Neurri bikoitza edo tipula malkoak

Egunak daramatzat gogoeta honi heldu nahian, baina beste gauza batzuk direla-eta atzeratzen joan da kontua. Ez da berria komunikabideek tokian tokiko interes nagusien mesedetan jokatzen duten eginkizuna, ezta darabilten neurri bikoitza ere, baina azken boladan, agian dagokidan egoeragatik, deigarriagoa egin zait Txileko hedabideetan (pentsatzekoa da antzekoa izango dela kapitalismoa eta alderdien desdemokrazia hauspotzen diren munduko beste bazterretan ere) Guillermo Fariñasen gose grebari ematen dioten oihartzuna. Bihoa aurretik nire begirune osoa holako erabakia hartzen duenarentzat, ez daukat ezer horren aurka. Baina gutxienez bitxia da. Eta hori bezain bitxia da hemen kazetariek Kubako “diktadurari” preso politikoak askatzeko Txileko Alderdi Sozialistak egindako “aurrekaririk gabeko” eskaera hainbeste txalotzea (esan behar da, batzuentzat Estatu bat diktadura ez izateko bermea zenbait alderdi politiko edukitzea dela…, baina ez naiz dialektika horretan sartuko, anarkista bezala, neurri handiagoan zein txikiagoan, Estatu guztiei deritzedalako diktadura).

Eta horiek guztiak bitxiak dira, bat-batean munduan preso politikoak eta gose grebak existitzen direla aurkitu berri dutela ematen duelako, eta gainera, horiek guztiak Kuban eta antzeko beste “diktaduretan” daudela aurkitu ere. Noiz agertu dira komunikabide horiek orain bezain asaldatuta Espainiako kartzeletan de Juana Chaos euskal presoa edo Amadeus Casellas preso anarkista (azkenean Amadeusek kartzelan behar baino 8 URTE GEHIAGO eman zituela onartu eta besterik gabe askatu du epaileak berak) gose greban zeudenean? Eraman dute inoiz haiek eta beste askok munduko “demokrazietan” gose greban igarotako egunen kontua eta eman dute inoiz, kezkatuta, haien osasun egoeraren berri?


Argitaratu dute inoiz zenbat maputxe eta anarkista dauden preso Txilen? Zenbat euskaldun eta anarkista Espainian eta Frantzian? Ez dut holakorik gogoratzen…
Jakina, maputxeak, euskaldunak, anarkistak, de Juana, Amadeus…, horiek denak ez dira zapaltzen dituen sistemaren aurkako disidenteak, ez dira preso politikoak, ni neu halakorik ez naizen bezala (eta hori kasualitatea! maputxeak eta ni Kubako gobernuari preso politikoak askatzeko deia egin dion Alderdi Sozialistak espetxeratu gaitu!), terroristak eta kriminal arruntak baino. Kontxo! Kubako gobernuak eta hango komunikabide ofizialek Orlando Zapataz eta bera bezalakoez dioten gauza bera!

Horregatik, komunikabide “demokrata” ofizialek Orlando, Fariñas edo beste batzuengatik negar egiten dutenean, tipula malkoak direla begitantzen zait, besteen sufrimenduak euren aldeko etekin politikoa atera daitekeenean baino hunkitzen ez dituelako.

Ez Euskal Herrian, ez Wallmapun, ez Katalunian, ez Espainian, ez Frantzian, ez Txilen, ez Kuban, ez Txinan, ez Hondurasen, ez Serbian, ez Errusian, ez Iranen, ez Turkian, ez Myanmarren, ez Kolonbian, ez AEBn, ez inon… preso politikorik ez!

Oharra: Hemen idatzitakoaren harira, oraintxe jakin dut Argentinan gose greban zegoen Ruben Terzagui presoa hil berri dela. Zer esango dute komunikabideek honetaz?

2. oharra: Palestinan milaka dira gose grebari ekin dioten preso politikoak. Zer esango dute AEBk horri buruz? Zer komunikabide ofizialek?

3. oharra: Orain saharar preso politikoak dira Marokon gose grebari ekin diotenak.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude