Rebel Mayo Colorao


Ez dakit ajeaz datozkizun ideiei jaramon egitea oso zuhurra den, baina azken orduotan jaitsi ditudan punk taldeen bideoek neuronak birrintzen dizkidaten bitartean, nire elikadura literarioari lekutxo bat egitea erabaki dut. Ez dakit Mundakako jaiek utzitako errautsetatik ezer ganorazkorik ateratzerik dagoen, baina uste dut egoera honetan Paddy Rekalderen Rebel Mayo Colorao dela gomenda dezakedan libururik onena
Zergatik? Asmo akademikoetatik oso urrun dagoen sail honi hasiera emateko, burua danborra legez darabilten burutazioek ez didate beste aukerarik ematen. Alkohola darion eleberri hau da orain lerrootara ekar dezakedan bakarra.

Foniatragana joateko tren bidaietan lagun izan nuen Rebel Mayo Colorao hau, eta aitortu behar dut oso laburtu zituela nire joan-etorriak. Lagun izan nuen musikari ere eskertu behar nioke, baina ez naiz ondo gogoratzen zein izan zen. UK Subs, agian, baina baieztatzerik ez…

Eleberri honetan barru-barruraino sartzeko gonbitea lehen lerrotik iritsi zitzaidan. Nirekin, behintzat, asmatu egin zuen Paddyk abiatzeko The Clash-en kanta bikain baten hitzak ipiniz. Amua ote zen ez dakit, baina konturatu nintzenerako eztarrian behera neukan, eta eztenkadarik sentitu banuen, gozoa izan zen. Ado gorri nafarra bezain gozoa, hura izan baitzen hurrengo bidaia laguna. Izan ere, Rebel Mayo Colorao hau ardao gorri eta garagardo pinten artean mugitzen baita. Agian horiek eskuan ditugula irakurri behar genuke. Paddyri galdetuko diot zer gomendatzen didan…

Kontua da gozo bezain gordin harrapatzen zaituela eleberri honek, idazlearen alter egoa izan daitekeen pertsonaia exhibizionestaren eskutik. Haren urratsek Nafarroako herri txiki bateko giro jatorrean murgilduko gaituzte, ardaotxo bat hemen, beste bat han, puta baten soineko iradokitzaileari itsatsi eta beste bidaia batean sarrarazteko, irlandar garagardoko zaporekoa bigarren hau, fikziozko Paddy hileta baterako abiatu zela mahats zukuan ahaztuta.

Horrela, errealismo magikoaren ukitu batzuekin, Rebel Mayo ezagutuko dugu, hasieran Jon deritzon iheslari euskalduna. Irlandara doan ferryan sartu, eta hango giro bustian lehorreratuko gara. Lainoek bustitako kaleak, garagardoek bustitako pubak, harremanak, kontzertuak… Ez naiz sekula Irlandan egon, baina oso erraza izan zen iheslari bakartu eta zuhur jokatzeko behartuaren begietatik hango kaleetan sentitzea. Bertan Rebel Mayok izango dituen harremanek hartzen dute garrantzia, eta beste pertsonaia maitagarri batzuen gora-behera gazi-gozoetan nahastuta ibiliko gara, norabideak garrantzia galduta.

Ez dut balorazio literariorik egingo, ez dut horretan batere interesik, ni liburuetatik sentipenak gordetzen saiatzen bainaiz, eta eleberri honek sentipen ugari utzi zidan. Hainbeste non, Charles Bukowsky-ren eragina ezagututa, Pulp irakurtzeko gogo bizia piztu baizitzaidan. Baina beste istorio bat da hori, eta gaurko buruko minak jasan dezakeen guztia idatzi dut goiko lerrootan. Bakoitzak asma dezala uzten dituen sentipenak, usainak, zaporeak… zeintzuk diren.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude