Mutriku Konzentrazioa

Mutriku_0011 copia

Aurreko asteazkenean irukurri nuen berria Noticias de Gipuzkoan. Zirrara eragin zidan. Batetik bibentzia asko dudalako Mutrikurekin lotuak; erasoa gazte senegaldar bati egin ziotelako, bestetik; eta erasotzaileak, lotsagabekeriaz josita, bere azalaren koloreak ematen dion babesaren ausarkeriaz eta inolako lotsaizunik gabe, abusatu eta mehatxatu zuen gazte inmigrante bat. Konzentraziora joatea erabaki nuen.

Bertara ailegatuta, lagunei eskatu nien zer giro zegoen kontatzeko.

-Erasotzailea, gizon zuria, mutrikuarra, dendaria, ogia saltzen du.
-Erasotua, gazte senegaldarra, adin txikikoa.
-Erasotzaileak ukatu egiten du egindakoa.
-Herritar batzuen ustez, baliteke erasoa gazte senegaldarrak – paperik gabekoa, inmigrantea, adin txikikoa–, asmatu izana izatea.

Eta neure buruari galdetzen diot, inork ezagutzen al du errudun dela aitortu duen erasotzailerik? Inork ezagutzen al du bortxatu duela aitortu duen bortxatzailerik?

Eta neure buruari galdezka jarraitzen dut, zer-nolako etekinik atera zezakeen mutil senegaldar horrek? Kontuan izanda atzerritarra dela hemen, inmigrantea dela, parerik gabekoa, gainera, azalaren koloreak desberdin egiten duela, eta adin txikikoa, gainera?

Eta, ondiokan, beste galdera bat ere egiten diot neure buruari: zalantza berbera izango lukete Mutrikuko biztanle horiek erasotua Olatz auzoko gazte bat izan balitz, arrantzale familiakoa, institutuan ikasten dabilena, eta Beñat izenekoa? Kokota jarriko nuke dendari eraso egingo ziotela, pintadak egingo zizkiotela eta manka-manka eginda lagako zutela erasotzailea.

Hainbat sinadura ikusi ditut konzentrazioan banandutako manifestuan. Aho txikiarekin esandako gauzak baino askoz garrantzitsuagoa izaten da presentzia. Eta EAJ-PNVrekin zer gertatzen da? Sinatu ere ez dute egin, eta bai Ondarroan eta bai Mutrikun euren esku dago alkatetza.
 Mutriku_0015 copia

Eraso eta abusu gehiagorik ez

Eragile sozialak eta instituzioak guztion eskubide berdintasunaren alde

Paperik gabe bizitzera behartuak garen/diren auzokide etorkinok argi eta ozenki esaten dugu ez dugula onartuko gertatu berri den bezalako erasorik, ez eta bestelako abusurik ere, eta, are gutxiago, horien aurrean gizartea isilaraztea.
Hauxe aldarrikatzen dugu: gure arteko edonor, dela egoera erregularizatuan dauden auzokideok, dela erregularizatu gabeko egoeran, guztiok, instituzioen babesa izateko eskubide osoa dugula.
Estatu espainolak eta bere Atzerritarren Legeak derrigortzen gaitu paperik gabe bizitzera baino paperik gabe irautera, eta gure eskualdeko milaka lagun kondenatzen ditu edozein motatako abusu eta eraso pairatzera eta egoera ahulean bizitzera.
Egoera horren aurrean, giza duintasunaren aurkako edozein bortxaketa ahalbidetzen dituen egoerak saihesteko, Euskal Herriko, zein eskualdeko eta herriko erakundeei eskatzen diegu:
-hemen bizi garen guztion eskubideak –inor baztertu gabe– modu eraginkorrean babestu eta berma ditzatela.
-gizarte eragileei eta herritarrei, oro har, erasoak salatu eta erasotuari elkartasuna adiaraz diezaiotela.
Eta egoera ahulean daudenei eskatzen diegu beldurrik gabe hitz egin dezatela, ozen, eta bidegabekeriak salatu ditzatela.
Gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diogu erasotuari. Erasotzaileari, edo erasotzaileei, aldiz, argi utzi nahi diogu guk ez dugula ez txantaiarik, ez mehatxurik, ez abusurik, ez eta giza duintasunaren kontrako erasorik ere onartuko, eta horiei aurre egingo diegula.
Azpian sinatzen dugunok komunikatu honekin bat egin eta konzentrazio-deia egiten dugu: maiatzaren 19an, zapatua, arratsaldeko 19:30ean, Mutrikuko Goiko Plazan.

Sinatzaileak:
-Berritxuko udala
-Mutrikuko Eusko Elkartasuna, Gazte Abertzaleak, Ezker Abertzalea, Ezker Batua eta Aralar.
-Ondarroako Eusko Elkartasuna
-LAB, ELA et CITE-CCOO sindikatuak
-Senegaldarren Elkartea (Ondarroa)
-GAITTUN Emakume taldea (Markina)
-UXU Emakume taldea (Ondarroa)
-UHAGON Kultur elkarte (Markina)
-AEK (Lea-Artibai)
-Lea-ArtiBAI EUSKARARI
– Zabal GKE-ONG (Markina)
– Medikuak-Médicos del Mundo
-HARRESIAK APURTUZ Euskadiko GKE-en koordinakundea
-Círculo Solidario

Puttarri aldera… Urbitarte sagardotegia

Puttarri_0143

Duela urte bete inguru ezagutu genuen elkar Iraleko ikastaroan, ezagutu baino, ezagutzeko bidean esan beharko. Hauxe dugu hirugarren elkarraldia; sintaxiatik, mugagabetik pasatu barik, sintoniara pasatu gara, eta, oraingoan, Sarasolaren “Zehazki” hiztegiari kontsultarik egin gabe, gainera. Eta ez da azkena izango!
Guztira 13 gara, baina gure helburuekin bat egiten duen jende gehiago ere badago.

 Puttarri_0248

Hauxe da PUTTARRI taldearen organigrama:

PUTTARRI
Azpitaldeak:
Fandango
Harrera
Jarrera
Arre-arre mandoko
GuGeu…
Eta beste batzuk ere espero ditugu.

Hurrengo irteera GuGeu azpitaldearen esku geratzen da.
Oraingo honetan falta izan direnei; belarrietatik tira, asistentzia-parte hartzearen arduradunaren, Anttonen, hitzetan.
Bi kide jaitsiko ditugu, dagoeneko, kategoriaz, ganoraz erantzuten ez dietelako hartutako konpremezuei. “Berdel eguna” pasata dugu eta ez dute ezer ere antolatu!

URBITARTE sagardotegia. MAMARIGAKO taldea


Urbitarte_0291


Mamariga Santurtziko auzo bat da, nortasun handikoa. Sagardotegian ari ziren bazkaltzen, gure antzera, baina eurak bertsolaria eta guzti. Txotx egitera joaten zirenean, geuk ere gauza bera, euren atzetik, hola, bertsoak entzuteko aukera genuen eta. Eta bertsolaria nor? Oriotar bat, Eusebio Lasarte.
Galdetu nienean ea nolatan hemendik; hauxe erantzuna: “Bizitza ari gara ospatzen”.

 Urbitarte_0284

Sarkozyren programa

Nicolas Sarkozy

ELKARREKIN

BAINA HAUEK GUZTIAK GABE

POBREAK, atzerritarrak, ezkertiarrak, gizarte-laguntza behar dutenak, ezkertiarrak,
muturreko ezkertiarrak, KOMUNISTAK, behin betiko lan-kontratua dutenak, homosexualak, aldikako lana egiten dutenak, seropositiboak,
elbarrituak, Hezkuntza Ministerioa, Kultura Ministerioa, kazetari independienteak, BELTZAK, ARABIARRAK, NOAH eta THURAM MODUKOAK, eta emaztea kendu didan marrazoa,

DENA LOR DAITEKE

Zapataria – Daniel

Daniel_zapataria_3559

Hamalau urte nituela hasi nintzen lanbide honetan, horrek esan nahi du 42 gutxi gorabehera, eta hemen, kale Nagusian, hamar bat. Hona etorri nintzenean, denda asko zegoen. Gogoan dut Denda kalean bi janari denda zeudela, mertzeria bat…; abarketak ere saltzen zituzten bertan. Orain ez dago ezer.
Nik lortu dut irautea. Salmenta ez da izan nik espero bezala, baina jarraitzen dut lanean. Udan hobetoxe egiten dut lan; neguan, aldiz, gauza handirik ez, eta apur horiek, auzoko bezeroei esker, ohiko bezeroei esker.

 Daniel_zapataria_3556

Ikusten dudan arazo bat aparkalekuena da. Lehen bazegoen leku gehiagotan aparkatzerik, kale Nagusitik gertuago; orain, hori guztia kendu egin dute. Esango didazu harresi ondoko aparkalekua dagoela, bai badakit, baina niri ez zait oso eskura gelditzen.
Gauza bat nahi dut garbi geratzea, eta hauxe da: Merkataritzarako diren lokaletan, dendak jartzeko diren espazioetan etxebizitzak egiten baditugu, non arraio jarriko ditugu dendak?

 Daniel_zapataria_3557

Bisitariak: bikote gaztea, madrildarrak

Gu Madrilen bizi gara, baina hau kanadarra da. Nik ezagutzen dut inguru hau, uda pasatzera etorri izan naizelako, eta udan bizitasuna dago; orain ez dago ezer, hau hilik dago.
Alde Zaharra izugarria da, zoragarria! Datorren udan ezkondu nahi dugu hemen, parrokian, eta ezkontzeko eguna eskatzera etorri gara.
-Zorionak eta ea lortzen duzuen!

Bidasoa – Antigoaleko gauzen denda

 Bidasoa antiguedadeak_0155

Noiztik hemen, Arma Plazan?
Amona hasi zen dendarekin, gero aitak jarraitu zuen; aita hil ondoren amak eta orain ama eta biok; 30 urte baino gehiago.
Txikitatik egon naiz hemen, eta dendaz beteta ezagutu dut hau. Orain ez dago ezer. Negozioa mantentzea zaila da, zergak asko igo dira.

Nola ikusten duzu Alde Zaharra?
Arazo bat da zaborrarena, zabor-edukiontziena. Inguruan, gertu, ez dago, harresiraino joan behar da zaborra uztera. Beste arazo bat da aparkalekuena; Alde Zaharrean urte osoko OTA dugu, denontzat da desegokia, eta berton komertzioa dugunok ez dugu inolako erraztasunik.
Baina arazorik larriena da, nire kasuan, behintzat, bete-betean ari naizelako egoera hori jasaten, Arma Plazan egiten ari diren lanak. Obrak hasi zirenetik arazoak besterik ez dugu izan. Iaz, atzeko aldean hasi ziren lanak. Orma apurtu zidaten. Kexatu egin nintzen, eta behin eta berriz eurekin diskutitu ondoren, azkenean lortu nuen egindako kaltea, azaletik bazen ere, “konpontzea”, beste hitz batzuekin esanda: “un lavado de cara” egin zuten, makillaje pixka bat eman.

 Bidasoa antiguedadeak_3057

Egun batean, lanera etorri, eta denda aurkitu nuen hesitua, zinta batekin. Goizeko 10etan langileei esan nien arduradunarekin hitz egin nahi nuela. Arratsaldeko 6ak arte ez zen inor agertu. Hori hasiera baino ez zen izan. Oholak jarri zituzten ondoren, eta burdinezko hesiak. Gure denda ikusi ere ez da egiten, eta bertara etorri nahi izanez gero, ez dakizu nondik, hesiz inguratuta nagoelako, zoologikoaren kaiola batean egongo banintz bezala.
Ondoko eraikina barrutik bota zuten, goitik behera. Niri ez zidaten abisurik eman, ez zidaten aurretiaz esan hori egiteko asmoa zutela; hala izan balitz, nik astia izango nuen denda barruko altzariak, gauzak babesteko edo lekuz aldatzeko, dendaren beste txoko batean jartzeko…, hau da altzariak kaltetuak gerta ez zitezen, zeren ondoko eraikinaren orma eta gurea, orma bera da! Ormaren zati bat erori egin zen.

