Quantcast

Bolonia

Aspaldiko bi urteotan Italian pasatu ditugu udako oporrak: iaz,Toskanan; eta aurten Piemonte eta Trento aldean. Holakoetan maiz egiten dugun moduan, bertako jendeari galdezka ibili ginen nora joan egun pasa edo hurrengo oporretan nora joan gintezkeen. Gure harridurarako, batek baino gehiagok guretzat erabat ezezaguna zen hiri bat aipatu zigun, Bolonia, eta denek ere haren edertasuna eta gastronomia goraipatu zizkiguten.

Italianoek hiru hitz erabiltzen dituzte Bolonia definitzeko: dotta, rossa eta grossa. Bolonia dotta da, kultua: Boloniako Unibertsitatea Europako zaharrena da; gainera, egun kulturgune garrantzitsua da, Italiako intelektual eta kultur eragile asko bertan bizi dira, eta argitaletxe askok bertan dute egoitza. Bolonia rossa da, gorria: Boloniako paisaia gorria da, eraikin gehienak adreilu gorriaz eginda daude eta; hiria da eta aspaldi honetan hiriaren gobernua ere “gorria”, ezkertiarra alegia. Bolonia grossa da, lodia: Boloniako sukaldaritza Italiako onenetarikoa omen da. Hiru ezaugarri horietaz gainera, Bolonia Italiako iparraldeko hirietan ederrenetarikoa da: oso monumentala da, eta haren hirigune historikoa Europako bigarren handiena da (handiena Veneziakoa da) eta hobekien kontserbatu direnetako bat.

Hainbeste gauza on entzunda, bertatik bertara ezagutzea pentsatu genuen, eta azaroko zubian hara joan ginen. Goian esandakoaz gainera, atentzioa eman zigun ekonomia jasangarriaren gainean somatu genuen ardurak. Esaterako, bada proiektu bat Italiako iparralde osoan hedatuta dagoena, Eataly izena daukana eta produktu naturalak ekoitzi eta elikadura osasungarria bultzatzen duena. “La vita è troppo breve per mangiare e bere male”, horixe da haren leloa.

Hemen duzu Bolonian egindako argazkien bilduma.

atauri

Joxefe naiz. Aspaldian horrela esaten didate etxean eta lagunartean. Jaiotzean, ordea, Jose Felix jarri zidaten izena eta Diaz de Tuesta eta Martinez abizenak. Makina bat urte daramat argazkiak egiten, plazer hutsagatik, gustatzen zaidalako, alegia. Aspaldiko hamar bat urteotan, argazkilaritza berrian hasi nintzen eta geroztik Kodak eta Fujifilm pelikulak erabiltzeari utzi diot. Etxea argazki albumez beteta daukat, eta ordenagailua, irudi digitalez. Hiru argazki liburutan parte hartu dut. Batzuetan editore moduan. Beste batzuetan editore eta argazkilari moduan. Baina nire argazkiak, batez ere, sarean erakusten ditut, gaur egun, nire ustez, Internet baita munduko erakusketa aretorik handiena eta, ziur aski, onena. Jendearengana iristeko aretorik onena bai, behintzat. Sarean nire goitizena Atauri da. Nire curriculum profesionala sarean dago. Beraz, norbaitek nire ibilbide profesionalaren berri jakin nahi badu sareko bilatzaileetara jo eta erraz samar aurkituko du daturen bat edo beste bere jakin mina asetzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude