Egunotan elurra egin eta egin ari du, eta jendetza handiak dabiltza gure mendi, baso eta zelaietan. Txoko denak hartuta dauzkagu.
Bestalde, eten gabe ari gara entzuten kontuz ibiltzeko, errepideetan eta mendian kontuz zibiltzeko, elurra arriskutsua da eta.
Gauza da inor gutxik egiten diela kasu etxean geratzeko abisuei, eta, gehiago edo gutxiago, elur goseak gaudela denok. Ikusi besterik ez dago joan den astean zelako jende piloa zebilen Oñatin, Tellakaskueta aldean.
Elurra zoragarria da, baina errespetua ere izan behar zaio, badaki-ta sustoak ematen.
Hemen duzu argazki sorta txiki bat, aste honetan elurretan egindako argazkiekin osatutakoa.
Joxefe naiz. Aspaldian horrela esaten didate etxean eta lagunartean. Jaiotzean, ordea, Jose Felix jarri zidaten izena eta Diaz de Tuesta eta Martinez abizenak.
Makina bat urte daramat argazkiak egiten, plazer hutsagatik, gustatzen zaidalako, alegia. Aspaldiko hamar bat urteotan, argazkilaritza berrian hasi nintzen eta geroztik Kodak eta Fujifilm pelikulak erabiltzeari utzi diot. Etxea argazki albumez beteta daukat, eta ordenagailua, irudi digitalez.
Hiru argazki liburutan parte hartu dut. Batzuetan editore moduan. Beste batzuetan editore eta argazkilari moduan. Baina nire argazkiak, batez ere, sarean erakusten ditut, gaur egun, nire ustez, Internet baita munduko erakusketa aretorik handiena eta, ziur aski, onena. Jendearengana iristeko aretorik onena bai, behintzat. Sarean nire goitizena Atauri da.
Nire curriculum profesionala sarean dago. Beraz, norbaitek nire ibilbide profesionalaren berri jakin nahi badu sareko bilatzaileetara jo eta erraz samar aurkituko du daturen bat edo beste bere jakin mina asetzeko.