Kultura, Kirola, Merkataritza eta Turismo zinegotzia
Nola ikusten duzu Alde Zaharra: dendak, bizitza…?
Denda handiek, komertzio handiek konpetentzia, lehia handia sortzen dute, eta denda txikiek etekinik atera ezean, bada, itxi egiten dute. Gure ohiturak aldatu egin dira. Lehen egunero egiten genituen erosketak, egunero erosten genuen esnea, barazkiak, arraina… Orain, aldiz, edozein etxetan sekulako despentsa dago, jakirik gabe geratzeko arriskuan egongo bagina bezala. Horrek ekarri du auzoko dendak desagerraraztea; jubilazio bitartean iraun dute.
Nik Alde Zaharrerako nahiko nuke Donibane Garaziko adibidea. Han dendak espezializatuta daude: txapelak saltzeko denda, aterkiak saltzeko denda, xirak saltzeko denda… Hemen ere antzeko zerbait egin beharko litzateke, baina ez dakit aldaketa hori egiteko prest ote dauden dendariak. Ederra izango litzateke hona datozen bisitariak, turistak gure produktuak, gure kulturaren inguruan egiten diren produktuak, erosteko aukera izango balute.
Gure herriaren antzekoak diren beste herri batzuetara joan izan gara ikusteko, jakiteko zer komertzio mota duten, nola dabiltzan, eta sorpresak hartu izan ditugu. Esate baterako, Pedrazan izan ginen eta galdetu genienean abuztuan bisitaririk ote zuten, erantzuna izan zen hilabete hori kaxkarra zela, euren turismoa astebueruetako turismoa dela, bertara joaten baitira altzariak erostera, Madrildik eta herri askotatik, kilometro asko eginda, ehun kilometro edo gehiago eginda. Guri, aldiz, Iruñara joatea ere kostatu egiten zaigu! Ez dugu desplazatzeko ohiturarik.
Kale Nagusian bazegoen gozodenda bat, itxi egin zuten. Horko pazientziak oso ezagunak ziren, eta oso goxoak. Kafetegia ere bazen, eta girotxoa ematen zion Alde Zaharrari; ez litzateke bat ere ideia txarra izango errekuperatzea, baina, hor dago, itxita.
Alde Zaharra berpiztu egingo da; berpizte horretan eragina izango dute egiten ari garen berreskuratze lanek, Erreginaren Baluartea, esate baterako; leku atsegina izango da, espazio bat jarduerak egiteko: antzerkia eta halakoak…
Beste proiektu bat da Erdi Aroko Hiriena. Gure proposamena izan zen, eta lehenengo bilera Hondarrian egin da. Herri askotakoak etorri dira.
Gure turismoak izan behar du bertan gaua pasatzeko turismoa, baita dirua utziko duen turismoa ere. Hori lortzeko, kultura erakutsi egin behar da, baina ez bakarrik erakutsi, kulturan pentsarazi ere bai.
Elkarrizketa hau egin ondoren, prentsan agertu zen Tolosako udalak zeukan asmoa alde zaharra biziberritzeko. Iritzia eskatu nion, hiru galdera zuzendu nizkion, ea Hondarribiarako antzeko zerbait pentsatu ote zuten, baina ez dut erantzunik jaso. Erantzungo zidala adierazi zidan (2007-04-24).