Agindu legez, Gianni Celatiren Parlamenti buffi trilogiaren bigarren liburuari heldu nion Guizzardiren abenturak zoragarriarekin hainbeste gozatu eta gero. Eta itxaropenak ez dira zapuztu; apika, aurrekoa baino are gehiago gustatu zait Denak hasperenka barregarri hau, eta bide batez baieztatu Celatik gutxik bezala dakiela gizartearen miserietatik irria ateratzen. Aurrekoan eskizofrenikoa bagenuen narratzailea, oraingo honetan ume xelebre bat dugu. Kontatzeko denboragatik pentsa dezakegu protagonistaren haurtzaroko oroitzapenak direla, baina ahotsa orduko umearena berarena da, bere burutazio bitxi guztiekin.
Ez da haur baten begietatik kontatuta irakurri dudan lehena, jakina, baina bai lortuenetakoa, sinesgarrienetakoa, deskribatzen digun mundua hitzez hitz imajinatzeak zaila dirudien arren. Izan ere, eleberri hau karikatura bat da, aurrekoa legez, eta Celatiren beraren berbetan, idazlearen familia da arnasa hartzen utzi barik bata bestearen atzetik datozen pasadizo xelebreen iturria. Halako ingurua izan zuela sinestu behar badugu, ez da zaila ulertzea Celati heldua idazle bihurtu izana eta holako umorearen jabe egin izana. Hori, edo bere burua urkatu…
Liburu honetan, izenburuak dioen legez, pertsonaia guztiak ditugu hasperenka. Hasperen mota desberdinak, baina gehienak zorigaitza adierazten dutenak. Tarteka marteka atsegin sexualeko bat edo beste ere bai, zinezko atsegina zein antzeztua, bizitzan bezalaxe.
Protagonista leku batetik bestera korrika ibiltzen den mutikoa dugu, arrazoi hori dela eta besteek Garibaldi deritzotena. Izenen kontuak, batean ere huts egin gabe, pertsonaiei lotutako jolasak gordetzen ditu, itzultzaileari esker aise ulertzen direnak. Izenak izen, Garibaldi hau jende zorigaiztokoz inguratuta bizi da: aita, ama, anaia, osabak, poliziak… Hagatik, bere buruari zorionerako joera aitortzen dio. Ez dirudi erraza, baina barrutik guztiari bere arrazonamenduak gehitu eta irribarrera jotzen du. Baita, besteei jarraituz, mutil serio eta pentsakorra eman nahi duenean ere, edota mundu guztiak gogaituta duenean, gogaitzeko arrazoiak ez baititu falta.
Gauza asko idatz nitzake liburuaz, pasadizuak kontaezinak baitira, baina gehien nabarmenduko nukeena da protagonistak daukan naturaltasuna gordinkeria guztiez mintzatzeko. Inguruko kanpaia joaldiak, beste ume zein helduen sexurako grina bridagabea (askotan, haurrei dagokienez, hori zer den inondik ere ulertu barik, aurrez aurreko egoeretan ikusten diren jarreren eta hitz teorikoen arteko kontraesanak kasu), usainak, bereziki gorputzari dagozkionak, biraoak eta zitalkeria, besteak beste, barra-barra agertzen dira Garibaldiren narrazioetan, ume batek uler ditzakeen moduan, misterioaren eta egunerokotasunaren artean. Puzkerrak puzker dira, eta gonapeko kizkurrak kizkur, haur batek ez du metafora handirik behar holakoez berba egiteko.
Bestalde, istorioa ez da bat, ez du hari zehatzik, eta gehiago dirudi haur batek eduki dezakeen oroitzapenak kontatzeko modu desordenatua. Kronologiari nekez jarraitzen dio, eta ematen duen sentsazioa ia atenporala da. Bukatu ere, ez da bukatzen, beharrik ere ez. Gizartearen alderik makurrenean bizi diren pertsonaiek osatutako puzzlea da: lapurrak eta iruzurgileak asko, indarkeriarako erraztasunekoak gehienak, protagonista bera lehena, maiz aipatzen duen legez hitzekin baino hobeto konbentzitzen baititu beste ume batzuk ukabilekin. Baina surrealismo, karikatura eta ironia osagai nagusiak izanda, tragediak izan zitezkeen guztiak komedia bilakatzen dira Garibaldiren azalpen harrigarri bezain irrigarriei esker.
Orain Paradisuko almanaka baino ez dut falta trilogia osatzeko, eta kostatuko zait hartuta ditudan beste batzuk bukatu arte itxarotea!