Gabon-gaua

Haurrak kantari

Umetan Gabon-gauean irteten ginen kantari eta eskean, iluntze aldean. Lauzpabost lagun elkartu eta etxez etxe joaten ginen, normal jantzita. Atea jo eta “Kanta ala erreza?” galdetzen genuen. Gehienetan, kantatzeko eskatzen ziguten, eta hauxe da haietako kantu bat; hemen ere entzun izan dut, gutxitan, baina beste doinu batekin.

Gabon gabaren zoragarria Jesus jaio da Belenen,
herririk herri bila gabiltza, bila gabiltza bera den.

Aingeruak kanta, artzain onak dantza,
guztiok alabantza. Zuri zor deutsugu.
Astuak a, idiak mu, atseginik badogu.

Hartu makilak eta jantzi abarkak,
artzain onak joan ziren Jesusen bila.
Ai ze atsegina dan, dantzan jende guztia,
salto, brinko eginaz danak joan ziran.

Batzuetan errezatzeko eskatzen ziguten –familian hildakoren bat egon zelako– eta guk “Aita gurea” errezatzen genuen; behin baino gehiagotan, barregureak eman errezatzen ari ginela, eta hanka egin behar! Gehienetan dirua ematen ziguten, tarteka bizkotxoak. Kantuak amaitu, dirua partitu eta etxera afaltzera. Ordurako anai-arreba guztiak zeuden, hilobak eta baserriko osaba, osaba Xanti; 15 bat lagun elkartzen ginen. Afaldu ondoren izebarenera joaten ginen, nagusiak kartetan ibiltzera, eta gazteok partxisean, okan, loterian, seiko urritan…

Haurrak kantari

Hondarribian, goizean ibiltzen dira kantari, baserritarrez jantzita, etxez etxe, dendetan, tabernetan. Bezperatik edukitzen dut dirua prestatuta kantuan datozenei emateko. Eta guztiek kantatzen dituzte abesti berberak: “Olentzero joan zaigu...” eta “Hator, hator…“. Ea datorren urterako errepertorioa aldatzen duten, kantu eder asko ditugu eta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude