Quantcast

Ardoaren astea

Portada_6177

Arrakasta handia izan du Arrasateko
Ardoaren astea
k. Kajoi Tabernak antolatu du eta aurtengoa laugarrena da. Bestalde,
iaz Ardoaren eta Gaztaren eguna antolatu zuen Kajoik, Mondra futbol taldearekin batera.

Aurten bost upategi etorri
dira Ardoaren astera, denak Errioxakoak eta oso goi mailakoak: Ysios, Campillo,
Luberri, Velez eta Remirez de Ganuza. Zein baino zein hobea. Alde handia dago,
ordea, batetik bestera. Oso desberdinak dira upategi horietako bakoitzak egiten eta saltzen dituen ardoak. Desberdina da upategi bakoitzaren tamaina.
Era berean, desberdina da bakoitzaren merkatua. Hala ere, denak dira itzal
handiko upategiak, batera edo bestera ardo zale askoren atxikimendua lortu dutenak.
Azpimarratzekoa da, gainera, horietako bi, Remirez de Ganuza eta Luberri,
Espainiako ardo gazterik onenak egiten dituztela. Izan ere, joan den astean Primer 2006 lehiaketako finala jokatu
zen Gasteizen, beratze karbonikoa erabiliz egindako ardoak saritzeko. Bada,
Remirez de Ganuza upategiaren R. (“Erre
punto” esaten zaio) ardoak irabazi zuen lehenengo saria eta Luberri 2006 ardo
gazteak bigarrena.

Gauzak horrela, esan beharra
dago aukera paregabea izan dugula upategi horien ardorik onenak dastatzeko. Are
gehiago, Remirez de Ganuza eta Luberri upategien jabeen –Fernando eta
Florentino­ azalpenak entzuteko. Datorren urtean ere gustura hartuko dugu  parte Ardoaren astean.

atauri

Joxefe naiz. Aspaldian horrela esaten didate etxean eta lagunartean. Jaiotzean, ordea, Jose Felix jarri zidaten izena eta Diaz de Tuesta eta Martinez abizenak. Makina bat urte daramat argazkiak egiten, plazer hutsagatik, gustatzen zaidalako, alegia. Aspaldiko hamar bat urteotan, argazkilaritza berrian hasi nintzen eta geroztik Kodak eta Fujifilm pelikulak erabiltzeari utzi diot. Etxea argazki albumez beteta daukat, eta ordenagailua, irudi digitalez. Hiru argazki liburutan parte hartu dut. Batzuetan editore moduan. Beste batzuetan editore eta argazkilari moduan. Baina nire argazkiak, batez ere, sarean erakusten ditut, gaur egun, nire ustez, Internet baita munduko erakusketa aretorik handiena eta, ziur aski, onena. Jendearengana iristeko aretorik onena bai, behintzat. Sarean nire goitizena Atauri da. Nire curriculum profesionala sarean dago. Beraz, norbaitek nire ibilbide profesionalaren berri jakin nahi badu sareko bilatzaileetara jo eta erraz samar aurkituko du daturen bat edo beste bere jakin mina asetzeko.

Etiketak: , , , ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude