Bedelkarren urriaren 17ko moda desfileak iazkoarekiko izango duen nobedade nagusia da dendetako arropa eta osagarriez gain, herriko hiru diseinatzaileren jantziak ere erakutsiko dituztela. Aukerari interesgarri iritzi, izena eman, eta soinekoak, prakak, eta abar egiten ari dira egunotan Iraide Birumbrales, Itziar Martinez eta Eli Gallastegi, Anezka akademian, bertako Ana Parraren laguntzarekin. Marinel erako soinekoa ari da egiten aurrenekoa; praka, kamiseta eta jaka, bigarrena; eta festarako soinekoa, hirugarrena.
Diseinatzaileak lehen urratsetik azkenera ari dira euren arropekin lanean: paperean marraztu; modeloei neurriak hartu ostean patroiak egin; probarako oihalean jantzia egin; eta oihal errealera eraman. Hiru diseinatzaileek diote aukera polita dela eurentzako desfilean parte hartzea; Birumbralesek, adibidez: “Mutilak denda bat dauka, eta hor ari gara beti pentsatzen geure marka sortuko ote dugun; niri moda betidanik gustatu izan zaidanez, esan nuen: ‘Zergatik ez parte hartu honetan?’. Gero, posible bada, geure marka sortu eta prenda horiek aurrera eraman nahi genituzke”. Arroparik gustukoena, gainera, saritu egingo dute desfile egunean.