Bérurier Noir
Ez dakit honek biharamona gainditzen lagunduko didan, baina kalterik, behintzat ez dit egingo. 15:00 dira eta ordubete ere ez da joan altxatu naizenetik. Zelan altxatu, hori neure kolkorako gordeko dut. Nahikoa esatea 9:00etan zerua ireki zaidala San Kristobalen Bizkaibusa ondoan agertu zaidanean, ez dakit zein sorginkeria dela medio. Ajeak aje, gaur gomendioa oso gertutik datorkigu. Edozein punkek ezinbestean ezagutu behar lukeen frantziar taldea aurkeztuko dizuet. Espero dut zuek ere gutxieneko kultura izango duzuela eta ez zaizuela berri egingo. Hona hemen……… Bérurier Noir!!
Bideo horietan euren kantarik ezagunenetariko bat duzue, “Et hop!”. Bestean, ordea, orain dela 15 urte inguru entzun nuenetik nire kantarik kutunenetakoa izandakoa, “Vietnam Laos Cambodge”. Orain baina, orduan baino argiago ulertzen dut zergatik izan dudan beti kanta honenganako txera berezia. Zer nekien nik orduan Indotxinaz!
Talde honi buruz gauza asko esan daiteke. Gurean ez da batere arrotza, edo ez luke izan behar, Fermin Muguruzak haien “Nuit apache” abestu baitu, “Apetxe gaua” izenpean, eta Inadaptats talde katalanaren diskografian dugu abesti horren bertsioa.
Hala ere, inoiz izena ere entzun ez baduzue, hobe izanari zuzenean heltzea. Bérurier Noir Loran-ek, François-ek eta Dédé-k sortu zuten Frantzian, 1983an. Hasierako asmoa kontzertu bat egin eta desagertzea zen, baina zorionez hastepen hark adoretu eta beste urte batzuez ibili dira mezua eta ikuskizuna eskutik zabaltzen eta etekin ekonomikoari muzin egiten.
Ingalaterrako punk anarkistan inspiratu eta mezu antifaszistaren bozgorailu bilakatu ziren. Internazionalismoa bandera hartuta, Frantziako Fronte Nazional ultraeskuindarrari zuzendu zizkioten euren hitzik “gozoenak” (Porcherie gogoangarria dugu adibiderik onena). “Salut a toi” bezalako kantak herri, arraza eta kolore guztiei goratzarre etengabeak izan genituen.
Mezuarekin batera, beste ezaugarri ahaztezina bateriari eman zioten erabilera da. Programazioarekin konpondu zuten beti perkusioaren atal hori, saxoa lako beste tresna batzuei protagonismoa emanez eta soinu oso bereizgarria sortuz kanta guztietan. Eta jakina, aipatu gabe ezin utzi mozorroei atera zieten etekina. Damu dut inoiz haien kontzertu batera joan ez izana. Arantza hori kendu ezin arren, han geratu zaizkigu haien emanaldien grabazioak. Zuzenekoa izan baitzen Bérurier Noir-en punturik indartsuenetakoa. Ez da kasualitatea diskorik garrantzitsuenetakoa “Carnavel des agités” izatea. Goiko bideoetan ikus daitekeenez, txotxongiloak eta antzerkia inspirazio iturri izan zituzten, eta emanaldiak matxinadaren, musikaren eta antzerkiaren uztarketa bikaina izan ziren. Haien mozorro kutunenen artean poliziarena eta txerriarena (faszistei erreferentzia egiteko maiz erabilitakoa) utzi zizkiguten.
Bukatzeko, aipatuko dut abeslariak sortu zuen beste taldea, Molodoï. Hau gutxi ezagutzen dut, baina ez dut uste alde batera uzteko modukoa denik…
Ipini aMule sutan eta eskuratu talde handi honen diskografia osoa, bideoak, zuzenekoak… Aldarrikatu beharreko punk eztanda dugu Bérurier Noir!