Ulertuko duzunez, kexatu egin nintzen. Lanak egiten ari den enpresa FONORTE da, eta arduradunak Mikel Uranga (30 urte) eta Iban dira. Horiek esan zidaten ez kexatzeko hainbeste, kontuan izateko hemendik bi urtera sekulako abantaila izango zela niretzat. Komentario horren aurrean, nire erantzuna izan zen 2 urte eman beharko nituela obraren eragozpenak jasaten, eta nik bizimodua, soldata dendatik ateratzen nuela eta obrak daudenetik ez dela inor hurbiltzen, ikusi ere egiten ez delako.

Mikel Urangaren ahotik erantzun hau jaso nuen: “Zuk egin behar duzuna da pertsona bat bilatu 2 urtetan mantenduko zaituena  eta haren kontura bizi”. Zer espero daiteke horrelako adierazpenak egiten dituen pertsona batengandik?

 Bidasoa antiguedadeak_0022

Ikusten duzu nola nagoen: aldamioak, oholak, hesiak, sareak… Gure denda ez da ikusten, jarri dituzten oholek estali, tapatu egiten dute. Kartelik ere ez zuten jarri adierazteko non dagoen denda, jendeak jakin zezan hemen jarraitzen nuela. Horregatik egin nuen nik kartel bat, baina ez zidaten jartzen laga, enpresaren propaganda baino ezin zela jarri. Oholen gainean pintatu nuen, eta ezabatu egin didate. Orain, dendaren ondo-ondoan margotu dut. Salaketa jarriko zidala esan zidan Ibanek, enpresaren propaganda estaltzen nuelako.

 Bidasoa antiguedadeak_0148

Egunero nabil eurekin borrokan, ez dute ezer errespetatzen; erabat aislatuta, isolatuta utzi naute hemen, eta esan behar dut nik badudala kartela jartzeko eskubidea. Udaletxera jo nuen jar zezatela eskatzera –euren erantzukizuna dela uste baitut– beste denda batzuekin egin zuten  bezala.
 
Obratik babesteko sare fin bat jarri dute, baina oso fina denez, haizeak mugitu egiten du, eta zikinkeria erortzeaz gain, egurrak, zutabe zatiak… eta halako gauzak ere erortzen dira.
Pasadan astean, hesien artean pasabidea dagoela ikusarazteko marra horiak margotu zituzten. Azkenean, zerbait egin dute! Erabat baztertuta utzi gaituzte. Lanak egin behar dira, denon onerako izango delakoan nago, baina gizabidez jokatu behar da eta errespetuz tratatu. Ikusten duzu, hor, kamioi hori aparkatuta, asteburu osoa darama, ostiraletik; Arma Plazan ezin da aparkatu, ezin da garraiorik sartu, ez bada obretako materiala deskargatzeko, baina kamioi horrek hor jarraitzen du, eta udaltzainek ez dute ezer egin, hurbildu ere ez dira egin! Nik utzi izan banu…
Arma Plazan kultur ekintza gehiago egin zitekeen Alde Zaharra ezagutarazteko, turistak ez datoz harriak bakarrik ikustera, dendak ikustera ere badatoz, eta hemen ez dago ezer.

 Bidasoa antiguedadeak_0151

Mamutzar jatetxea

Mamutzar_3405

Mamutzar

Jatetxe honetan 10 urte daramatzat lanean. Faltan somatzen dut bizitza, giroa, mugimendua. Jendea dago bizitzen, bai, baina kaleak hutsik daude. Ez dago komertziorik, ez dago botikarik ez dago aurrezki kutxarik. Orain Alamedaraino joan naiteke kutxazainera, baina esan behar dizut duela gutxira arte ez zegoela ezer.
Hemen, kale honetan obrak izan ditut urte osoan. Egun batetik bestera kalea itxi zuten, obrak hasteko. Ez zegoen sartzerik, ezin zen jatetxera hurbildu, jakina, ez baldin badituzu zirrikitu guztiak ezagutzen. Protestatzera joan nintzen udaletxera, esatera halako zerbait egin behar dutenean, abisatzeko, jakinaren gainean egon gaitezen denok. Eta kartel bat jar zezatela eta bertan adierazita garbi nondik joan zitekeen  jatetxera. Protestak egin ondoren jarri zuten, baina protetaka ibili behar duzu beti, bestela ezer ez, ez dizute jaramonik egiten! Ez dituzte bat ere zaintzen halako gauzak. Gure bizimodua jatetxea da, eta bezeroek ez badakite nondik, nola ailegatu udalak kaleak itxi dituelako… bada, jai daukagu!
Beste arazo bat da argiak, iluminazioa; hemengo giroa pelikuletakoa bezalakoa da: kaleetan argi gutxi, argi horixka, leku ilunak…, zipresak baino ez dira falta, eta bazter batetik… arimaren bat edo irtetea!

Komertziorako diren lokalak etxebizitzak egiteko saltzea Alde Zaharraren kalterako da, bertako bizitzaren kalterako.

Mamutzar_3384

Sufragistak

Sufragistak_1394

Urrian, Ondarroan nengoela,  sufragistekin egin nuen topo. Kalera irten ziren emakumeon boto-eskubidearen urteurrena gogorarazteko. Ekitaldia udalaren Emakumearen batzordeak eta Helduen Antzerki Taldeak antolatu zuten.

Emakumeen boto eskubidearen 75. urteurrena
Gaur eta hemen emakumeok normaltasun osoz disfrutatzen dugun boto eskubidea, sufragisten borrokari esker lortu dugu mendebaldean.

Sufragismoa XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran Estatu Batuetan eta Europan lortu zen. Emakume haien boto eskubidearen alde egiteaz gain, emakumeen ikasteko eskubidea aldarrikatu zuten, edota Estatu Batuetan esklabutzaren aurka borrokatu zuten.

Sufragistek emakumeon boto-eskubidea lortzeko, kartzela, isunak, gose greba… jasan zituzten eta batzuek bizia galdu zuten.

 Sufragistak_1440


Hemen 1931ko urriaren 1ean lortu zen emakumeon boto eskubidea.

75 urte hauetan aurrerapauso handiak eman baditugu ere, oraindik gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna lortzeko gauza asko aldatu behar dira: emakume gehiago behar ditugu postu erabakiorretan, korrespontsabilitatea, sexu diskriminazioa lan merkatuan, emakumeen kontrako indarkeria…

Denoi dagokigu berdintasunean eta errepestuan oinarritutako jendartea eraikitzea.

Ondarroako Udal Emakume Batzordea

Sufragistak_1477

Car-Ma

Car_Ma_2865

Alde Zaharrean urte eta erdi daramat. Neguan, asteburuetan egiten dut lan gehiago, jende gazte asko etortzen da, bai portuarrak bai bertakoak.
Zer falta den hemen? Bada… denetik! Ez dago farmaziarik, ez dago kutxazainik, ez dago dendarik… Politikoek bizitza, giroa, portura bideratu dute. Nire ustetan, euren nahia da giroa portuan izatea, eta Alde Zaharra, Kasko Historikoa, lo egiteko uztea.
Gauza asko egin daiteke hemen, buruari eraginez gero. Ordizian, asteazkenero, azoka egiten dute. Antzeko zerbait antolatuko balitz hemen, hilean behin, esate baterako, bizitasuna emango lioke auzoari, jendeak hona etortzeko ohitura hartuko luke, bisitariak ekarriko lituzke. Arropak eta elikagaiak saltzeko azoka, aukera ona litzateke.

Kultur ekintza gehiago eskatuko nuke, kaleko ikuskizun gehiago, udalaren, ostalari eta merkatarien artean antolatuta. Hemen, nire lokalean, ostegunero jazz emanaldia dugu, gaueko 10etatik 12etara.

Bezeroak
Gazte bat. Auzoan bizi naiz. Zinema-aretoa eskatuko nuke; herrian ez dago bat bera ere, eta lehen bazegoen. Elkartea edo lekuren bat –deitu nahi duzun bezala– eskatuko nuke, gazteok afariak-edo egiteko, eta udalarena izan dadila, ze guk gazteok, ezin dugu elkarte bateko bazkide izan, sekulako dirutza ordaindu behar izaten baita.

 Car-Ma_3012 copia


Beste bezero bat
. Ni portuarra naiz, baina Alde Zaharrera etortzen naiz, hemen oso gustura egoten baita. Neguan, herri honetan, non dago giroa? Alde Zaharrean! ez dago beste inon. Portuan, taberna gehienak gaueko hamaiketarako itxita daude, pare bat izan ezik.
Zer behar duen auzoak? Hemen ikusten dudan deskalabrua da eraiki gabe zegoen txoko bakoitza etxez bete dutela. Ez da oruberik geratzen.
Beste bat. Urte osoan dugu OTA Alde Zaharrean. Non ikusi da hau? Portuan uda garaian dute, orain ez. Lotsagarria da.

 Jazza_3348 

JAZZA: VOS Trioa

Ostegunero jotzen dugu hemen, CAR-Man, gaueko 10etan hasita. Musikari garen aldetik, jotzeko aukera hau izatea izugarria da; aukera ematen digu, ostegunero, errepertorioa berritzeko. Jeneralean izaten dira jazz gai estandarrak. Herri askotan jotzen diren gaiak dira: New York, Mexiko, Paris… Gure berezitasuna da rockaren gaiak hartu, eta gero jazz eran jotzen ditugula, Police, U2, AC/DC, Metalika… talde horien antzera.

Hiru gara musika taldean:
Pianoa: Joseba Loinaz, hondarribitarra.
Baxua: Jose Quintas, tolosarra.
Bateria: Pako Diaz, donostiarra.

Alde Zaharra bizirik!

Kote Gebara Liburuzaina

Kote Gebara_3514


Kote Gebara. Liburuzaina

Udal liburutegian 15 urte daramat lanean. Ni Mendelu auzokoa naiz. Azken hogei urteetako eboluzioa ikusita, hiltzen ari da, komertziorik ez, taberna gutxi…
Eraikuntza berrietan ez da egiten lokalik, denak dira etxebizitzak. Horrek garbi adierazten du zer bihurtzen ari den hau: lotarako hiria.

Pentsatzen jarrita, neure buruari galdetzen diot, zer dago Alde Zaharrean? Udaletxea, udalaren bulegoak, liburutegia, musika-eskola eta hotel batzuk, turistak erakartzeko.
Uda osoan, San Ferminetan hasi eta hemengo jaiak pasa arte, turista asko dabil. Orain harresia berritzen ari dira; hori ekarpen ona da.
Baina arazoa larria da. Orube guztiak etxez bete dituzte, eta plangintzarik gabe, nire ustez. Agian, laga zitezkeen baten batzuk libre, auzoaren beharretarako, gerora begira…, baina ez, den-dena bete dute. Ez dago urbanismorik, dena da etxeak, etxeak eta etxeak egitea! Alde Zaharrean etxeen artean baratze txikiak zeuden; ez da geratzen ezer. Berde gune guztiak desagerrarazi dituzte.

 Liburutegia_3524

Musika-eskola txiki geratu da. Kasino Zaharrean barrakoiak jarri zituzten duela bi urte eta klaseak hor eman izan dira. Batek daki zer egingo duten horren lekuan, tokia polita da, aurreko aldean berdegunea du, zuhaitz batzuk…
Politikoek sentsibilitate falta handia dute kulturarekiko. Egitura aldetik ez dugu ezer, ez auditoriorik –Zarautzen egingo dute, prentsan irakurri nuen larunbatean, eta biztanleen kopurua antzekoa da hangoa eta hemengoa–, ez espaziorik ikastaroak egiteko: argazkigintza, zeramika, sukaldaritza… edozein ikastaro, berdin zait. Irunen badaude halako gauzak. Andoain, askoz txikiagoa izanda, badu auditorio bat, ez da handia izango, baina… bada zerbait.

Eta Errenderian ere badira halako gauzak, bertara joaten naiz ni ikastaroak egitera.

Ez dago akademia triste bat pintatzen ikasteko, udal akademia, udal eskola esan nahi dut. Hori bai, asko hitz egiten da “Bidasoa aldeko pintoreak”, “Bidasoako eskola”…, baina horrek ez du jarraipenik, norberak bilatu behar du irakaslea, akademia partikularrak…
Alde Zaharra maila guztietan dago abandonatua: zaborra, tuberiak… Politikoentzat ez da erkargarria, inbertsio gutxi egiten dute, gehiago Portu auzoan.

Liburutegia_3533

Alde Zaharra bizirik!