Egunero ikusten ditut. Leihotik begiratu besterik ez dut, eta maiz artikulatu gabeko haien aldarriak ere adituten ditut. Seguruenik ulertzen ez ditudan mezuak gordetzen dituzte adierazpen nahasi haiek. Aurpegi anonimoak dira niretzat, batzuetan eguzkitan paseatzera irteten dutenak, erizainen begiradapean betiere. Orain arte hartu eman minimoa izan dut, honi hartu emana deitzerik baldin badago. Izan ere, psikiatrikoaren ondoko zuhaitzen azpian aparkatzen dudanean, noiz edo noiz, hesiaren bestaldetik zuzentzen zait barruko gaixo bat. Eske zuzendu ere, zigarrorik ote dudan. Bere zoritxarrerako, ez naiz erretzailea, eta ezezko labur batera mugatzen da nire erantzuna. Beraz, ez harturik ez emanik. Esaldi labur bat eta trukean monosilabo are laburragoa.
Baina neure buruari galdetzen diodana beste kontu bat da: zergatik daude hor? Zerk eraman ditu hesiaren alde horretan bizitzera? Zerk bereizten ditu nigandik, esaterako?
Markos Zapiainek hitz interesgarriak ditu gaiaz bere Zenbait terrorsita lanean, “Mediku psikipelmak (Foucault)” atalean. Ez dago txarto ezagutzeko noiz eta zertarako sortu ziren holako erietxe-kartzela bereziak. Baina hor ere ez dago nire galderentzako erantzuna.
Ganbara alokatuta ei dute, euren onerako ei daude han, sendatu behar ei dira. Baina gizartea bera baino gaizoago daude? Entzun nahi nieke. Are gehiago, inoiz pentsatu dut interesgarria litzatekeela barruan denboralditxo bat ematea. Kanpoan bizi zirenean nor ziren, zelako bizimodua zuten, ezberdin zerk egiten dituen jakin. Zer den haiengandik espero dutena haien medikuek. Benetan osatu behar dira? Kanpokoen antzera bizitzeko gai egin nahi dituzte? Nor da buru osasunaren eredu?
Baina agian den-dena txarto ulertu dut hasieratik. Seguruenik ez gara gu haiengandik zaindu behar gaituztenak. Beharbada ideia ona da barruan sartzea, babes bila. Ez da ideia originala, badakit, baina birpasa dezagun gure eguneroko bizitza, egin diezaiogun buelta urteen kateari: bada zentzuzko ezer? Bada beste modurik gurpil amorragarri honetatik ihes egiteko? Agian, zigarroa eskatzen didan hurrengoan, gelan batentzako lekurik duen itaunduko diot nik.
Erabakia hartzen dudan bitartean, barruko aurpegi eta garrasi anonimo haiei guztiei kanta bat eskainiko diet. Haiek ulertuko dute hobeto, eta irudiek noraino duten arrazoia argituko, apika. Uste dut Extremodurok jakin dezakeela zerbait gaiaz, nik baino gehiago bai, behintzat…
Horixe da, Asel. Zerk (edo nork) pasarazi ditu hesiaren beste aldera? Naturalagoak al gara beste guztiak? Izango genuke zer ikasia, bai, kanpokook euren bizipenak aditzen jartzeko denborarik hartuko bagenu…
Irakurrita daukazu Gonzalo Etxaguenen Ahots Bilduma? Protagonisten arteko botere harremana zoretxe batean gertatzen da baina istorioa berdin-berdin txerta daiteke ikastetxe batean… azkenean naturala nor eta atrapatua nor den ere argi edukiko ez dugula…
Uste dut liburu bakarra duela baina gomendagarria bera.
Ez dot esetuten liburua, baia gogoan hartuko dot nire irakurketa zerrendarako. Merci!
egia izango da agian eroen aldeko berbaldi demagogiko sentimentalak egiteko joera soilik dugula eroak eguneroko bizitzatik aski urruti ditugunok, baina nik behintzat oso ondo kontaktatzen dut eskizofreniko mota jakin batekin eta egundoko atsedena hartzen dut halakoren batekin solastatuz, “normal” zenbaiten mintzamolde estereotipatu aspergarria, nirea barne, jasan ostean
ikasleen artean baten bat izan dut, ez dakit zehazki zer, baina burua oso “normal” ez daukana. errealitate paraleloak dituztenak… baina irakaskuntzak, ondo jakingo duzunez, eta eman dezakeenaren kontra, gehienetan ez dizu aukerarik ematen nahi bezala hurbiltzeko, beste errealitate baten gurpilean harrapatzen zaituelako. geure burua “normaltzat” dugunoi ezin ukatu ezinegon punturen bat ematen digula, gauza batzuk birplantearzten dizkigutelako…