Joan den ekainaren 2an, beste urte batez, korpusak ospatu ziren Oñatin, duela bost mende hasitako tradizioari jarraituz.
Tradizioak tradizio, berrikuntzarik ere izan da aurten, ordea, eta ez bat, bi baizik. Eta berrikuntza emakumeen eskutik etorri da. Izan ere, emakumeek sekula izan ez duten rola jokatu dute horren tradizio luzea duen ekitaldi erlijioso horretan. Lehenengo berrikuntza izan da emakume bat irten dela prozesioan apostolu jantzita. Apostoluak aurpegia estalita ibiltzen direnez, berrikuntza hori ezkutuan gertatu da, ez beste apostoluek ez ekitaldiaren antolatzaileek ez baitute aurretik horren berri eman. Bigarrena, berriz, eta agerikoagoa, izan da neskek dantzan egin dutela korpusetan, mutilekin batera. Aldaketok uste baino garrantzia handiagoa dute, eta batek baino gehiagok iragarri du berandu barik emakumeak ikusiko ditugula andero prozesioko santuak eramaten, prozesioan abadeari laguntzen eta prozesioburu abade lanetan. Asmatuko ahal dute!
Ikusi Oñatiko Korpus egunean egindako argazki batzuk.
Joxefe naiz. Aspaldian horrela esaten didate etxean eta lagunartean. Jaiotzean, ordea, Jose Felix jarri zidaten izena eta Diaz de Tuesta eta Martinez abizenak.
Makina bat urte daramat argazkiak egiten, plazer hutsagatik, gustatzen zaidalako, alegia. Aspaldiko hamar bat urteotan, argazkilaritza berrian hasi nintzen eta geroztik Kodak eta Fujifilm pelikulak erabiltzeari utzi diot. Etxea argazki albumez beteta daukat, eta ordenagailua, irudi digitalez.
Hiru argazki liburutan parte hartu dut. Batzuetan editore moduan. Beste batzuetan editore eta argazkilari moduan. Baina nire argazkiak, batez ere, sarean erakusten ditut, gaur egun, nire ustez, Internet baita munduko erakusketa aretorik handiena eta, ziur aski, onena. Jendearengana iristeko aretorik onena bai, behintzat. Sarean nire goitizena Atauri da.
Nire curriculum profesionala sarean dago. Beraz, norbaitek nire ibilbide profesionalaren berri jakin nahi badu sareko bilatzaileetara jo eta erraz samar aurkituko du daturen bat edo beste bere jakin mina asetzeko.
Etiketak:
dantza,
erlijioa,
korpus,
oñati,
tradizioa