Aspaldiko urteotan mendi lasterketa asko antolatzen dira Euskal Herrian. Gero eta gehiago, eta gero eta gogorragoak. Etxetik gertu, Zegama-Aizkorri, Mondraitz, Aloñako igoera eta Anbotoko Sorginen lasterketa dira ezagunenak. Apur bat urrutiago, Iparraldean, oso ezagunak dira Bidarrai, Biriatu, Banka, Sara, Senpere eta Ezpeletakoa, besteak beste.
Ezpeletakoa ez da berri-berria, 40 ediziotik gora izan dira eta. Ez eta gogorrenetarikoa ere. Aurtengoa uztailaren 3an izan zen, eta han izan nintzen Ane alabak korritu behar zuela aitzaki hartuta. Eta han egonda ezin eutsi argazkiak egiteko tentazioari.
Hemen duzu, bada, Ezpeletako mendi lasterketako argazki bilduma, Simon Sirven-ek eta biok egindako argazkiekin osatutakoa.
Joxefe naiz. Aspaldian horrela esaten didate etxean eta lagunartean. Jaiotzean, ordea, Jose Felix jarri zidaten izena eta Diaz de Tuesta eta Martinez abizenak.
Makina bat urte daramat argazkiak egiten, plazer hutsagatik, gustatzen zaidalako, alegia. Aspaldiko hamar bat urteotan, argazkilaritza berrian hasi nintzen eta geroztik Kodak eta Fujifilm pelikulak erabiltzeari utzi diot. Etxea argazki albumez beteta daukat, eta ordenagailua, irudi digitalez.
Hiru argazki liburutan parte hartu dut. Batzuetan editore moduan. Beste batzuetan editore eta argazkilari moduan. Baina nire argazkiak, batez ere, sarean erakusten ditut, gaur egun, nire ustez, Internet baita munduko erakusketa aretorik handiena eta, ziur aski, onena. Jendearengana iristeko aretorik onena bai, behintzat. Sarean nire goitizena Atauri da.
Nire curriculum profesionala sarean dago. Beraz, norbaitek nire ibilbide profesionalaren berri jakin nahi badu sareko bilatzaileetara jo eta erraz samar aurkituko du daturen bat edo beste bere jakin mina asetzeko.