Janaria
Gaur gose jaiki bide naiz. Edo agian dagoeneko, eta oharkabean, bazkalordua iritsi zaidalako da. Oporretan egoteak daukan lehenengo ondorioa ordutegiekin ahaztea izaten da… Kontua da, Laosi buruz hitz egiten jarraitzeko, sukaldaritzari heltzea erabaki dudala.
Asiako sukaldaritza maite dugunontzat, edonora jatera joatea plazer hutsa da kontinente hartan, eta Laos horretan ere ez da salbuespena. Horretarako, aukera piloa dugu, bai taberna edo jatetxe batean lasai jesarrita, bai kalean topa daitezkeen postuetan. Azken honetarako aukerarik zabalenak Luang Prabang-en topatu genituen, agian hiri nahikoa turistikoa delako, agian hiria bera azoka handi bat bihurtzen delako egunaren ordu gehienetan. Niri neuri ikaragarri gustatzen zait aukera hau eta edonori gomendatzen diot. Gutxiago fidatzen naiz ni gure Europako produktu industraletan zein kalean saltzen diren saltxitxa edo hanburgesetan sartzen dizkiguten txerrikeriekin. Laosen denak du itxura naturala! Esaterako, Vietnamen legez, udaberri opilak gozo-gozo jan daitezke, bai frijituta zein frijitu barik. Prezioei dagokienez, taberna batean ez da zaila 5-7 euroren truke pertsona bik bapo jatea, garagardo eta guzti. Zenbat atera zitzaigun guri Bermiotik egin genuen azken pintxo erronda?!
Luang Prabang-en bertan markatuta utzi gintuen beste plater bat oilasko eta koko zopa izan zen. Kurri gorriak ez zuen minegia egiten eta ez ahazteko modukoa gertatu zitzaigun, beste inon topatu ez dugun arren… Orain etxean errezetarekin asmatzea geratzen zaigu! Egia esan, zopa guztiak dira eder-ederrak, eta niri apur bat arraroa egin zitzaidan bakarra Nong Khiaw-n, Muang Ngoi-ra eroango gintuen txalupari itxaron bitartean, jan nuen arrain zopa izan zen, katilua betetzen zuten landare ezezagunengatik, seguruenik. Muang Ngoi-n, ordea, ostatuko jabeekin etxean legez sentitzeaz gain (leku guztietan gertatzen zaizuna han, bestalde), platano lorez egindako zopa harrigarria ezagutzeko parada izan genuen. Ez dakit benetan platano loreak ziren, baina izen hori zuten, behintzat, orburu txikitxoen itxurako haiek. Eta gainera, holako irribarrearekin dakarkizunean, mutilari ez diozu ezetzik esango!
Laoseko plateren zaporea oso erraz asimilatzen da, nekez topatzen da gure ahoaren ohiturei talka egiten dionik. Seguruenik inguruko herrien usadio batzuk bereganatu dituzte, eta thailandiar, txinatar edo vietnamdar sukaldaritza gogorarazten diguten ñabardurak topatuko ditugu. Hala ere, beti izango du berezko nortasuna. Eta hartzen duguna hartzen dugula, plater guztiek edukiko dituzte lagun ezinhobe bi: behin eta berriro aipatu dudan Beerlao garagardo ederra (kontuz, hango botilen neurria 600ml pasatxokoa da!) eta arroz itsaskor zuria. Azken hau saskitxoetan atera ohi dute, eta eskuz hartuko dugu, gure ogiaren funtzioa betetzeko: orain bultzatu, orain apurtxo bat jan, orain saltsatan busti… Niri botilatan, hemen ketchupa legez, izan ohi duten tomate saltsa minarekin ikaragarri gustatzen zitzaidan!
Beste atal baterako utziko dut Vang Vieng-eko menu berezia, hango jatetxeetan “Happy menu” izenpean etorri ohi dena…