Paperezko bizitza

(2.004an AUX.magazine-n argitaratutako ipuintxoa)

Astelehen hartan, egunero bezala, 8:05ean hartu zenuen metroa. Zure ohiturari jarraituz, pasabidera begira geratzen diren jesarleku bikoitz horietarikoa hartu zenuen. Ez bide zaizu gertuegi inor izatea gustatzen, ondoan, hesi moduan, larruzko maleta dotorea jarri baitzenuen. Ohi bezala. Begirada hotzaz inguruan zihoazenei begiratu eta goitik behera aztertu zenituen. Zergatik tokatu behar zait goizero arlote zikin hori bagoi berean? Seguruenik destaina isurtzen zuten begi urdin horiek janzkerak markatzen zuen aldea neurtzen zuten. Jipoi gris horrek kolperik eman barik ibilitako urte guztien hautsa biltzen du, sastraka trinkoak bezala luzatzen den bizar koipetsu horren moduan. Zerikusirik ez zure ile distiratsu tinkoarekin ez gorbata eta traje garestiarekin. Eskua masailetik pasatu zenuen, zure azal leun usaintsua sentitzeko, keinu horretan zetorkizun egunerako kemena bilduz legez. Beste bidaiariek ezer nabarmenik ez, arruntak. Arruntegiak, agian, garraio bera erabiltzeko eskubidea izateko. Urduri jartzen ei zintuzten, eten barik rolex zoragarriari begiratzen zenion eta. Dena betiko moduan, baina halako batean, zure geltokira iritsi baino minutu bat lehenago, izter azpian zerbait igarri zenuen. Orri txikitxo bat. Hartu eta interes handirik barik irakurri zenuen. Eskuan zimurtu eta botatzeko keinua egin bai, baina zerbaitek galarazi zizun. Berriro zabaldu eta astiro irakurri zenuen. Zerbaitek, antza, jakin-mina piztu zizun, papertxoan ar gaiztoren bat ezkutatuko balitz legez. Azkenean, ia oharkabean, poltsikoan gorde eta alde egin zenuen.

Biharamunean betiko metroa, betiko orduan, betiko atetik. Zorionez, betiko jesarlekua zure zain. Oraingoan, ordea, jesarri aurretik aurreko egunekoaren antzeko papertxoa ikusi eta eskuratu zenuen. Zabaldu eta astiro irakurri zenuen. Zerbaitek aztoratzen zintuela ematen zuen. Ingurura begiratu eta gorde egin zenuen. Egun hartan, aldiz, ez zen dena han amaitu. Arratsaldean, 17,30etan, metroa beteta topatu eta jesartzerik ez zenuen izan, baina bat-batean ohartu zinen zure zapata azpitik paper zuri zatitxo bat agertzen zela. Jende artean makurtzea ez zenuen gogoko izan, baina hartu eta bertan irakurri zenuen, hau ere poltsikoan gorde zenuela.

Aste horretako hurrengo goiz eta arratsalde guztietan papertxoak topatzen jarraitu zenuen. Gero eta argiago zeneukan papertxo horietan agertzen zenak istorioa osatzen zuela, eta ar gaizto horrek norbaitek zuretzat idazten zuela ziotsun. Esanahia, ordea, ezin antzeman, eta metroan sartzea gero eta zirraragarriagoa bilakatzen ari zen, sartuaz batera zure begiak paper zuriaren bila mugitzen zirela urduri.

Hurrengo batean ordutegia aldatzea erabaki zenuen, bazkalorduan atera eta metroa hartu pare bat geltoki aurrerago jaitsi eta hango txinatarrean otordua egiteko. Izerdia goitik behera ibili zen zure lepotik orduan ere papertxoak topatu zenituenean. Beraz, bulegoan aitzaki bila hasi zinen irten eta metroan sartu ahal izateko. Sartzen zinen bakoitzean, han agertzen zen, batzuetan ez lehen momentuan, istorioaren jarraipena. Bakoitzean hain hitz gutxi agertzea madarikatzen zenuen.
Azkenean lanera huts egiten eta metroz metro ibiltzen hasi zinen. Gaur Barakaldorantz, bihar Leioaraino, etzi Plentzia. Inoiz geltoki batean jaitsi eta hurrengo metroan norabide berean jarraitu, guztietan ere papertxo zuri bana topatzen zenuela. Hori zen zure obsesio bakarra, eta ordurako ez zinen jabetu ere egiten inguruan inor ote zegoen. Mundua papertxo horietara mugatzen zen.

Ordutegiak guztiz aldatuta, lana guztiz ahaztuta, goizeko lehenengo metroa hartu eta gaueko azkenean etxera itzuli. Honek zerbait ekarri ei zizun etxean, agian etxeko sarraila aldatuta topatu zenuen. Ez zuen ardura. Gauean han-hemenka jatekoa bildu, kartoi artean geltokitik ahalik eta gertuen lo egin, eta goizean bilaketari ekiten zenion. Zentzua zeukan gauza bakarra, ordurako.

Azkenean istorioa amai aldera iristen hasi zela jakin zenuen. Istorioa ia osaturik zegoen. Orduan, geltokia utzi eta tunelean sartzerakoan, papera eskuan, atzeko leihora begiratu eta zeure burua ikusi zenuen. Zeurea ala arlote zikin harena? Berdin-berdina zen. Zure trajeak ez zeukan hautsa baino eta betzuloen azpitik bizar nahasiak ahoa ezkutatzen zizun. Ilean distirarik ez. Jabetu zinen, maletarik izan ez arren, inork ez zuela zure ondoan jesarri nahi. Eta bagoi berean, zuri irribarretsu begira, irudi hura, ispilua ez zena, hala iruditu arren. Eta horrela beste lau egunez, hartutako tren guztietan.
Egun batean, burua nahastuta, trena aldatu eta han ikusi duzu berriro, paper batean zerbait idazten, oraingoan, topatu berria irakurtzen duzun bitartean.

Altxatu eta hurbildu egin zaizu, idatzitakoa eskainiz. Hartu papera eta boligrafoa eta aukeratu hurrengoa, zure istorioa amaitu baita.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude