Laos I (Mundu utopikoaren bila II)

Vientiane

Egin nuen sarreraren ondoren, eta piztutako jakinmina elikatzen jarraitzeko, honetan Laoseko hiriburuari helduko diot; Vientianeri, alegia.

Vientiane 200.000 biztanleko hiri lasaia da. Herri baten hiriburua izateko, oso txikia, eta behin han gaudela, hirian baino, herri txiki batean sentitzen gara, nekez ikusiko baitugu bost solairu baino gehiago duen etxerik. Turista askorik ere ez, gurekin taxia partitu zuten israeldar neskek esan zigutena jende askok pentsatzen bide du: Vientianek ikusteko gauza gutxi duela! Non informatzen da jendea, baina?

Uste horrek sor ditzakeen zalantzak oro uxatzeko, aurreratuko dut hauxe dela bizitzeko aukeratuko genukeen lekua, agian egunen batean betiko bizileku bilakatuko zaiguna. Horretarako arrazoiak ez dira falta, baina hori beste kontu bat da.

Vientianeri lotuz, oraindik jende askok deskubritu ez duen hiria izatea bere alde izan dezake, non lo egin, non jan, leku batetik bestera zelan mugitu, erraz eta merke topatzen baita. Egia esan, kilometro batzuetara dagoen Xieng Khuan (Buddha parkea) ikusteko ez bada, oinez edo bizikletaz mugitzeko hiria da. Distantziak, oro-har, ez dira luzeak, eta trafikoa ez da inon oztopo.

2005-7-7 55 Vientiane

Iristeko modurik onena, edo interesgarrienetakoa behintzat, trena da. Guk gauez egin genuen bidaia, Bangkoketik, eta horrek berak jende zoragarria ezagutzeko parada eman zigun, batez ere thailandiar monjea, marrazki bizidunetatik irudi lezakeena, jatun aurpegian irribarre pikaroa gordetzen zuena, betaurreko borobil txikien azpian. Thailandia eta Laosen arteko muga oinez zeharka daiteke, eta dirua aldatzeak berak mundu berri baten atarian kokatzen zaitu. Minutu batetik bestera milionario bihurtzen zaituzte! Monopoly-tik ateratakoa ematen duen billete mordoa eskuan, handik gutxira konturatzeko diru-paper horiek gutxieneko kontua direla hango biztanleen bizitzan. Izaera honek iraungo ahal die!

Eta hori diot, Vietnamen, esaterako, egon den edonork egiazta dezakeelako turismoaren diru-iturriak noraino ustel dezakeen herri bateko jendea… Hortaz, aholku bat: ez da zekena izateko kontua, baina guretzat ezereza den diruarekin eskuzabal jokatu gura dugunean, oharkabean gure mundu komertzial honen diru-gosea piz dezakegu horren premiarik ez duen jendearen artean. Laostarrek ez badituzte atzerritarrak dolar-zorro ibiltari moduan ikusten, gorde dezagun luzarorako euren materialkeria eza!

Baina parentesi honen ondoren, itzul gaitezen geratu garen lekura. Muga zeharkatuta, lehenengo ardura tuk-tuk edo taxiren bat bilatzea izango da. Bangkoketik etorrita, komeni da, tuk-tuk-ek itxura bera izan arren, hango gidarien maltzurkeriarekin ahaztea. Laosen gaude, ez Thailandian, has gaitezen, beraz, kontzeptu batzuk geure buruan aldatzen. Laostar batek prezio bat esaten dizunean, hobe gehiegi jaitsi guran denbora ez galtzea, prezio oso bidezkoa izaten baita. Horretaz, ordea, herria, haren bizimodua, distantziak, errepideen egoera, gasolinaren prezioa… jakiterakoan baino ez gara jabetzen. Komeni da, hortaz, hasieratik horren jakitun izatea.

Arestian aipatu legez, jende askok uste du Vientianek gutxi duela eskaintzeko. Aitzitik, geure buruari patxadaz ibiltzeko beta ematen badiogu, presak motxilan ondo gordeta uzten baditugu, ezkutatzen duen guztia oparituko digu eskuzabal.

2005-7-8 53 Vientiane

Gidetan begiratuz gero, aipatutako Xieng Khuan eta hiriaren erdialdean (erdialde geografikoan, ez historikoan) dauden Patuxai (garaipen arkuaren antzeko monumentua) eta Pha That Luang, haien identitatearen ikurra den stupa handia ezinbestekoak izan arren (hauetarako guztietarako gomendagarria da tuk-tuk bat hartzea), niretzat atseginik handiena Mekong ibaiarekin batera doan kaletik pasiatzea izan zen. Orduak eman daitezke alderrai Vientianeko bizitzaren erdigunea den alde honetatik, edonondik agertzen diren tenplu budistetan sartu, haien itzal baketsuetan jesarri, irakurri, monje gazte batekin solasaldian murgildu, itsasontzi batean garagardo pizgarri bat hartu, eta iluntzean, eltxoen kontrako babesa ipinita, edozein plater gozo sabeleratu.

Iluntzera arte bai, baina nekez gauera arte, hori baita gure kulturan hain errotuta dagoena eta Vientianen nekez topatuko duguna: gaueko giroa. Tabernak egon badaude, baina guk, behintzat, itxita topatu genituen musika eta gaueko giro apur bat ei dituztenak. Dena dela, hutsune handia ere ez da, han etxetik eroandako ohitura guztiak laster ahazten baitituzu. Horretarako, hurrengo batean ekarriko dudan Vang Vieng hippya dugu.

Ez dut uste Vientianeri buruz kontatzeko dudana hemen bukatuko denik, baina Laosen leku eta aurpegi asko dut presa barik zabaltzen joateko. Momentuz, Mekong ibai gainean hartuko dut Beerlao eder bat, irudimenean baino ez bada ere…

2005-7-7 44 Vientiane

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude