Quantcast

Jerardo Elortzari omenaldia

Aste honetan hainbat ekitaldi izan dira Oñatin Jerardo Elortzaren omenez. Azkena, atzo, ekainak 9, Oñatiko Santa Ana antzokia mukuru beteta zegoela, 150 lagun inguruk parte hartu zuten eta.
Jerardo Elortza Egaña (Oñati, 1944ko ekainaren 5a), euskaltzalea, etnografoa, hizkuntzalaria, historialaria eta idazlea da. Aleman filologia ikasi zuen Deustuko eta Münster-ko unibertsitateetan, azken hau Alemanian. 1976tik 1996ra irakasle izan zen Bergarako UNEDeko Euskara sailean. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailean urtebetez lan egin ondoren, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza fakultatean irakasle izan zen erretiroa hartu zuen arte. Bidegileak liburuxken bilduma zuzendu zuen. Urteetan, “Antzinako fotografixia” atala landu du Oñatiko Kontzejupetik aldizkarian. Horrez gain, artikulu asko idatzi ditu eta hitzaldi mordoa eman, han-hemenka.
Arrasateri buruz ere idatzi du hainbat aldiz. Batetik, Arrasate Press aldizkarian bi urtean artikuluak idatzi zituen Arrasateko argazki zaharren gainean azalpenak emanez. Bestetik, Arrasateko Euskara liburuaren egilea da, beste hizkuntzalari batzuekin batera.
Atzoko ekitaldian, laudorio asko esan zituzten hizlariek haren gainean, eta denak bat etorri ziren gizon jakintsua, prestua eta, batez ere, apala dela esatean.
Hona hemen Jerardo Elortzaren omenaldiko argazki batzuk.

atauri

Joxefe naiz. Aspaldian horrela esaten didate etxean eta lagunartean. Jaiotzean, ordea, Jose Felix jarri zidaten izena eta Diaz de Tuesta eta Martinez abizenak. Makina bat urte daramat argazkiak egiten, plazer hutsagatik, gustatzen zaidalako, alegia. Aspaldiko hamar bat urteotan, argazkilaritza berrian hasi nintzen eta geroztik Kodak eta Fujifilm pelikulak erabiltzeari utzi diot. Etxea argazki albumez beteta daukat, eta ordenagailua, irudi digitalez. Hiru argazki liburutan parte hartu dut. Batzuetan editore moduan. Beste batzuetan editore eta argazkilari moduan. Baina nire argazkiak, batez ere, sarean erakusten ditut, gaur egun, nire ustez, Internet baita munduko erakusketa aretorik handiena eta, ziur aski, onena. Jendearengana iristeko aretorik onena bai, behintzat. Sarean nire goitizena Atauri da. Nire curriculum profesionala sarean dago. Beraz, norbaitek nire ibilbide profesionalaren berri jakin nahi badu sareko bilatzaileetara jo eta erraz samar aurkituko du daturen bat edo beste bere jakin mina asetzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude