Duela egun batzuk, abuztuaren 1ean hain zuzen, artea ikusteko, arteaz disfrutatzeko beste espazio bat inauguratu zen Hondarribian: “Laia Espacio Arte”, eta bertan Josu Urtizberearen oleoak ikus daitezke.
Hondarribian ez da bakarra, galeria bat baino gehiago baitago herrian, baina honek badu zerbait desberdina, berezia, erakargarri egiten duena: ez dago etxe artean, ez dago herrian zentroan… paraje zoragarrian baizik, Arkoll auzoan (Santiagotxo), Laia erretegian.
-Jon:
2006ko maiatzean zabaldu genuen Laia. Ordutik hona lanean ari gara etengabe, neguan gutxixeago, baina lan konstantea egiten dugu urtean zehar, eta, esan behar dut, gure antzera lanean badirela beste jatetxe batzuk ere Portu auzoan –Marinan– ez gauden arren, esate baterako: Arroka-Berri, Abarka, Alameda, Beko Errota…
-Nola izan zen “Espacio Arte” sortzeko ideia hau?
Josuk proposatu zigun eta guri egokia iruditu zitzaigun, izan ere erretegian bertan dugun espazio bat delako. Hasiera batean, jangela bezala erabiltzea pentsatu genuen. Esan dezakegu erabilera anitzeko espazioa dela: jangela, enpresetako bilerak, erakusketak…, espazioa handia da, eta horiek guztiak konbinatu daitezke hemen.
-Aurrera begira, erakusketa gehiago egiteko asmorik?
Oraingo hau esperimentua da, eta zer-nolako arrakasta eta erantzuna duen ikusita, bada ez genuke baztertuko erakusketa gehiago egiteko aukera.
“Laia Espacio Arte”ra hurbiltzen bazarete, pintura erakusketarekin
gozatzeaz gain, paisajearekin ere gozatzeko aukera paregabea izango
duzue.