Igandean Leitzan izan ginen. Maitek, taldeko batek –7 emakume en femenino– erakusketa zuen hantxe, jaioterrian, eta haraxe abiatu ginen Laida eta biok, lagunaren lanak ikustera.
Bertara ailegatu eta ezin aparkatu inon, leku guztietan autoak! Gero konturatu ginen zergatik zen: kultur astea ospatzen zuten. Herriko plazan artisauen postuak; tabernetan pintxo goxoak –zelako kroketak! aspaldian halakorik jan barik nengoen–. Giro polita eta Bidasoa aldeko aurpegi ezagunak aurkitu genituen.
Udaletxeko goiko solairuan Maiteren obra; batzuk ezagunak, beste batzuk, aldiz, berriak. Aspaldi baten kontatu zidan amarekin lotutako istorio polita, amak umetan egin zion opari bat zela eta: koloretako arkatzak. Hantxe zeuden.
Gutxitan izan naiz Leitzan, azkeneko aldian bizikletaz, Leitzarandik, Plazaola trenbidearen bidetik. Alabarentzat lehenengo aldia zen; herri txiki baten ez zela sekulan izan ematen zuen, dena zen harridura.
–Ama, behorrak daude herrian, etxeen arteko berdegune horretan! –garai baten baratzea izandakoa–. Zenbat denbora halakorik ikusi gabe! Ze berdeak dauden mendiak, eta ze gertu!
–Entzun, entzun, ama! Txoriak kantari!
–Amatxo, konturatzen naiz gero eta nekezago egiten zaidala Bartzelonara bueltatzea!
Agur esan genion Leitzari koartel zaharraren ormetan dagoen graffitiari argazkia egin ondoren.