Tenpluak
Uste dut ez dela oso beharrezkoa aipatzea Laos ia %100 budista dela. Egon agian badaude beste erlijioak, seguruenik frantsesek katolizismoaren aztarnaren bat utziko zuten, baina guk ikusi genuen presentzia bakarra budismoarena izan zen. Izan ere, Laosen laster ikasi zuen gobernu komunistak bertakoen erlijioa borrokatu baino errazagoa zela berezko filosofia hori euren politikarekin uztartzea. Beraz, erlijio ofiziala da eta agian horrek ere ezaugarri bereziak eman dizkio hango sistema sozio-politikoari.
Hori horrela, monjeak eta tenpluak nonahi topa daitezke eta bizitza sozialaren ardatzetariko bat dira, jaialdi garrantzitsuenak ere tenpluen inguruan mugitzen baitira.
Budismoa bizimodu bat izan daitekeela argi sumatzen da laostarrengan. Ume ia guztiek ematen dute euren bizitzako tartetxo bat, pare bat aste baino ez badira ere, tenplu batean, eta horrek derrigorrez eman behar du bizitza ulertzeko beste modu bat. Gainera, mendialdean bizi diren ume batzuentzat ikasketak burutu ahal izateko bide seguruenetakoa da hiri handiago batean monje egitea. Herrixkan geratuz gero, ohikoena ikasketak lehen hezkuntzan bukatzea da. Monje sartuz gero, ordea, ikasketak bukatu eta hizkuntzak, ingelesa gehienetan, ikasteko parada dute. Bestalde, monje bizitzak ez du zertan betikoa izan, eta nahi duten unean utz dezakete alde batera. Disziplina gogorra da gazteentzat, batez ere kontuan hartzen badugu emakumeek ezin dituztela monjeak ukitu, urtean behin ospatzen den uraren jaialdian izan ezik, eta nerabe batentzat derrigorrez izan behar du eramangaitza…
Guk ikusi genituen tenplurik ederrenak Luang Prabang eta Vientianen topatu genituen. Arkitektura ikusgarria dute, ia lurra ukitzeraino iristen diren teilatu horiekin, bata bestearen gainean airetik eskegita baleude legez. Eraikin nagusiarekin batera agertzen zaizkigun aldaretxoek, hilobiek eta monjeen etxeek lasai eta gustura paseatzera gonbidatzen dute.
Ez da budista ezta batere erlijiosoa izan behar leku hauetan bake eta patxada apur bat topatzeko. Inork ez dizu galaraziko nahi legez mugitzea eta aldi berean ez da zaila monje jator batekin edo bestearekin hitz egitea. Gehienetan haiek guk beste kuriositatea dute eta ingelesa praktikatzeko aukera ere ez da gutxiestekoa. Bete beharreko arau bakarretarikoa tenplu nagusian ortozik sartzea da, eta gerizpe freskoagoa eskaintzen dutela kontuan izanda, ez da batere leku txarra jesarri eta atseden hartzeko, bertakoek maiz egiten duten bezala.
Tenpluen artean, denetarik topa dezakegu, apainduenetatik xumeenetara. Herririk txikienak ere edukiko du berea ez oso urrun. Aipatu legez, ikusgarrienak eta ugarienak Luang Prabang zoragarrian daude. Oinak nekatuko zaizkigu haien erdiak ikusi baino lehenago. Eta betekada hartuta gaudela sentitzen dugunean ere, idoroko dugu aho bete hortz utziko gaituen beste bat. Zoritxarrez, esan nuenez, egun bat galdu nuen nik sukarrak jota eta komuna gertu behar nuela, eta hango ederrenetarikoak Martak egin zituen argazkietan baino ez ditut ikusi. Itzultzeko aitzakiarik ez dut behar, baina…
Eta tenpluekin bukatzeko, esan behar da edonon topa daitezkeela esaterakoan benetan edonon esan gura dudala. Asiako leku askotan bezalaxe, hemen ere aurki ditzakegu tenplu bihurtutako leizeak, eta bisitatxo bat merezi dute. Guk aurreko batean aipatu Pak Ou-koetan egon ginen, eta bertan Budaren irudi bilduma harrigarria topa daiteke. Ontziz baino ezin da hona iritsi eta holako txango batek merezi du diru apur bat gastatzea. Hau ez da beste inon ikusten!