Luang Prabang
Azken egunotan Madelenetan utzitako gorputza itzultzeko zain ibili ondoren, bada garaia ganorazko zerbait egiten hasteko. Trauma handirik gabe egiteko, zer sendagarriagoa Laosera itzultzea baino. Eta hasitako ibilbideari jarraitzeko, beti iparrerantz, hiririk ederrenetariko batean sartuko gara. Hau ere ez da aukera makala betiko galtzeko. Agian turista gehiegitxo nire gusturako, baina tira, horrek ere ez dio xarmarik kentzen.
Hiri hau oihanaren erdian dago kokatuta, egia esan, oihanaren parte banaezina dirudi, erdian daukan mendi tontorreko tenplutik ikusita erraz egiaztatzen dena. Palmondoek, etxe txikiek eta tenpluek bat egiten dute Mekong ibaiak besarkatuta, gorputz eta arima bakar baten zatiak osatuz. Eta tenpluak aipatuta, zaila da kalkulatzea zenbat dagoen, horregatik, Laoseko beste toki askotan legez edo agian are gehiago, edozein lekutan egin dezakezu topo tunika laranjekin.
Baina hiri honetan, ibai ertzetik ibiltzea edonori patxada emateko modukoa bada ere, benetan merezi duena azokan barneratzea da. Egun osoan da merkatu hirigunea, baina koloretsuena iluntzearekin batera pizten da, eta kale nagusia oihalez, suge-likorrez eta nahi beste usain gozoz betetzen da, inguruan bapo jateko hamaika leku baitago.
Hurrengo batean, seguruenik, artikulu osoa eskainiko diet Laoseko azokei, momentuz jarrai dezagun osteratxo lasaian, eta topatuko dugu aitzakirik gabe bisitatu beharreko beste leku bat: antzokia. Inguruan dituen tenplu eta eraikinak ikusgarriak badira ere, hobe da haiekin ez konformatzea eta bertako kulturan gehiago barneratzea. Ala pentsatu duzue hemen dena dela garagardoa edan, ondo jan eta tenplu artean bueltaka ibiltzea? Ez naiz gogoratzen eguneroko kontua diren antzerki emanaldiak; edozelan ere, hizkuntzarena ez da kasu honetan oztopo, gehiena modu oso bisualean ulertzen diren dantzak baitira. Gainera, Luang Prabangen ikusi ezean, ez nago oso seguru beste inon topa daitezkeen… Bakarrik, aholkutxo bat bisitariari: ikuskizunak dirauen bitartean, argazkirik ez egiteko eskatzen dute, beraz, errespetuz jokatu, behin euren lana bukatuta aukera eskaintzen baitute turistaren argazkietarako amorru hori asetzeko!
Ez da erraza Luang Prabangek uzten dizkizun zapore eta sentsazio guztiak deskribatzea. Nik ezin izan nuen oso-osorik dastatu, baina ez zen hiriaren errua izan, malariaren aurkako botikak sortu zidan erreakzio alua baizik… Hala ere, zapore ona baino ez zidan utzi, bai hiriagatik, bai gure ostatuko mutil zintzoak eskaini zigun adiskidantzagatik, bai handik Pak Ou leizeetara egin genuen txangoagatik, bideko herrixka bateko komun oso “komuna” ezagutzeko halabeharrezko parada ahaztu barik; baina horri ere “Malarone” efektua deituko diogu…
Ezinezkoa da dena hemen laburbiltzea eta irudi guztiak hona ekartzea, baina ez da izango hiri honetako argazkiren bat ipintzen dudan azken aukera…