Zapataria – Daniel

Daniel_zapataria_3559

Hamalau urte nituela hasi nintzen lanbide honetan, horrek esan nahi du 42 gutxi gorabehera, eta hemen, kale Nagusian, hamar bat. Hona etorri nintzenean, denda asko zegoen. Gogoan dut Denda kalean bi janari denda zeudela, mertzeria bat…; abarketak ere saltzen zituzten bertan. Orain ez dago ezer.
Nik lortu dut irautea. Salmenta ez da izan nik espero bezala, baina jarraitzen dut lanean. Udan hobetoxe egiten dut lan; neguan, aldiz, gauza handirik ez, eta apur horiek, auzoko bezeroei esker, ohiko bezeroei esker.

 Daniel_zapataria_3556

Ikusten dudan arazo bat aparkalekuena da. Lehen bazegoen leku gehiagotan aparkatzerik, kale Nagusitik gertuago; orain, hori guztia kendu egin dute. Esango didazu harresi ondoko aparkalekua dagoela, bai badakit, baina niri ez zait oso eskura gelditzen.
Gauza bat nahi dut garbi geratzea, eta hauxe da: Merkataritzarako diren lokaletan, dendak jartzeko diren espazioetan etxebizitzak egiten baditugu, non arraio jarriko ditugu dendak?

 Daniel_zapataria_3557

Bisitariak: bikote gaztea, madrildarrak

Gu Madrilen bizi gara, baina hau kanadarra da. Nik ezagutzen dut inguru hau, uda pasatzera etorri izan naizelako, eta udan bizitasuna dago; orain ez dago ezer, hau hilik dago.
Alde Zaharra izugarria da, zoragarria! Datorren udan ezkondu nahi dugu hemen, parrokian, eta ezkontzeko eguna eskatzera etorri gara.
-Zorionak eta ea lortzen duzuen!

Bidasoa – Antigoaleko gauzen denda

 Bidasoa antiguedadeak_0155

Noiztik hemen, Arma Plazan?
Amona hasi zen dendarekin, gero aitak jarraitu zuen; aita hil ondoren amak eta orain ama eta biok; 30 urte baino gehiago.
Txikitatik egon naiz hemen, eta dendaz beteta ezagutu dut hau. Orain ez dago ezer. Negozioa mantentzea zaila da, zergak asko igo dira.

Nola ikusten duzu Alde Zaharra?
Arazo bat da zaborrarena, zabor-edukiontziena. Inguruan, gertu, ez dago, harresiraino joan behar da zaborra uztera. Beste arazo bat da aparkalekuena; Alde Zaharrean urte osoko OTA dugu, denontzat da desegokia, eta berton komertzioa dugunok ez dugu inolako erraztasunik.
Baina arazorik larriena da, nire kasuan, behintzat, bete-betean ari naizelako egoera hori jasaten, Arma Plazan egiten ari diren lanak. Obrak hasi zirenetik arazoak besterik ez dugu izan. Iaz, atzeko aldean hasi ziren lanak. Orma apurtu zidaten. Kexatu egin nintzen, eta behin eta berriz eurekin diskutitu ondoren, azkenean lortu nuen egindako kaltea, azaletik bazen ere, “konpontzea”, beste hitz batzuekin esanda: “un lavado de cara” egin zuten, makillaje pixka bat eman.

 Bidasoa antiguedadeak_3057

Egun batean, lanera etorri, eta denda aurkitu nuen hesitua, zinta batekin. Goizeko 10etan langileei esan nien arduradunarekin hitz egin nahi nuela. Arratsaldeko 6ak arte ez zen inor agertu. Hori hasiera baino ez zen izan. Oholak jarri zituzten ondoren, eta burdinezko hesiak. Gure denda ikusi ere ez da egiten, eta bertara etorri nahi izanez gero, ez dakizu nondik, hesiz inguratuta nagoelako, zoologikoaren kaiola batean egongo banintz bezala.
Ondoko eraikina barrutik bota zuten, goitik behera. Niri ez zidaten abisurik eman, ez zidaten aurretiaz esan hori egiteko asmoa zutela; hala izan balitz, nik astia izango nuen denda barruko altzariak, gauzak babesteko edo lekuz aldatzeko, dendaren beste txoko batean jartzeko…, hau da altzariak kaltetuak gerta ez zitezen, zeren ondoko eraikinaren orma eta gurea, orma bera da! Ormaren zati bat erori egin zen.

