Maskarak, kartelak eta plastikoak

Bagenekien plastiko beltzak, kartelak eta karetak jarriko zituztela; disneylandiakoak jarri zituzten bezain erridikuloak? Ecce homoa ere ailegatu da. Ikusi eta norberak atera dezala ondorioa.

 Udaletxearen aurretik desfilatzean, txaloka ari ziren Arartekoa,  Iñigo Lamarka, Bilduko zinegotziak eta beste kargu eta aurpegi ezagun asko. Bai kantinerak eta bai konpainiak Kale Nagusia igo eta jeitsi dute aldarte, grazia eta bizitasun handiarekin.

Aurten berreskuratu dute ibilbidea, Gernikako Arbola plazatik pasatzea, beste konpainien aurretik, asko eta asko bizkarra ematen.

Sainduan, Jaizkibel konpainiak jotzen du, euren esker ona adierazteko, kubero gaztetxoentzat eta laguntza ematera etortzen diren guztientzat;  bertan zegoen EHU-UPVko irakaslea, Laura Mintegi, hautagaia datozen hausteskundeetan.

Eta txantxetarako gogoa ez da falta honelako kartelen aurrean.

Jaizkibel konpainia 2012

Urtero bezala, goizeko 7etan elkartu dira Jaizkibel konpainiakoak kantineraren bila joateko: Olaia Arbelaiz.  Kantinera jaso eta abiatu dira, 8ak eta 25ean hasi behar zutelako Kale Nagusian gora.

Zezen plazako  errotondara/biribilgunera ailegatu dira eta pasteleroen konpainiarekin egin dute topo. Kieto parau zeuden haiek, bidea okupatzen; Jaizkibelekoek ezin zuten aurrera egin. Pasteleroen mando bat Jaizkibel konpainiako abanderatuaren aurrean, zirkinik egin gabe. Urrutitik ikusita ematen zuen Jaizkibel konpainia ari zela gidatzen, ez baitzegoen bere konpainiako soldaduen artean.

 

Izaskun Larruskain kapitainak Ertzaintzaren arduradunarekin hitz egin behar izan du, ze ezarritako ordutegia bete egin behar da, eta horrela segituz gero, berandu ailegatzeko arriskua zegoen. 
Azkenean pasteleroak abian jarri dira, eta mandoa, nire ondotik pasatzean esan dit –tonu ezatseginean–: ¡Ni se te ocurra hacerme alguna foto, ni se te ocurra!
(Mando hori ezagutzen dut, Elduayen, gure kooperatibako administrazioa daraman inmobiliariakoa).

Je suis désolée, frantsesek esango luketen bezala, ordurako argazkiak eginda bainituen. Esan behar dut beti izan naizela errebeldea, transgresorea, eta tonu agresiboan hitz egiten badidate, askoz gehiago, ondiokan.
Gainera, ni argazkiak egitera joaten naiz, argazkien bidez dokumentatzera egoera bat, kontatzera zer ari den gertatzen, etorkizunerako gera daitezen argazki horiek. Eta, txo, agertu nahi ez baduzu argazkian, erraza duzu, ez jarri Jaizkibeleko abanderatuaren aurrean!

Hondarribia, legerik gabeko hiria

Legerik gabeko hirietan gaizkileak jaun eta jabe ziren.

jaizkibel_3653

Hondarribia, legerik gabeko hiria:
-herriko kaleetatik alarde pribatuak desfilatzen duenean –Alarde Fundazioak antolatutakoa– anbulantziak ezin duelako sartu herrira tiroz zauritutako pertsona bati laguntza ematera. Pertsona hori hil egin da.
Neure buruari galdetzen diot ea zerk duen lehentasuna,  pertsonak ala desfile militar baten parodiak?

