Hondarribiko Alardea 2006

alardea_4287 copia

Plastiko beltzak

Oporrak amaitu eta herriko festak ailegatu. Eta horiekin batera  ezin ulertuzko jarrerak: urte osoan “agur”, egun on”, “nola zabiltza?”, zer moduz zure alaba?” esaten zidaten askok, orain burua girau, beste aldera begiratu edo bizkarra eman. A ze lanak!

Prentsatik hartutako artikulu batekin emango diot hasiera blogari.
Eta hurrengo egunetan, iazko alardean egindako argazkiak jarriko ditut.

Xabier Lapitz:  Zertarako desfilatzen dugun

Gertu dugu irailaren 8a. Jaizkibel konpainian desfilatzen dugunok aldarrikatzen dugun berdintasunezko alarderik ez da izango Hondarribian. Bi alarderik ere ez da izango, hainbatetan aipatzen den eta betetzen ez den Berdintasunerako Legea izanik ere, «manifestazio» bat egitera behartzen baikaituzte, emakumeek eta gizonek elkarrekin parte har dezagun gure herriko jaien oinarrizko ekitaldian. Baina ezta hori ere; manifestatzea ere ez digute uzten baldintza beretan.

Duela bi urtetik hona, plastiko beltzdun korridore bat ezarri digute, eta atzean ostentzen dira desfilatzeko eskubidea ukatu nahi digutenak. Botere publikoek ontzat jotzen dute egoera, eta manifestatzeko eskubidean ere berdintasuna aldarrikatzen dugunean, iraintzen eta erasotzen digutenen eskubideak aipatzen dituzte. Legea betearazi behar duten horiek onartuko al lukete kontramanifestaziorik, korridore hori igaro beharko luketenak euren alderdiak izango balira?

Bidezko kausa honetara batu garenok jaiak bizi nahi ditugu, berdintasunean bizi; eta jakin badakigu gurari horrek konpromiso handiagoa eskatzen digula. Lehenbizikoa errespetua exijitzea; eta agintariek izan behar dute gu errespetatzen lehenak. Haiei dagokie beltzez tindatutako ikuskizun lotsagarri horri amaiera ematea, beste ekintza diskriminatzaile bat batu ez dakion ondare «tradizionalari». Manifestari konfinatu eta kontramanifestatzaile baimenduen estatusa onartzea konprometitu garen kausa bazter uztea litzateke.

Maileguan hartu nahiko nuke gure lehendakariak askotan erabiltzen duen adibide bat. Pedalak emateari uzten badiogu, bizikleta erori egingo da. Diskriminazioari aurre egiten ez badiogu, ez dago berdintasuna aldarrikatzeko arrazoirik.

Xabier Lapitz

Iritzi gehiago:

Inaxi Lakano
Beste batzuk

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude