Argi neukan gomendatuko nuen hurrengo liburua zein izango zen, eta atzo poz handia hartu nuen ikusi nuenean beste batzuek nire legez estimatzen dutela Amélie Nothomb idazlea. Hain pozik utzi ez ninduena ordea, izan zen berriro egiaztatzea euskaldun askok ez dakitela euren idazle kutunak euskaraz ere topa daitezkeela…
Izan ere, argitaletxe batzuk lan oso txukuna egiten ari dira euskaldunoi goi-mailako literatura eskaintzeko, eta horien artean dago Amélieren lan bat oparitu digun Igela. Eta ez dute lan txarra aukeratu, ez horixe, Durduzaz eta dardaraz bikaina baita. Baten batek agian ezagutzen du zinemarako egindako bertsioa, baina liburua, gehienetan legez, eta pelikula oso ona eta fidela den arren, are bikainagoa da. Bertan Belgikako idazlearen ironia eta pozoi guztia topa dezakegu. Japonian bizi zenean lan egin zuen enpresari mendeku literario itzela hartu zion lan honen bidez.
Hasiera-hasieratik irribarrea pizten digu liburu honek, eta hasiera-hasieratik egin dezakegu ideia bat japoniar enpresen izaera ultra-ierarkizatuaz. Txarrena, ierarkia horretan atzerritar emakume gazte bati geratzen zaion lekua. Hutsaren hurrengoa sentitzea zer izan daitekeen gutxitan deskribatu da holako freskotasun eta umoreaz.
Améliek primeran ezagutu du Japonia, bertan jaio baitzen, eta barru-barruan daroala igar dakioke, baina horrek herrialde haren alderdi burugabeenen karikatura egiteko orduan ez dio gupidarik sortzen.
Gertatzen dena, une surrealistak barne, autobiografikoa dela pentsatu behar dugu, literaturan fikzioa nagusi dela ahaztu gabe. Eta ez da erraza ulertzea gure protagonistak egin beharko dituen zentzugabeko lan alferrekoen zerrenda luzea. Gu ez gara japoniarrak…
Ni, istorioak berak beste txunditu ninduten dituen jariotasuna eta estilo fina. Irribarrea segundu batez ere galdu barik, goi-mailako narratzailea topatu nuen. Inoiz ez diot nahikorik eskertuko Martari idazle hau ezagutarazi izana, eta inbidia diot berak, nik ez bezala, jatorrizko bertsio guztiak irakur ditzakeelako, ni itzulpen gehiagoren zain geratzen naizen bitartean.
Igela argitaletxeak jarraipena emango ahal dio Amélie Nothomben literaturari irekitako bideari!
nor da Marta delako hori baina?
Ondo dakizu! Egin beharreko guztiak bukatuta eta oporretarako prest? Ni Madalenetarako motoreak berotzen….
Kaixo!! Stuttgartetik hitz batzuk bidaliko dizkizut. Ea sortea daukazun eta luburu gehiago itzultzen dituzten.
Agur, tschüß
kaixo iker! ondo pasa Alemanian, seguru Carmenek ondo zainduko zaituela!