Japoniatik trenez datorkigun punka

The Blue Hearts

Punka ulertzeko hamaika modu dago. Gure EH honetan 80. hamarkadan ikusi genuen, harri bat altxatu eta punk talde bat agertzen baitzen, eta argi geratu behar zitzaigun orduan ere musika eta estetikatik harago doan kontu bat dela hau. Gaur jende askori burura bateria astintzeko kadentzia bakarra datorkionean, komeni da gogoratzea The Clash eta Ramones ere han egon zirela eta punk askorentzat inspirazio iturri nagusiak izan zirela. Gurean, bereziki The Clashena da aipagarria. Eta Japonian ere, punka ulertzeko modu desberdinak egonik, jatorrizko iturri haietatik edandako talde bat baino gehiago dago. Aipatutako The Clash eta Ramonesi blues ukitu batzuk eta barre egiteko gogo handia gehituz gero, The Blue Hearts talde itzela topatuko dugu. Hona hemen frogatxo bi, zelan ez, japoniar marrazki bizidunak eta guzti:

Haien musika antzinako lurrun-makinen erritmoan iritsiko zaigu. Bala-trena garraio sistemaren ikur nagusia duen herrialdean, haiek presarik gabeko beste garai haietakoari begira mugitzen dira. Horren adibide, euren kantarik ezagunenetakoa, Train, train. Baina, nork esan du makina haiek motelak zirela?

The Blue Hearts 1985ean hasi ziren, Hiroto Kômoto, Masatoshi Mashima, Junnosuke Kawaguchi eta Tetsuya Kajiwara-ren eskutik, eta hamarkada batez ibili ziren 1995ean banandu arte. Harrezkero, abeslari Kômotok eta gitarjole Mashimak beste talde bat sortu zuten, The High-Lows, baina ez dut uste euren lehen esperientziaren arrakasta iritsi dutenik, oraindik ere bizirik dirauten arren.

Izan ere, The Blue Hearts punk esparrutik harago heldu zen, eta karaokeetan euren kantarik ezagunenak klasikoak izateaz gain, musika eman diete bai telesail famatu bati zein Nintendo bideojoko bati.

Ni, dena dela, jotzeko berezko estilo horrekin eta ahots pertsonalarekin geratzen naiz. Mutsumi lagun handiari zor diot talde hau ezagutu izana, eta Train, train diskoa nire CD kutunen artean dago joan den hamarkadatik. Ahotsa aipatu dudala, zelan egiten du baina, Kômotok? Malgukiak daramatza militrontxoetan ala matxinsaltoaren geneak ditu?

Punk-rock unibertsoan musika guztia berdina dela uste dutenek asko dute oraindik ikasteko…

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude