Gazteek ia jatorrizko duten lengoaia baten gogoeta egin eta sormena sustatzeko tresna ezin hobea bilakatu da BH-Klip, iaztik Debagoieneko Bigarren Hezkuntzako ikasle guztiei zabalik dagoen bideo lehiaketa. Lehen urtean proposamenak izandako harrera eta maila onarekin “sorpresa” hartu zutela dio Arizmendi Ikastolako Edurne Baltzategik eta aurten bosgarren urtea beteko dute. Apirilaren 24ra artekoa da lanak aurkezteko epea. Bideo kamera digital bana jasoko dute irabazleek.
Gogoeta kontsumoaz
“Kontsumoaren katea” da aurten bideo laburrak sortzeko gaia. “Kontsumoa prozesu moduan ulertzen da katearen bitartez” baina, baita ere, “kontsumoarekiko loturari buruzko gogoeta eragin gura” dela azaltzen du Bagarako Nagore Iraolak. Hain zuzen ere, Arizmendirekin batera Bagara Ekimena bidelagun izango du BH-Klip lehiaketak aurten (GOIENA Komunikazio Taldea, AZK eta Mondragon Unibertsitatearekin). Bagaran, Gureztatu ekimenaren bitartez, Arrasateko azoka biziberritzeko prozesuaren baitan sortutako ideia da kolaborazioa. Ekimenaren barruan badago azokan haur eta gaztetxoen ikuspegia txertatzeko lantaldea (kide dira, besteak beste, Arizmendi bera, Herri Eskola, HUHEZI eta Txatxilipurdi elkartea) eta horrela tematika honetara gerturatu gura dituzte gazteak. “Kontsumo arduratsuaren ikuspegia landu gura da”, dio Iraolak eta “hortik tiraka ‘kontsumoaren katea’ gaia proposatu zen”. Gaian sakontzeko astia ere hartu dute. Joandako barikuan formazio saioa egin zuten Aretxabaletako HUHEZI fakultatean. Gaia landu zuten eta baita ere, unibertsitateko irakasleekin, gidoigintza eta teknikari buruzko irizpideak eskuratu zituzten ikasleek. Haiek, euren aldetik, pozarren hartzen dute urtero lehiaketa, Arizmendiko Batxilergo artistikoko Maite Beitia irakasleak azaltzen duenez. Ikus-hezkuntzak duen garrantziaren jabe da Beitia eta aitortzen du “egungo gazteak irudirako sen berezi batekin” datozela, “egunerokoa duten lengoaia dela”. Hala ere, “gakoa beti dago ideian” eta Beitiak zehazten du saiatzen direla “ikus-entzunezko lengoaia” erakusten; “teknikoki, askotan irakasleek baino gehiago jakiten” baitute ikasleek.
BH Klip 2013 from Goiena Komunikazio Taldea on Vimeo.
Lanak aurkezteko
Bigarren Hezkuntzako Debagoieneko ikasle guztiei zabalik dago sariketa. Gehienez, 2 minutuko bideoak egin behar dira kontsumoaren katea gaia hartuta eta otzara elementu moduan erabili behar da. Taldeak asko jota 3 kidek osatu beharko dituzte eta aholkatzen da musika norberarena ala baimenduna izatea. Youtube-era igo ala komunikazioa@arizmendikide.net-era bidali behar dira lanak apirilaren 24a baino lehen.