Alde Zaharra bizirik! Etxeberria kafetegia

Etxeberria taberna_2977 copia


Etxeberria

Bost urte daramagu hemen. Lehen, General Leiba kalean bizi nintzen eta beti ibili izan naiz Alde Zaharrean. Ikusten nuen zerbait behar zela eta taberna jartzea erabaki nuen. Bertako jendearekin egiten dugu lan, turismoa ez dago hemen, turismoa Marinan dago. Hona etortzen dira pare bat argazki egitera eta… kitto.
Apezpiku plazan terraza jarri genuen, udan; kexak egon ziren. Auzoko batzuek nahiago lukete auzoa dagoen moduan geratzea.
Oinarri-oinarrizko gauzak falta dira hemen: botika, kutxazaina, janari dendak… Sokoa auzoan, aldiz, denetik dago.
Askok parkina eskatzen du Alde Zaharrean, etxetik ahalik eta gertuen aparkatzeko;  hori ere ohitura kontua izaten da, ohitu beharra dago ondo-ondoan ezingo dugula aparkatu, Kasko Historikoan bizi gara-eta, eta beste herri askotan gertatzen den bezala aparkatzearena zaindu egin behar da.
 
Jende askok ez du Alde Zaharra ezagutzen. Gure aitak ezagutu zuen Apezpiku plaza taberna hau zabaldu nuenean. Hornitzaileek ere uste izaten dute Hondarribiko Alde Zaharra Portua dela; hori niri gertatu zait: hornitzaileak Portuan buelta-bueltaka ibiltzea tabernaren bila, uste zutelako Alde  Zaharrean zeudela.

 Etxeberria taberna_2985 copia
 

Herri honetara autoz etorriz gero, sarbidea antolatuta dagoen moduan, zuzen-zuzenean eramaten zaitu Portura.
Gauza asko egin litezke jendea hemendik ibil dadin, ez bakarrik harresia konpondu. Zergatik ez dute egiten haurrentzako parkea Kasino Zaharrean? Lekua oso aproposa da, lasaia, polita, ez dago autorik, ez dago arriskurik. Haurrentzako ezin hobea.

Udalak antolatzen dituen ekintza ofizialak, non egiten dira?
-Liburu azoka (Portuan)
-Elikagai ekologikoen azoka: Madalena kalean (Portuan)
-Kantuak: San Pedro kalean, hilean behin (Portuan)
-Atunaren eguna (Portuan)
-Txirrindulariak (Portuan)
-Krossa ( Donibane Lohitzunen hasi eta Portuan bukatu, San Pedro kalean)
-Inauteriak. Ez dira Alde Zaharretik pasatzen.

Zer egiten da hemen, Alde Zaharrean?
-Erdi Aroko azoka
-Eliz musikaren kontzertuak, parrokian
-Herri giroa, artisauen azoka. Arma plazan (abuztuan)
-Brokantea: hilaren lehendabiziko igandean, Jostaldi kiroldegian. Orain obratan ari direnez, Alamedara ekarri dute. Udan ere hor egiten da, eguraldi onarekin egokiagoa delako.
Ematen du Alde Zaharra inguratzen duen harresiak aislatu egiten gaituela, aislatu kalterako, jakina.

BEZEROAK
Entzuten ari naiz zuen elkarrizketa eta ni ere iritzi berekoa naiz, kasu gutxi egiten dio udalak alde honi. Turismoa beti dago behean, badirudi hau ez dela existitzen. Farmazia bat eskatuko nuke nik, eta haurrentzako parkea. Oporretan Pontevedran ibilia naiz; harritu egin ninduen hango Alde Zaharrak duen bizitza eta xarma. A ze giroa! Dena dendaz beteta, era guztietako dendak, gainera.
Nik badauzkat proposamen batzuk eta aipatuko dizkizut:
Azoka bat egin beharko litzateke hemengo produktuekin: barazkiak, frutak, gaztak, sagardoa…, beste herri batzuetan egiten den bezala. Hasieran, proba gisa, ikusteko nola erantzuten duen jendeak, hilean behin, larunbatero, esate baterako.
Nik entzuna dut txakolina egiteko erabil den mahatsak “Hondarribi zuri” duela izena. Eta nik hau galdetu egiten dut, ez bainago jantzia horretaz: hemengoa da mahats mota hori? Hala bada, zergatik ez da ezagutzera ematen? Alde horretatik udalak gauza asko egin zezakeen. Begira Astigarragan zer-nolako etekina ateratzen dioten sagardoari!
G.: Jatorria hemen du, horregatik du izen hori –Hondarribi zuri, eta Hondarribi beltz ere bai–, hemendik eraman zuten Getarira.

Beste bezero batek:
Garbi dago zer promozionatu nahi duten! Wolswagen Golf autoaren iragarkia Portuan filmatu zuten. Eta zer agertu zen, zein taberna ikusi zen autoak errebuelta hartzean? Ez dut izenik aipatuko, baina denok ulertu dugu, ezta? Kasualitate hutsa?

 Etxeberria taberna_2980 copia

Alde Zaharra bizirik! Obispo hotela

Obispo hotela_3124


Obispo hotela. Etxebeste etxea


Gure aita zena nik hotela jarri arte ez zuen Apezpiku plaza ezagutu, 76 urterekin, ezta Panpinot kalea, Eguzki kalea... Eliza bai, funeralengatik, baina kitto.
Arrantzale jendeak ez du ezagutzen alde hau, orain gazteek bai; Alde Zaharrera etortzen dira, giro ona dagoelako. Portua eta Alde Zaharra oso diferente bizi izandu ziren. Irudi du istilu handirik ez dela izan, baina inbidia bai. Garai batean bi trainera izandu ziren herri honetan: Portukoa eta Alde Zaharrekoa. Betiro bi giro, eta Alde Zaharra bigarren mailakoa izandu da.
Udalak gauza batzuk kopondu ditu: Apezpiku plaza, Arma plaza –lehen autoak egoten ziren aparkatuak, eta txukundu ondoren asko irabazi zuen–; trafikoa zela-eta arazo handiak izaten ziren eta udalak erabaki zuen murriztea. Nire ustez, Alde Zaharrean komertzio berezia egon beharko luke. Baina udalak baimena emanez gero etxebizitzak egiteko –nahiko da 37 metro kuadro eta bi hueko kanpora–, ez dago aukerarik ezer jartzeko.

 Obispo hotela_3477

 Proposatu izan balitu alokairu egokiak, bada, artisauek izango lukete irtenbideren bat. Legeak bidea ireki du etxebizitzak egiteko, hor dago errua. Udalak ez du asmatu Alde Zaharreko bizitza antolatzen.
Auzo bati, herri bati tabernek ematen diote bizia, baina ez horiek bakarrik, bizia komertzioak ere ematen dio, eta hemen 8-10 bat artisaurekin, giro polita sortuko litzateke. Nik nahiko nuke Donibane Garaziko giroa, kale guztiak dendaz beteta, arratseko 8ak arte terrazak gainezka. Pintxo gutxi aurkituko duzu hemengo tabernetan. Hemengoa, gaueko giroa da… kopak.

Apezpiku plaza_0032 copia

Jabier Altuna – Udaltzainburua

J. Altuna_3457


-Alde Zaharrean bizi direnek kexa asko adierazi dute: Asteburuetako zarata, urte osoko OTAren kontu hori… Zuen iritzia ere ezagutu nahi nuke.

Zarata
Alde Zaharrean dauden arazoak ez dira asteburukoak, zehaztu egin behar da hori, arazoak dira ostiral eta larunbat gauekoak. Arazoak sortzen dira, batez ere, taberna-pub hauen inguruan: Etxeberria, Muara eta Car-Ma. Tabernek, kafetegiek eurek ez dituzte sortzen, lokaletik, berandu, goizaldeko hiruretan edo lauretan kalera irteten direnek sortzen dituzte, bezeroek. Apezpiku plazan izaten dira, kale Nagusian eta Muara elkarteko kale horretan, kaleak estuak dira eta gauean, bada, askoz gehio entzuten da.

Esan behar dizut Alde Zaharreko jendea oso ondo ohituta egon dela orain arte, Portuan aspaldidanik ezagutzen ditugu arazo horiek.  Portuan edo Alde Zaharrean bizitzeak dakartzan “pribilegioak” dira horiek, gauza batek bestea ere badakarrelako, hau da: giroa, jendea, mugimendua, autoak…
Bide publikoan jendeak ezer txarrik egiten ez badu guk ezin dugu ezer egin, eta hitz egiten egotea… ez da ezer txarrik. Orain, hori bai,  inor harrapatuz gero, zerbait apurtzen-edo… isuna jartzen diogu.

-Nahiko udaltzain al zaudete?
23-25 bat. Aste Santuetatik aurrera gehio hartzen ditugu. Eusko Jaurlaritzaren arabera, Barne-sailaren arabera, udaltzain bat mila biztanleko behar da; hemen 1’4 izango gara, Irunen ere bai, antzera.

Aparkalekuak
Asteburuetan eta gauean, arazoak pubengatik daude, eta egunez aparkalekuengatik. Apezpiku plazan bizi direnek ez dute aparkatzeko eskubiderik, baina hoteletako bezeroek bai; auzotar batzuek baimen berezia dute eta beste batzuek ez. Nola da hori?

Bertan bizi diren guztiek ezin dute aparkatu, hala da. Baimen berezia behar da bertan aparkatzeko, “minusbaliaren” bat izan behar da, ezindua izan behar da, edo oso zaharra.
 
-Zu eta biok baino gazteagoak diren batzuk ezagutzen ditut, osasunez primeran daude… eta baimena dute!

Gai irristakorra da. Onartu behar dizut arazo handia dela hau; baimen asko eman dituzte Gizarte Zerbitzuen sailean, auzotarrek presionatuta. Zer gertatzen da orain? Bada, “trumoien kutxa” zabaldu dela eta mementu honetan plazak baino baimen gehio dagoela, eta oso zaila da atzera egitea. Zein ausartuko da beste batek emandako baimena kentzera?
Beste aldetik, hotelak ditugu. Hotelak dira herrirako zerbitzua, eta gauzak antolatu egin behar dira zerbitzu horien beharrei erantzuteko. “Obispo” hoteleko bezeroek laga dezakete autoa hotelak berak parking pribatua duelako sei autorentzat.

-Baina Alde Zaharrean urte osoan OTA izatea… Portuan ez da hori gertatzen.
OTArena da autoei errotazioa emateko, “kartara egindako autoen arautzea” da (regulación de aparcamientos a la carta).
Irunen OTA komertziala dago, Donostian ere bai, eta Hondarribia da ostalaritza eta zerbitzuetarako herria, eta hemengo OTA da turismo-herri bati zerbitzuak emateko. Horregatik larunbat eta igandeetan ere badugu OTA, turismoa dagoelako. Gauza bera gertatzen da Donostin, Ondarretan, egunero dago han OTA. Groseko zenbait lekutan ere bai, Getarian ere bai, neguan izan ezik. Eta Portuan, aste santuetatik aurrera hasiko da.
Eta Alde Zaharreko aparkalekuen kontu hori, auzo elkartekoekin adostutako kontua da. Hasiera baten 20’ aparkatzeagatik 5 pezeta ordaintzen zen, kale Nagusian aparkatzeagatik, udalaren ordutegian. Gero luzatu egin zen, egun osora, asteburuetan izan ezik.

Udalaren helburua da Alde Zaharra oinezkoentzat bakarrik izatea, beraz, autorik ez; hori lortzea espero dugu hemendik 4-5 urtera. Toledon ez da Alde Zaharrean aparkatzen, autoak kanpoan uzten dira.
Piboteak jartzea pentsatu izan zen, baina arazo handia zegoen hoteletako bezeroekin, ez zuten ordurik, ez irteteko ez sartzeko. Konplikatua zen.

-Ez duzue pentsatu lurrazpiko aparkalekurik egitea?
Lurrazpiko aparkalekuak egitea sekulako inbertsioa da! OTA, Alde Zaharrean, defizitarioa da gaur egun.

Choucrouta

Choucrouta_2968

Duela hamabi bat urte hasi ginen Choucrouta eguna ospatzen. Elkar ezagutzen dugu gure seme-alabak haurtzaindegian hasi zirenetik, hau da, duela 19-20 urte. Gero, Toki Alai ikastetxean jarraitu zuten ikasten eta gure harremanak ere jarraitu zuen.

Hasiera baten, gure etxean elkartzen ginen, orain elkartean, taldea handitu eginda eta. Zuk badakizu familiaren parte bat euskalduna dudana eta bestea alsaziarra, horregatik gorde nahi ditut ohitura horiek. Baina hau ez da egiten dugun ospakizun bakarra, urte sasoi bakoitzean bat, udan izan ezik. Udan atsedena hartzen dugu, horrela gogo handiz hartzen dugu udazkenekoa, desiatzen egoten gara! Udazkenean babarrun jana, neguan choucrouta eta udaberrian menestra.

-Toulousen bizi izandu nintzenean, behin baino gehiagotan jan nuen choucrouta, baina ez zitzaidan bat ere gustatzen! Usain sarkorra, desatsegina, zapore garratza… ez nuen maite.

Choucroutaren oinarria da aza ondua, fermentatua, eta fermentazio puntua bilatu behar zaio. Prestatzen hasi baino lehen, uretan beratzen laga behar da, azari zapore garratz hori kentzeko, eta egosteko orduan, ardo zuritan egosi; horretarako ardo egokia Edelwicker da. Bestelako osagaiak hauexek dira: Saltxitxak, hiru mota: morto, saltxitxa ketua (saucisse fumée) eta Strasbourg saltxitxa.

Beste osagai bat txerriki freskoa, erdi gazitua. Haragi mota hau oso arrunta da bestea aldean. Txerri-gantza ere beharrezkoa da, Saindoux, eta usain eta zapore gozo hori emateko ipuru-baiak –baies de genièvre– erabiltzen ditut.

Choucroutarekin ez da ogirik jaten, patata de gure ogia. Gure aitona zenak hauxe esaten zuen beti: “La patate c’est le pain de la choucroute”. Eta alde honetan Arabako patatak izena, fama  duen moduan, beste aldean “la ratte du Touquet” da ona.

 Choucroute_004

-Ogia ez da beharrezkoa, baina ardoa…

Ardoa bai, jakina, eta hiru mota, gainera! (Barre-algarak sanoak eta kutsagarriak egin ditu). Denak zuriak, Rhin eskualdeko ardo zuriak. Alsazian ardoek mahatsondo-enborraren izena hartzen dute. Hemen edaten dugu, esate baterako, Errioxako ardoa, eta ardoak dastatzean esaten dugu: Remelluri bat edan dugu, edo Jilaba, edo Viña Ardanza. Ez da esaten: Tempranillo bat, edo Graciano bat… Badakigu zer upelategi den, baina gehienetan ez dakigu zer mahatsondo-enbor den.

Nire ardoak Alsaziatik bertatik datoz; mahatsondo-enborra Riesling da eta upelategia Paul Buecher, Wettolshein herria.
Gaur aperitifarekin Pinot Gris, Riesling baino sikuagoa, lehorragoa da, horregatik hartzen da aperitifarekin. Honen gainean gauzatxo bat nahi dizut kontatu. Lehen ardo honen izena “Tokay Pinot Gris” zen. Bruxelasen kendu egin zieten alsaziarrei ardo-etiketetan Tokay izena jartzeko eskubidea. Zer arrazoi eman zuten? Uste dute Tokay mahatsondo-enborra hungariar jatorria duela, eta horrexegatik Alsaziako ardoek ezin dute etiketan hori jarri, bakarrik Pinot Gris.

Choucroutarekin edateko ardo egokia, benetako ardoa, Riesling da. Postrearekin hartzeko, aldiz, Gewurztraminer. Alsazian postre tipikoa izaten da fruta-tartak, aran mota asko dute eta; oso ospetsua da mirabelle eta quetsche, “tarte aux quetsches”.
Tradizio handia dago Alsazian ardoa egiteko, baina “pattarra” ere bai, eta upelategi bakoitzak berea egiten du: mirabelle pattarra, udare patarra –Williams udarea–, aparta!

Frantsesez badago hitz bat aipatu nahi nukeena duen esanahiagatik: la ripaille (1579). Se ripailler: on boit, on rit, on chante, on ripaille; Victor Hugok ere erabiltzen zuen.
Eta guk ere gauza bera bilatzen dugu: lagun onekin, neguko bazkari goxo baten inguruan: edan, barre egin, abestu… la ripaille!

Choucrouta_2971

Alde Zaharra bizirik! XIRIKA harategia

Xirika_harategia_3269
 

“Xirika” harategia. Felix

Ama hemengoa dut, aita irundarra. Alde Zaharreko bizitza ona da, lasaia, toki aproposa bizitzeko; baina komertzioa, aldiz, gaizki, oso gaizki. Laguntza gutxi dago udalaren aldetik, eta honekin esan nahi dut komertzio berria zabaldu nahi duenak laguntza gutxi duela, zergak eta halakoak.
Hemen 7 urte daramatzat (lanbide honetan 25 urte), eta ikusten ari naizena da komertzio guztia Portura ari direla eramaten.

Bezeroa
Harrigarriena da hemen jende asko bizi dela, etxe berri asko egin dute, jende gazte asko, umeak… eta ez dago ezer!

Xirika_harategia_3267

Alde Zaharra bizirik! CM Estudioa

CM estudioa_2942

CM estudioa

Estudio hau udalak eskatu zuen pintoreek erabil dezaten erakusketak egiteko; momentu honetan hemen gaudenok, taldea osatzen dugunok, denak, emakumeak gara. Barruko aldea, pintore gazte batek, Aiertek, erabiltzen du estudio bezala.
Baldintza da jendearentzat zabalik egotea; udaran eta Aste Santuetan egunero, astelehenetan izan ezik, eta urtean zehar asteburuetan.

CM Estudioa_2870

Faltan somatzen dugu komertzioa, artisau mota guztiak eta kultura gehiago. Turismo bulegoan Alde Zaharraren gainean ematen duten informazioa oso eskasa da, ez dago behar bezala adierazita, ez eta herrian zer ikus daitekeen, zer egin daitekeen…, apenas dago informaziorik; kultur eskaintza ere gutxi dago. Artisau gehiago izanez gero hemen, ideia ona litzakete ibilaldia antolatzea artisauak lanean ikusteko estudioetan,  beste herri batzuetan egiten duten bezala.

Eta kafetegiak direla eta… 11:30ean ireki du lehendabizikoak, Paradoreak; besteak, denak itxita.
Turismorako erakargarri bezala saltzen dute hau, baina oso hila dago. Jendea ikusten da hemen mezatatik irteten denean.

 CM Estudioa_3086

Aiert

“Stabat mater dolorosa
Juxta crucem lacrymossa,
Dum pendebat filius.”     (Dvôrak, Stabat Mater)4

Estudiora sartu, eta hau da entzun dudana. Lanean diharduen bitartean, musika klasikoa jartzen du Aiertek. Udalak pintoreei lagatako estudio honetan egiten du lan.
Puntuz puntu osatutako irudiak pintatzen ditu. Asuango presa egiteko, tenplua desmuntatu, beste leku batera eraman, eta, han, harriz harri berregin zuten. Hori da erabili duen adibidea niri azaltzeko  nola egiten dituen koadroak.

Aiert_3101

Alde Zaharra bizirik! Sebastian jatetxea

Sebastian jatetxea_0008

Sebastian jatetxea. Miguel Soto

Hemezortzi urte daramatzat jatetxe honetan lanean. Udalari kritika hau egiten diot: bere utzikeria hainbestarainokoa izan da, non Alde Zaharreko komertzioa desagertzeraino iritsi baita, izan ere kontrako bidea hartu du: lehen dendak zeuden lokaletan etxebizitzak egiteko baimena ematen du, eta, behin etxebizitzak eginda, ez dago atzera bueltarik, zaila izango da, ia ezinezkoa, berpiztea, ugaritzea komertzioa.

 Sebastian jatetxea_3002

Egundoko kaltea egiten digu. Lokal bat etxebizitza baten prezioan saltzen badute, ez dago hori ordain lezakeen artisaurik. ETBn ikusi dut Foru Aldundiaren iragarki bat: “Dendak non, bizitza han”. Donostia agertzen da eta haur batzuk jolasten bixiketan, sukaldeketan. Ez al da hori izugarrizko kontraesana? Dirulaguntzak zuzendu beharko lituzkete ez itzultzeko, denda berriak sortzeko. Jendeak, bisitariek harresia ikustea baino zerbait gehiago nahi dute. 


Lokalak zabalik nahi ditugu denok!

Alde Zaharra bizirik! Gerain

Bar Carmentxu_2918

Ekainean 13 urte beteko dira hemen, Kale Nagusian denda jarri genuela. Lehen, asteburuetan bizitza zegoen; orain, aldiz, ez dabil inor, eta horrekin ez dut esan nahi ez dela inor bizi. Jendea ikusten da hiletak daudenean, parrokia bertan dagoelako, edo ezkontzak egiten direnean, epaitegian edo elizan.
Denda zabaldu genuenean, hemen hiru harategi zeuden, orain bakarra geratzen da; bi arropa denda, gozodenda bat, hor parean, egunkariak eta litxarreriak saltzeko beste denda bat. Jenderik ez da etortzen…dendarik ez dagoelako, non erosi ez dagoelako!

Alde Zaharreko merkatari guztien antzera, gu ere ez gaude pozik. Ulertuko duzunez, bizimodua aurrera atera behar dugu: alokairua ordaindu, etxebizitzaren mailegua ordaindu, semea aurrera atera… Tokia polita da, zoragarria, nahi duzun guztia, baina… honek ez du ematen! Ez da inor etortzen. Horrexegatik beste leku batera joango gara, gauzak hobeto joango diren esperantzarekin.

Gerain_2919

Alde Zaharra bizirik! BARATZE

Baratze_2837 copia

Maiatzean bi urte beteko dira denda zabaldu genuela. Guk edozer erosteko Alamedara edo Portura joan behar izaten genuen. Hori ikusita,  arrieskatzea erabaki genuen eta denda hau jarri.
Zamalana da arazo handia Alde Zaharrean, kaleak estuak direnez, ez dago non aparkatu. Banatzaileak etortzen dira, autoa gelditzen dute… eta berehala dituzte gainean udaltzainak garrasika eta alde egiteko esaten. Ezin dute deskargatu lekurik ez dutelako, baina hoteletako bezeroek, aldiz, badute aparkatzerik. Niri zortzi isun jarri dizkidate.

Beste arazo bat udaltzainak eurak dira: oso lotsagabeak eta desatseginak izateaz gain, euren ezagunekin beste era batera jokatzen dute. Oihuka etortzen dira eta modu txarrean, gainera. Euren lana Alde Zaharrean dauden ataskoei konponbidea ematea izan beharko litzateke. Ikastaro trinkoa egin beharko lukete ikasteko nola tratatu jendea adeitasunez eta edukazioz.

Argazkiak egiten ari nintzela jendea sartu da erostera, bertakoak eta bisitariak. Zer irizten dioten Alde Zaharrari galdetuta, hauxe erantzun dute: Alde Zaharrekoek kutxazaina eta aparkalekuak. Alamedan badago bat, baina KUTXArena da, ez dago besterik, beraz, Marinaraino joan behar.
Bisitariek, Kataluina eta Bilkokoak, oso polita, izugarri ederra dela, baina giroa falta dela, bizitza falta dela esan dute. Biasteri ezagutzen dute eta hango Alde Zaharra bizi-bizirik dagoela, jendea, dendak… Hemengoa, aldiz, hila.

Lehen ere janari denda izandakoa: Balentinarena, aspaldi-aspaldi baten; ondoren Junkalena; gaur egun BARATZE. Espero dut denbora luzez irautea.

Baratze_2843 copia

Alde Zaharra bizirik!

Hondarribiko Alde Zaharrean jaio nintzen, Obispo plazan. Plaza horretan ikasi nuen bizikletan, “Orbea” urdina, lagun batena zen. Plaza horretan jolasten genuen kaniketan, soka-saltoan, kromotan, tortoloxetan, txingotan… Umetan, mojak pasatzen zirenean, jolasak lagata “Ave Maria Purisima” esaten genien, eta zintzilik zeramaten gurutzean muin egin –mojen ikastetxea dago bertan–. Plaza horretan izan ziren nire adoleszentzia garaiko lehen amodioak.

Kale Nagusian eta Arma plazan egiten genituen erosketa guztiak, denetik baitzegoen: botika bat, arraindegiak, harategiak, tabernak, drogeriak, mertzeriak, bi estanko, janari-dendak, gozodenda, zapata-konpontzailea, ileapaindegia, Souvenir denda –“On parle français” jartzen zuen dendako atean zintzilikatutako karteltxo baten–, postetxea ere bazegoen Arma Plazan –Correos y Telegrafos–, ez zegoen Marinara zertan joan.

Orain, ostera, zer gelditzen da guzti horretatik? Elizaren parean dagoen kaleak “Denda kalea du izena, eta beti izan du izen hori –Calle de las Tiendas–, baina denda gutxi aurkituko dugu bertan, bat bera ere ez. Taberna bat dago, eta, kalearen beste muturrean, ileapaindegia eta, ondoan, inmobiliaria bat. Zer bihurtu dira edo bihurtu dituzte hutsik geratu diren lokalak? Zer aurkituko dugu orain?

Kale Nagusiko lokal asko udalak berak hartu ditu bulegoak jartzeko, udalaren bulegoak: Bake Epaitegia; oposiziokoak biltzeko lokala: Branka, PSOE, Ezker Batua…; Gizarte Laguntzailea…. Horrez gainera, jatetxe batzuk, taberna batzuk, arropadenda bat, altzaridenda, umetako ileapaindegiak leku berean jarraitzen du, baita okindegiak ere, erakusketa-aretoak… eta azken urte bietan gertatzen ari den fenomenoa udalaren erabakiei esker: etxebizitzak. Lokal batek 40m kuadro edukiz gero, berehala lortuko du baimena etxebizitza egiteko. Komertziorik gabe ez dago girorik, ez dago bizitzarik. Burura datozkit Biasteriko alde zaharra, Donibane Lohitzungo rue Gambetta, Bilboko Zazpi kaleak, Zarautz, Bretainiako Saint Michel, Brujas, Carcassonne, Saint Malo…
Burura datorkit ere Radio Euskadin entzundako iragarkia, Foru Aldundiarena: “Donde hay comercio, hay vida”, “Dendak non, bizitza han”. Iragarki hori entzutean, haserrea sentitu nuen, izan ere, gauza bat da hedabideetan jartzen dituzten esloganak –denon diruarekin, gainera– eta gero egiten dutena, guztiz bestelakoa, bederen herri honetan.

Kamara hartu eta lokal, taberna, ostatu eta jatetxe guztiei argazkiak egitea erabaki nuen, eta guztiei galdetzea –ostalari, dendari, bisitari zein auzotarrei– ea nola ikusten zuten Alde Zaharra, zer behar zuen, zer falta zuen.

Askok udalarentzat ari ote nintzen galdetzen zidaten. Azaldu egiten nien zergatik ari nintzen, zertarako zen eta non argitaratuko nuen.
Garbi hitz egin dute, eta barren-barrenean zer sentitzen duten adierazi. Iritzi oso aberatsak jaso ditut, kritika gogorrak ere bai udalaren gestioaren aurrean, eta proposamen interesgarriak ere ez dira falta izan.
Behin iritziak jasota eta garbira pasatuta, idatzitakoa erakutsi egin diet adierazpen horiek egin dituztenei; zer edo zer aldatu behar banuen,  aldatu, eta… aurrera!

Apezpiku plaza_0030 copia