Gaur Bermiotik Mundakara oinez nindoala, bidean uste baino bero handiagoa topatuta, ezkerraz, eskuinaz, gizarte txatxu honek uzten dizkigun aukerez nenbilen hausnar. Agian buruan utzi berri dudan gandorrak, Madalena lako egunetan kalimotxotan ezkutatutzen dugun gure bizitza ustelaren aje ondorengo usainek, edo nik al dakit zerk zirikatuta. Eta horretaz guztiaz idaztea pentsatzen ari nintzela, gogoratu naiz modu labur baina esanguratsuan baneukala zerbait eginda. Beraz, zertarako bikoiztu lana? Beharbada ideia berrien gabezia ostentzeko modua baino ez da, baina berton utziko dut behin gure taldearen webgunerako idatzi nuena. Eta irudiekin apaintzen ere ez naiz gaurkoan nekatuko! “Hala da, bai, burges ustel eta zikina. Are zikinagoa, burges txikia izanda punkia naizela esaten dudalako. Eta anarkista. Irentsi ezak hori! Baina ze ostia, egunero lan egiten dut nire pisu ñimiño hau ordaintzeko (tira, nire, nire… bankuarena, momentuz), Eroskin egiten ditut erosketa gehienak, eta etxean ez ditut telebista, bideoa, ordenagailua, internet… falta. Gero abesten dut, kexatu egiten naiz, mundu hau ez zaidala gustatzen aldarrikatzen dut… Baina mundu puta honen zati izaten jarraitzen dut eta burges txiki ustel zikin erosoa naiz!
Agintzen didatenean bozka ematen dut. Nazka ematen didate alderdi guztiek. Antzeko nazka (batzuek goragalearen sari nagusia merezi dute, jakina). Ez diet berba bakar bat ere sinisten. Baina botoa ematen diet, ostia! Urtero-urtero eta guztietan zergatik egiten dudan ondo ulertu barik. Noski, hauei ematen ez badiet besteak datoz, eta horiekin badakigu zer daukagun, eta… Papeleta hartu eta txintxo-txintxo sartzen dut kutxan.
Zertarako aitatu autoa, oporrak… Gehiago nabarmentzeko punk mozorrodun burgestxo bat naizela? Edo burges mozorrodun punkia? Ze alde dago, azken batean… Berba egin dezakegu iraultzaz, matxinadaz, desobedientzia zibilaz, antimilitarismoaz… Iluntzetik goizera arte egin ere bai. Txakurraren putza, bihar nire soldata gura dut, eta nire erosketak, eta nire pisutxoa ordaindu, eta gasolina bota autoari.
Argi dago, burges ustela naiz ni. Baina zer ostia zara zu?”