-udaltzainek ez dutelako aginterik  Alarde Fundazioak antolatutako alarde pribatuaren desfilea geldiarazteko.
Berriz galdetzen diot neure buruari  ea zerk duen lehentasuna,  pertsonak ala desfile militar baten parodiak?
Eta hildakoa alarde pribatuan desfilatzen duen baten ama izan balitz?  Berdin-berdin ospatuko zituzten jaiak –hala gertatu baita– ala bertan behera lagatzeko aginduko zuten?
Zer-nolako larrialdi-planak aurreikusten ditu udalak herriko jaietarako?

-Ezta Ertzaintzak ere ez zuelako geldiarazi desfilea anbulantzia sar zedin herrira zauritutako pertsona jasotzera.

-Jaizkibel Konpainiari debekatu egin zitzaiolako herriko kale batzuetatik desfilatzea, irailaren 8an eta jaiak baino lehenagoko egunetan ere. Debeku hori PSOEk ere onartu eta defendatu egin zuen.
Imaginatzen duzue zeuen herriko jaietan –Iruñan, Bilbon, Sevillan, Bartzelonan–,  debekatu egiten zaizuela hainbat kaletatik ibiltzea zuen konpartsa, zuen taldea jaietan elkarrekin parte hartu eta disfrutatu nahi dituzten gizon-emakumez osatuta dagoelako?

Noiz arte jarraitu behar dugu ikusten, jasaten eta sufritzen egoera hau? Noiz arte jarraitu behar dute Jaizkibel Konpainiako partaideek herriko kaleetatik ibiltzea ertzainez inguraturik, erasotzaileak edo gaizkileak bailiran?

plastikoak_3634
7:30 Plastiko beltzak zabaltzen Jaizkibel Konpainiak nola desfilatzen duen inork ikus ez dezan

kartelak_3636

Antzera gertatzen da genero-indarkeriaren kasuetan: erasotzailea lasai-lasai dabil, inongo kontrolik gabe, eta errurik ez duena asasinatua izaten da.
Ertzaintzak ederki asko daki zeintzuk diren istiluak sortzen dituztenak, zeintzuk probokatzaileak, zeintzuk  mehatxuka eta iraintzen dabiltzanak, Kale Nagusian eta Arma Plazan jartzen dituzten kamerek argitasun handiz grabatzen dute hori guztia. Zergatik ez dituzte pertsona horiek inguratzen eta zaintzen, kontrolatzen?

kartela_3638
Megafonoa erabiltzen dute aginduak emateko eta Jaizkibel Konpainiaren aurka oihukatzeko.

Zer dela eta hori guztia? Garbi dago, botoak lortu eta agintzen jarraitzeko, merezi ez dituzten karguak okupatuaz (PNV Hondarribian eta PSOE Irunen).
Entzun berri dut Onda Vasca irratian Andoni Ortuzarri (PNV) egin dioten elkarrizketa. Aztertzen omen dabiltza “la marginalidad en la que ha quedado el PNV en el panorama político vasco”. Harritu egiten zarete?

Kale Nagusiko istiluak (2009)

istiluak kale Nagusian

Iaz, Jaizkibel Konpainiak desfilatu zuenean arratsaldean, Kale Nagusian gorabeherak izan ziren.
Kantinerari egin nahi nion argazkia eta zain nengoen, geldirik, kalearen erdian, kamara prest lanean hasteko. Halako baten, euritako beltz bat ikusi nuen airean. Eta bat-batean, sekulako istiluak emakume eta kale-jantzian zeuden ertzainen artean.
Bitan pentsatu barik, argazkiak egiten hasi nintzen. Halako baten, ez dakit nondik irtenda, emakume bat jarri zitzaidan aurrean, bere onetik aterata eta oihuka:

Istiluak Kale Nagusian

-¡Y tu a qué le sacas fotos!
-A lo que me da la gana.
-¡A qué le sacas fotos!
-A lo que me da la gana.
Lau aldiz egin zidan galdera bera, eta lau aldiz jaso zuen erantzun berbera. Bitartean, kamarari ondo eusten nion, eta ez nuen zirkinik egin, emakumea bere onetik irtenda baitzegoen, kale-jantzian zeuden ertzainek eraman zuten arte. Etxean argazkiak deskargatu ondoren ulertu nuen zergatik oldartu zitzaidan: bera zen istiluetan zebilen haietako bat! “Kalte egin eta isilean gorde”. Ez dute gustuko publiko egitea euren jarrerak.

