Aspaldian izan nuen gogoeta hau baina nagiegia nintzen idazten hasteko. Orain, gainera, eragin zuen gertaera asago dago eta inork ez dit bekaitzik leporatuko. Tira, bai, leporatuko didate, baina bost axola.
Ez dut inoiz hausnarketa seriorik egin honen inguruan, baina nire baitan holako sentipen lausoa ibili da: euskal literaturak ez dauka eraginik, ez dauka presentziarik euskal gizartean. Zentzu zabalean. Argi dago euskal erdal gizartean ez daukala eta ikastola batean ikasi ez duen eta euskaraz ez dakien inork gutxik dakiela Atxagaz beste euskal idazlerik aipatzen. Baina euskaraz dakiten eta are ikastolan ikasi duten askok ez dute izen askoz gehiagorik ezagutzen. Azken boladan Unai Elorriaga, beharbada. Saizarbitoria, Lertxundi, Irigoien, Urretabizkaia… Bai, abizen batzuen oihartzuna iritsiko zaie euskal literaturari jarraitzen ez dion baten bati. Azken urteotan “euskal” etiketa daroan oro ghetto bihurtu da. “Euskal” musika ez da salbatzen. “Euskal” taldeak Gaztea irratian edota Ibilaldi eta antzekoetan entzuten diren horiek dira. Herriko batean “euskal” etiketa daukan denetarik entzungo da, punk izan, heavy izan, trikitia izan zein bakailaoa izan. “Benetako” taberna heavy batean, ordea, nekez entzungo dira Su Ta Gar edo Idi Bihotz, horiek ere ghettoko taldeak baitira eta nekez daukate lekurik generoaren barruan. Denda batera sartu eta berehala konturatuko gara “euskal” etiketaren ghettizazioarekin. “Euskal musika” horren barruan Banda Bassotti eta Reincidentes lako talde “euskaldun” peto-petoak topatuko ditugu. Haien inguruan Oskorri, Benito Lertxundi, Doctor Deseo, Negu Gorriak, Su Ta Gar, Eskorbuto, Hemendik at!, PiLT, Takolo, Pirritx eta Porrotx… Zerikusi argia daukate horiek guztiek, argi dago. Lotura bai bat, bederen: kokapen horrek denak dauzka aldez aurretik kondenatuta. Baina tira, entzule erdaldunak seguruenik gai dira euskal talde batzuk hitzetik hortzera esateko eta kantaren bat ere ezagutuko dute.
Baina gatozen harira. Nik ezintasun edo zailtasun antropologiko batez berba egin gura nuen. Eta ezintasun hori euskaldunok letra idatziari bide diogun ezinikusi genetiko-antropologiko-kulturala da. Oraindik ere harro aipa dezakegu guztiz galduta dagoen “euskaldunaren hitza egia” delakoa, eta zelan garai batean euskaldunek uko egiten zioten kontratuak idatziz egiteari eta emandako berba baino ez zuten sinesten. Egun txinatarrek jarraitzen ei dute bide horretatik, euren artean baino ez, jakina, baina haien arrakastak zerikusi gutxi gurearekin… Foruak ere berandu idatzi ziren, eta erdaraz, jakina, legeak idazteko premia handirik ikusi bide ez zutelako (eta horretan bai, ados nago, legeak behar diren ere ez baitakit). Eta euskal literaturaz idazten edo hitz egiten denean, idatzizkoa hain urria eta hain berantiarra izanik, beti sartu behar da ahozkoa eta haren balioa azpimarratu. Jakina, bestela zer daukagu… Edo konplexu horren pean bizi gara, behintzat.
Etxepare miraz ei zegoen hainbeste euskaldun garaikide letratu izanik zelan ez zuen ordura arte inork euskaraz idazten, eta zelan hobesten zuten denek erromantzea. Susmatzen ez zuena arazoa geneetan bide daukagula da. Bestela, ez dago azaltzerik. Idatzi ziren apurrek, gainera, zenbait mendez itxaron behar izan zuten norbaitek kasu egin ziezaien. Edo sikiera topa zitzan galdu koitadu horiek!
Izan ere, zein da gaur egun, XXI. mendean, euskaldunen artean entzuterik handiena daukan literatura? Zein da gazteak erakartzea eta BECekoa lako areto erraldoiak betetzea lortzen duen jeneroa? Ahozkoa, jakina. Bertsolaritza. Inguruko kulturetan ahozkoak indarra eta prestigioa galdu dituen neurri berean irabazi ditu gurean. Harro gaude gainera. Izan ere, euskaldunok ez gaude letra idatzietarako eginak. Literatura idatziak ez dauka xarmarik, euskal idazleak ez du jakin-minik sortzen. Literatura ez ezik, kazetaritza ere bazterrekoa da. Zenbat euskaldunek ez du sekula euskarazko aldizkaririk erosi? Zenbatek ez daki ezta direnik ere? Zenbatek irakurtzen zuen Egunkaria ostu ziguten arte, eta zenbatek irakurtzen du egun Berria? Ikastolan dabiltzanen edo hango produktu direnen artean zenbatek aukeratzen du euskara euren blogetan edo fotologetan idazteko? Ez, ez, ez. Ez da modernoa, ez da idatziz komunikatzekoa. Euskarak arrakasta ahoz baino ezin eskura dezake, eta hala ere neurrian.
Euskal idazle eta irakurleon geneak aztertu beharko dituzte, mutazioren bat bide daukagulako. Ez bide gara %100 euskaldun. Ez dakit RH ala burezur kontua den. Norbaitek ikertuko ahal gaitu! Agian horrela ulertuko dut zelan den posible ni lako ustezko euskaldun batek hainbeste gozatzea Joxe Austin Arrietaren Terra sigilata irakurriz…