Gure bailarak aukera asko eskaintzen du mendian ibiltzeko. Arrasatek Udalaitz eta Besaide aldea dituen moduan, Oñatik Urbia, Araotz eta Aloña dauzka. Paraje ederrak eta mendi buelta ederragoak egin daitezke horietan guztietan.
Aloña eta Aizkorri artean gaintxo asko daude, ia inork bisitatzen ez diuenak, eta horietako bat Akaitz da, 1.312 metroko altuerarekin, Anboto baino txikixeagoa da. Toki polita eta erraza eguraldi onarekin. Txarrarekin, berriz, zaila ez, baina kontuz ibili beharrekoa.
Orain aste batzuk, Inazio Arregi lagunarekin Akaitzen izan nintzen. Eguraldi makurra egokitu zitzaigun eta ezin, ba, parajeon ederraz gozatu. Hurrengo batean bueltatuko gara errebantxa hartzera.
Hona hemen Akaitz mendira egindako ibilaldiko argazkiak.
Joxefe naiz. Aspaldian horrela esaten didate etxean eta lagunartean. Jaiotzean, ordea, Jose Felix jarri zidaten izena eta Diaz de Tuesta eta Martinez abizenak.
Makina bat urte daramat argazkiak egiten, plazer hutsagatik, gustatzen zaidalako, alegia. Aspaldiko hamar bat urteotan, argazkilaritza berrian hasi nintzen eta geroztik Kodak eta Fujifilm pelikulak erabiltzeari utzi diot. Etxea argazki albumez beteta daukat, eta ordenagailua, irudi digitalez.
Hiru argazki liburutan parte hartu dut. Batzuetan editore moduan. Beste batzuetan editore eta argazkilari moduan. Baina nire argazkiak, batez ere, sarean erakusten ditut, gaur egun, nire ustez, Internet baita munduko erakusketa aretorik handiena eta, ziur aski, onena. Jendearengana iristeko aretorik onena bai, behintzat. Sarean nire goitizena Atauri da.
Nire curriculum profesionala sarean dago. Beraz, norbaitek nire ibilbide profesionalaren berri jakin nahi badu sareko bilatzaileetara jo eta erraz samar aurkituko du daturen bat edo beste bere jakin mina asetzeko.