Patricia Izaguirre, kantinera

Patricia Izagirre
  Jaizkibel Konpainiako 2010eko kantinera

Patricia Izaguirre Alza –Itsas Ingeniaria-, Jaizkibel konpainiako kantinera. Duela zortzi urte hasi zen desfilatzen soldadu gisa. Familia guztiaren babesa eta laguntza izan du, baita lanean ere, behar dituen egunak hartzeko –Madrilen dabil doktoradutza egiten eta lanean (UPM)-.

“Botak egiteko arazoak izan ditut. Amak deitu zuen Juncal Aguirreren abarketa-dendara (Irun) botak neurrira egiteko; hasiera baten ez zuten oztoporik jarri, baina adierazi zienean Jaizkibel Konpainiako kantinerarentzat zirela, ezetz esan zioten, ez zizkiotela egingo, Jaizkibelgoei ez dietela sekula egiten, eta telefonoa eskegi zioten. Zorionez, badaude profesional onak berdin jokatzen ez dutenak. Zapatariek jakin zutenean gertatutakoa, harrituak zeuden, ulergaitza egiten baitzitzaien halako jarrera, eta bi bota pare egin dizkidate, batzuk lonazkoak, betiko erara eta beste batzuk larruzkoak, ezin erosoagoak.

Antzeko gauza gertatu zait pelukerarekin: 27 urte daramatzat pelukeria berera joaten, eta, normala denez, bertara joan nintzen oraingoan ere. Jaizkibeleko kantinera naizela jakitean, ez nautela orraztuko esan zidaten.
Jaizkibel konpainian pelukero-estilista batek desfilatzen du –Haritz–, eta berak orrazten eta makilatzen ditu kantinerak. Berak egingo dit dena, eta lasai esan dezaket guztia konponduta dagoela eta
martxa onean.

Jaizkibel konpainia

Gai honetaz argazki gehiago:
http://www.flickr.com/photos/bidasoatik/sets/72157624894056090/

Jaizkibel konpainia Guadalupeko mezatan

Jaizkibel konpainia

Jaizkibel konpainiarekin aurten igo naiz lehenengo aldiz Guadalupera. Batzuk autobusez, beste batzuk autoz, eta izan ziren oinez igo ziren gazteak ere, izerdi patxetan. Biba zuek!
Meza eguerdiko 12etan zen arren, Jaizkibeleko karguak eta kantinera lehenago sartu ziren elizara, lekua hartzera, beste konpainiek bezala, eurek ere badutelako eskubidea barruan egoteko meza entzuten eta bankuetan eserita.
Neu ere sartu nintzen zer-nolako giroa zegoen ikusteko. Sartu, eta hara non ikusi nuen serora zebilela elizako eserlekuetan paper batzuk jartzen: “autoritateentzat”, alardeko mandoentzat, kantinerentzat… aurreneko eserlekuetan. Eta beste zerrenda batzuk ere jarri zituen, izen-abizenekin, ia eserleku guztiak okupatuz. Auskalo zeintzuk ziren haiek! Baina Jaizkibel ez zen inondik ere agertzen. Ikusi nuen nola hartzen zituzten Jaizkibel konpainiari zegozkion eserlekuak argazkietan ageri diren
emakume horiek.