Ulertuko duzunez, kexatu egin nintzen. Lanak egiten ari den enpresa FONORTE da, eta arduradunak Mikel Uranga (30 urte) eta Iban dira. Horiek esan zidaten ez kexatzeko hainbeste, kontuan izateko hemendik bi urtera sekulako abantaila izango zela niretzat. Komentario horren aurrean, nire erantzuna izan zen 2 urte eman beharko nituela obraren eragozpenak jasaten, eta nik bizimodua, soldata dendatik ateratzen nuela eta obrak daudenetik ez dela inor hurbiltzen, ikusi ere egiten ez delako.

Mikel Urangaren ahotik erantzun hau jaso nuen: “Zuk egin behar duzuna da pertsona bat bilatu 2 urtetan mantenduko zaituena  eta haren kontura bizi”. Zer espero daiteke horrelako adierazpenak egiten dituen pertsona batengandik?

 Bidasoa antiguedadeak_0022

Ikusten duzu nola nagoen: aldamioak, oholak, hesiak, sareak… Gure denda ez da ikusten, jarri dituzten oholek estali, tapatu egiten dute. Kartelik ere ez zuten jarri adierazteko non dagoen denda, jendeak jakin zezan hemen jarraitzen nuela. Horregatik egin nuen nik kartel bat, baina ez zidaten jartzen laga, enpresaren propaganda baino ezin zela jarri. Oholen gainean pintatu nuen, eta ezabatu egin didate. Orain, dendaren ondo-ondoan margotu dut. Salaketa jarriko zidala esan zidan Ibanek, enpresaren propaganda estaltzen nuelako.

 Bidasoa antiguedadeak_0148

Egunero nabil eurekin borrokan, ez dute ezer errespetatzen; erabat aislatuta, isolatuta utzi naute hemen, eta esan behar dut nik badudala kartela jartzeko eskubidea. Udaletxera jo nuen jar zezatela eskatzera –euren erantzukizuna dela uste baitut– beste denda batzuekin egin zuten  bezala.
 
Obratik babesteko sare fin bat jarri dute, baina oso fina denez, haizeak mugitu egiten du, eta zikinkeria erortzeaz gain, egurrak, zutabe zatiak… eta halako gauzak ere erortzen dira.
Pasadan astean, hesien artean pasabidea dagoela ikusarazteko marra horiak margotu zituzten. Azkenean, zerbait egin dute! Erabat baztertuta utzi gaituzte. Lanak egin behar dira, denon onerako izango delakoan nago, baina gizabidez jokatu behar da eta errespetuz tratatu. Ikusten duzu, hor, kamioi hori aparkatuta, asteburu osoa darama, ostiraletik; Arma Plazan ezin da aparkatu, ezin da garraiorik sartu, ez bada obretako materiala deskargatzeko, baina kamioi horrek hor jarraitzen du, eta udaltzainek ez dute ezer egin, hurbildu ere ez dira egin! Nik utzi izan banu…
Arma Plazan kultur ekintza gehiago egin zitekeen Alde Zaharra ezagutarazteko, turistak ez datoz harriak bakarrik ikustera, dendak ikustera ere badatoz, eta hemen ez dago ezer.

