Covid-19a dela eta, Maritxu Kajoi Komisiñuak aurten festarik ez zuela antolatuko iragarri zuen, eta herritarrek men egin diote. Izan ere, ostiralean oso jende gutxi irten zen kalera dotore jantzita, eta gehienak oso gazteak. Banakaren bat edo beste ahalegindu zen kamara aurrean plantak egiten, eta lortu ere lortu zuen. Horretaz gainera, ezkontza bat izan zen udaletxean, eta, dotore jantzita egonda, ezkonberriak –Nerea eta Joseba- Maritxu Kajoi ospatzen ari zirela ematen zuen. Eta, izan zen, nola ez, kamara aurrean posatzera prestatu zenik –Oihana eta Amets- orain dela 12 urte posatu zuten toki berean, Iluntz tabernako grafitiaren aurrean, alegia.
Laburbilduta, aurten ez da giro izan maritxutan, eta ezin urteroko moduko argazki bilduma oparorik osatu. Hala ere, hemen duzu aurtengo uzta txikia, Maritxu Kajoin egindako argazkiekin osatutakoa.
Baten batek kuxkuxean ibili nahi badu, hemen dauka 2009-201u urteetako agazki bilduma.
Joxefe naiz. Aspaldian horrela esaten didate etxean eta lagunartean. Jaiotzean, ordea, Jose Felix jarri zidaten izena eta Diaz de Tuesta eta Martinez abizenak.
Makina bat urte daramat argazkiak egiten, plazer hutsagatik, gustatzen zaidalako, alegia. Aspaldiko hamar bat urteotan, argazkilaritza berrian hasi nintzen eta geroztik Kodak eta Fujifilm pelikulak erabiltzeari utzi diot. Etxea argazki albumez beteta daukat, eta ordenagailua, irudi digitalez.
Hiru argazki liburutan parte hartu dut. Batzuetan editore moduan. Beste batzuetan editore eta argazkilari moduan. Baina nire argazkiak, batez ere, sarean erakusten ditut, gaur egun, nire ustez, Internet baita munduko erakusketa aretorik handiena eta, ziur aski, onena. Jendearengana iristeko aretorik onena bai, behintzat. Sarean nire goitizena Atauri da.
Nire curriculum profesionala sarean dago. Beraz, norbaitek nire ibilbide profesionalaren berri jakin nahi badu sareko bilatzaileetara jo eta erraz samar aurkituko du daturen bat edo beste bere jakin mina asetzeko.