Uztailaren 13an hasi zen aurtengo Urmuga Araba eta Burgosko mugan, Angulo mendatean, eta joan den larunbatean iritsi zen gure bailarara.
Larunbatean Urkiola eta Gatzagain arteko etapa egin zuten Urmugako mendizaleek, eta igandean Oñati aldean ibili ziren. Aramaioko Udalak, hainbat elkarterekin batera, ekitaldi polit bat antolatu zuen Kurtzeta aldean dagoen pago motz zahar baten omenez, natura babestu beharra aldarrikatzeko. Oñatin, berriz, bi kontzertu izan ziren: bata, Urbian, Alos Quartet taldearekin, eta bestea, herriko pilotalekuan, Et Incarnatus orkestra eta hainbat musikarirekin.
Hemen dituzu Aramaioko ekitaldiko eta Oñatiko etapako argazki bildumak.
Joxefe naiz. Aspaldian horrela esaten didate etxean eta lagunartean. Jaiotzean, ordea, Jose Felix jarri zidaten izena eta Diaz de Tuesta eta Martinez abizenak.
Makina bat urte daramat argazkiak egiten, plazer hutsagatik, gustatzen zaidalako, alegia. Aspaldiko hamar bat urteotan, argazkilaritza berrian hasi nintzen eta geroztik Kodak eta Fujifilm pelikulak erabiltzeari utzi diot. Etxea argazki albumez beteta daukat, eta ordenagailua, irudi digitalez.
Hiru argazki liburutan parte hartu dut. Batzuetan editore moduan. Beste batzuetan editore eta argazkilari moduan. Baina nire argazkiak, batez ere, sarean erakusten ditut, gaur egun, nire ustez, Internet baita munduko erakusketa aretorik handiena eta, ziur aski, onena. Jendearengana iristeko aretorik onena bai, behintzat. Sarean nire goitizena Atauri da.
Nire curriculum profesionala sarean dago. Beraz, norbaitek nire ibilbide profesionalaren berri jakin nahi badu sareko bilatzaileetara jo eta erraz samar aurkituko du daturen bat edo beste bere jakin mina asetzeko.