 Bidasoa antiguedadeak_0151

Mamutzar jatetxea

Mamutzar_3405

Mamutzar

Jatetxe honetan 10 urte daramatzat lanean. Faltan somatzen dut bizitza, giroa, mugimendua. Jendea dago bizitzen, bai, baina kaleak hutsik daude. Ez dago komertziorik, ez dago botikarik ez dago aurrezki kutxarik. Orain Alamedaraino joan naiteke kutxazainera, baina esan behar dizut duela gutxira arte ez zegoela ezer.
Hemen, kale honetan obrak izan ditut urte osoan. Egun batetik bestera kalea itxi zuten, obrak hasteko. Ez zegoen sartzerik, ezin zen jatetxera hurbildu, jakina, ez baldin badituzu zirrikitu guztiak ezagutzen. Protestatzera joan nintzen udaletxera, esatera halako zerbait egin behar dutenean, abisatzeko, jakinaren gainean egon gaitezen denok. Eta kartel bat jar zezatela eta bertan adierazita garbi nondik joan zitekeen  jatetxera. Protestak egin ondoren jarri zuten, baina protetaka ibili behar duzu beti, bestela ezer ez, ez dizute jaramonik egiten! Ez dituzte bat ere zaintzen halako gauzak. Gure bizimodua jatetxea da, eta bezeroek ez badakite nondik, nola ailegatu udalak kaleak itxi dituelako… bada, jai daukagu!
Beste arazo bat da argiak, iluminazioa; hemengo giroa pelikuletakoa bezalakoa da: kaleetan argi gutxi, argi horixka, leku ilunak…, zipresak baino ez dira falta, eta bazter batetik… arimaren bat edo irtetea!

Komertziorako diren lokalak etxebizitzak egiteko saltzea Alde Zaharraren kalterako da, bertako bizitzaren kalterako.

Mamutzar_3384

Alde Zaharra bizirik! Obispo hotela

Obispo hotela_3124


Obispo hotela. Etxebeste etxea


Gure aita zena nik hotela jarri arte ez zuen Apezpiku plaza ezagutu, 76 urterekin, ezta Panpinot kalea, Eguzki kalea... Eliza bai, funeralengatik, baina kitto.
Arrantzale jendeak ez du ezagutzen alde hau, orain gazteek bai; Alde Zaharrera etortzen dira, giro ona dagoelako. Portua eta Alde Zaharra oso diferente bizi izandu ziren. Irudi du istilu handirik ez dela izan, baina inbidia bai. Garai batean bi trainera izandu ziren herri honetan: Portukoa eta Alde Zaharrekoa. Betiro bi giro, eta Alde Zaharra bigarren mailakoa izandu da.
Udalak gauza batzuk kopondu ditu: Apezpiku plaza, Arma plaza –lehen autoak egoten ziren aparkatuak, eta txukundu ondoren asko irabazi zuen–; trafikoa zela-eta arazo handiak izaten ziren eta udalak erabaki zuen murriztea. Nire ustez, Alde Zaharrean komertzio berezia egon beharko luke. Baina udalak baimena emanez gero etxebizitzak egiteko –nahiko da 37 metro kuadro eta bi hueko kanpora–, ez dago aukerarik ezer jartzeko.

 Obispo hotela_3477

 Proposatu izan balitu alokairu egokiak, bada, artisauek izango lukete irtenbideren bat. Legeak bidea ireki du etxebizitzak egiteko, hor dago errua. Udalak ez du asmatu Alde Zaharreko bizitza antolatzen.
Auzo bati, herri bati tabernek ematen diote bizia, baina ez horiek bakarrik, bizia komertzioak ere ematen dio, eta hemen 8-10 bat artisaurekin, giro polita sortuko litzateke. Nik nahiko nuke Donibane Garaziko giroa, kale guztiak dendaz beteta, arratseko 8ak arte terrazak gainezka. Pintxo gutxi aurkituko duzu hemengo tabernetan. Hemengoa, gaueko giroa da… kopak.

Apezpiku plaza_0032 copia

Jabier Altuna – Udaltzainburua

J. Altuna_3457


-Alde Zaharrean bizi direnek kexa asko adierazi dute: Asteburuetako zarata, urte osoko OTAren kontu hori… Zuen iritzia ere ezagutu nahi nuke.

Zarata
Alde Zaharrean dauden arazoak ez dira asteburukoak, zehaztu egin behar da hori, arazoak dira ostiral eta larunbat gauekoak. Arazoak sortzen dira, batez ere, taberna-pub hauen inguruan: Etxeberria, Muara eta Car-Ma. Tabernek, kafetegiek eurek ez dituzte sortzen, lokaletik, berandu, goizaldeko hiruretan edo lauretan kalera irteten direnek sortzen dituzte, bezeroek. Apezpiku plazan izaten dira, kale Nagusian eta Muara elkarteko kale horretan, kaleak estuak dira eta gauean, bada, askoz gehio entzuten da.

