” bat izan behar da, ezindua izan behar da, edo oso zaharra.
-Zu eta biok baino gazteagoak diren batzuk ezagutzen ditut, osasunez primeran daude… eta baimena dute!
Gai irristakorra da. Onartu behar dizut arazo handia dela hau; baimen asko eman dituzte Gizarte Zerbitzuen sailean, auzotarrek presionatuta. Zer gertatzen da orain? Bada, “trumoien kutxa” zabaldu dela eta mementu honetan plazak baino baimen gehio dagoela, eta oso zaila da atzera egitea. Zein ausartuko da beste batek emandako baimena kentzera?
Beste aldetik, hotelak ditugu. Hotelak dira herrirako zerbitzua, eta gauzak antolatu egin behar dira zerbitzu horien beharrei erantzuteko. “Obispo” hoteleko bezeroek laga dezakete autoa hotelak berak parking pribatua duelako sei autorentzat.
-Baina Alde Zaharrean urte osoan OTA izatea… Portuan ez da hori gertatzen.
OTArena da autoei errotazioa emateko, “kartara egindako autoen arautzea” da (regulación de aparcamientos a la carta).
Irunen OTA komertziala dago, Donostian ere bai, eta Hondarribia da ostalaritza eta zerbitzuetarako herria, eta hemengo OTA da turismo-herri bati zerbitzuak emateko. Horregatik larunbat eta igandeetan ere badugu OTA, turismoa dagoelako. Gauza bera gertatzen da Donostin, Ondarretan, egunero dago han OTA. Groseko zenbait lekutan ere bai, Getarian ere bai, neguan izan ezik. Eta Portuan, aste santuetatik aurrera hasiko da.
Eta Alde Zaharreko aparkalekuen kontu hori, auzo elkartekoekin adostutako kontua da. Hasiera baten 20’ aparkatzeagatik 5 pezeta ordaintzen zen, kale Nagusian aparkatzeagatik, udalaren ordutegian. Gero luzatu egin zen, egun osora, asteburuetan izan ezik.
Udalaren helburua da Alde Zaharra oinezkoentzat bakarrik izatea, beraz, autorik ez; hori lortzea espero dugu hemendik 4-5 urtera. Toledon ez da Alde Zaharrean aparkatzen, autoak kanpoan uzten dira.
Piboteak jartzea pentsatu izan zen, baina arazo handia zegoen hoteletako bezeroekin, ez zuten ordurik, ez irteteko ez sartzeko. Konplikatua zen.
-Ez duzue pentsatu lurrazpiko aparkalekurik egitea?
Lurrazpiko aparkalekuak egitea sekulako inbertsioa da! OTA, Alde Zaharrean, defizitarioa da gaur egun.