 mujeres de Alarde Fundazioa

Ikusi nuen Jaizkibeleko tenientea esaten ari zitzaiela eurek eseri behar zutela han eta, mesedez, lagateko leku hura libre. Egoera ikusita, neure lana egiten hasi nintzen –argazkiak atera– gertatzen zenaren lekukotasun grafikoa izateko.
Halako baten emakume ilehoria oihuka hasi zitzaidan: ALDE HEMENDIK, ALDE HEMENDIK!!!
Zein zara zu, ba, nik alde egin dezadan elizatik  agintzeko? Denon etxea da.
Frogatuta dut ez dutela bat ere gogoko eurei argazkiak egitea, agerian geratzen baitira egiten dituzten zentzurik gabeko ekintzak, ulergaitzak eta basatiak.
Eta zer uste duzue egin zutela Jaizkibel konpainiakoak elkarren ondoan eser ez zitezen? Ba, euren artean jarri!
Jaizkibelekoak bankuetan eserita zeudela, argazkiak egin nizkien. Eta hara non hasi zitzaidan garrasika beste andrazko bat –bideo kamararekin agertzen den hori– ez egiteko argazkirik, emateko argazki kamara, emateko dokumentazioa, salaketa jarriko zidala ematen ez banion, –eta gaineratu zuen– berak epaiketa guztiak irabazten zituela!

Jaizkibel konpainia

Ez egiteko argazkirik Jaizkibel konpainiari? Ez egiteko argazkirik neure alabari, kantinerari? Baina, baina, zein uste dute direla? Iparra galdu dute, euren jokaera eskandalagarria da, denak psikiatrikoan sartzeko moduan daude!
Tente agertzen diren beste horiek, horrela egon ziren mezak iraun zuen bitartean, beti zutik, atzeko eserlekuetakoei eragotziz elizkizuna jarraitzea.
Eta neure buruari galdetzen diot: zeinek agindu dio serorari, izen-abizendun zerrenda horiek jartzea elizako eserlekuetan? Nork agintzen du elizan? Serorak berak? Euren ekintzekin auzo lotsa sentiarazten emakume horiek, agian? Non zegoen Martin Iturbe abadea? Noiz arte jarraituko du elizak isilik?

Kantinera desfilatzeko prestatzen

ezpainak margotzen

Alardean desfilatzeko kantinerak goiz samar jaiki behar izaten du. Goizaldeko 05:15ean etorri ziren pelukeroa eta makillatzailea. Bi ordutan egin behar izan zuten lana, 07:30ean Jaizkibel konpainia etorri baitzen kantineraren bila.

Prest desfilatzeko!

Pelukeroak eta makillatzaileak lan ona egin dute. Hortxe dugu kantinera lagunekin eta senideekin, desfilatzeko prest.

Jaizkibel Konpainiaren lehenengo entsaioa

Jaizkibel konpainia_3384
Entsaioak egiten dira kantinerak ikas dezan ibiltzen musikaren erritmoan, baita botekin ere, bereziak baitira.
Alardea desfile militar baten imitazioa denez, konpainiako karguak ere militarrak dira: kapitaina, sargentoak…
Kantineraren ondoan sargento bi joaten dira; argazki honetan, ezker aldean Naiara Salinas doa, txikitako laguna. Duela urte batzuk, 2005ean, plastiko beltzak jarri zituzten lehenengo urtean, bera izan zen kantinera, eta Laida sargento atera zen bere ondoan. Eskumako aldean, Iraitz Txapartegi, “ahizpa txikia”, entsaio guztietan aterako da sargento karguarekin, alarde egunean konpainiari txalotzen egongo baita kale Nagusian, euritako beltzen aurrean, beldurrik gabe.

Alardea Jaizkibel Konpainia

Jaizkibel konpainia

Konpainia dotorea, alaia eta adorez beterik! Ez dakit zenbat ziren zehazki, baina asko ziren, eta gero eta gehiago izango dira.
Kale Nagusian gora zihoazela arratsaldean, petardoak jaurti zituzten konpainiakoen oinetara. Ertzain batek botarekin baztertu zituen.
Ostikoak ere ez ziren falta izan.

petardoak

Goizean, arratsaldean baino euritako beltz gehiago ikusi nuen, eta euritako asko modu erasotzailean jarrita, euritakoen burdinezko puntta zorrotzak jendearen kontra. Ertzainak ere konturatu ziren horretaz eta ikusi nituen euritakoak bultzatzen barrurago eta kargu hartzen. Eta zerbait gertatu izan balitz?

Jaizkibel konpainia