Esan behar dizut Alde Zaharreko jendea oso ondo ohituta egon dela orain arte, Portuan aspaldidanik ezagutzen ditugu arazo horiek.  Portuan edo Alde Zaharrean bizitzeak dakartzan “pribilegioak” dira horiek, gauza batek bestea ere badakarrelako, hau da: giroa, jendea, mugimendua, autoak…
Bide publikoan jendeak ezer txarrik egiten ez badu guk ezin dugu ezer egin, eta hitz egiten egotea… ez da ezer txarrik. Orain, hori bai,  inor harrapatuz gero, zerbait apurtzen-edo… isuna jartzen diogu.

-Nahiko udaltzain al zaudete?
23-25 bat. Aste Santuetatik aurrera gehio hartzen ditugu. Eusko Jaurlaritzaren arabera, Barne-sailaren arabera, udaltzain bat mila biztanleko behar da; hemen 1’4 izango gara, Irunen ere bai, antzera.

Aparkalekuak
Asteburuetan eta gauean, arazoak pubengatik daude, eta egunez aparkalekuengatik. Apezpiku plazan bizi direnek ez dute aparkatzeko eskubiderik, baina hoteletako bezeroek bai; auzotar batzuek baimen berezia dute eta beste batzuek ez. Nola da hori?

Bertan bizi diren guztiek ezin dute aparkatu, hala da. Baimen berezia behar da bertan aparkatzeko, “minusbaliaren” bat izan behar da, ezindua izan behar da, edo oso zaharra.
 
-Zu eta biok baino gazteagoak diren batzuk ezagutzen ditut, osasunez primeran daude… eta baimena dute!

Gai irristakorra da. Onartu behar dizut arazo handia dela hau; baimen asko eman dituzte Gizarte Zerbitzuen sailean, auzotarrek presionatuta. Zer gertatzen da orain? Bada, “trumoien kutxa” zabaldu dela eta mementu honetan plazak baino baimen gehio dagoela, eta oso zaila da atzera egitea. Zein ausartuko da beste batek emandako baimena kentzera?
Beste aldetik, hotelak ditugu. Hotelak dira herrirako zerbitzua, eta gauzak antolatu egin behar dira zerbitzu horien beharrei erantzuteko. “Obispo” hoteleko bezeroek laga dezakete autoa hotelak berak parking pribatua duelako sei autorentzat.

-Baina Alde Zaharrean urte osoan OTA izatea… Portuan ez da hori gertatzen.
OTArena da autoei errotazioa emateko, “kartara egindako autoen arautzea” da (regulación de aparcamientos a la carta).
Irunen OTA komertziala dago, Donostian ere bai, eta Hondarribia da ostalaritza eta zerbitzuetarako herria, eta hemengo OTA da turismo-herri bati zerbitzuak emateko. Horregatik larunbat eta igandeetan ere badugu OTA, turismoa dagoelako. Gauza bera gertatzen da Donostin, Ondarretan, egunero dago han OTA. Groseko zenbait lekutan ere bai, Getarian ere bai, neguan izan ezik. Eta Portuan, aste santuetatik aurrera hasiko da.
Eta Alde Zaharreko aparkalekuen kontu hori, auzo elkartekoekin adostutako kontua da. Hasiera baten 20’ aparkatzeagatik 5 pezeta ordaintzen zen, kale Nagusian aparkatzeagatik, udalaren ordutegian. Gero luzatu egin zen, egun osora, asteburuetan izan ezik.

Udalaren helburua da Alde Zaharra oinezkoentzat bakarrik izatea, beraz, autorik ez; hori lortzea espero dugu hemendik 4-5 urtera. Toledon ez da Alde Zaharrean aparkatzen, autoak kanpoan uzten dira.
Piboteak jartzea pentsatu izan zen, baina arazo handia zegoen hoteletako bezeroekin, ez zuten ordurik, ez irteteko ez sartzeko. Konplikatua zen.

-Ez duzue pentsatu lurrazpiko aparkalekurik egitea?
Lurrazpiko aparkalekuak egitea sekulako inbertsioa da! OTA, Alde Zaharrean, defizitarioa da gaur egun.