Eskizofreniko baten buruan


Azken boladan blog honetan eromena eta eskizofrenia ahotan izan dugula, ez da memento txarra irakurri dudan azken liburuetariko bat gomendatzeko. Aurreko batean aipatzen nuen Igela argitaletxea literatura ona euskaraz eskaintzeko egiten ari den lan txukuna, eta hau da beste adibide aipagarri bat: Guizzardiren abenturak, Gianni Celatiren trilogia abiatzen duena eta ni txundituta utzi ninduena lehen lerrotik azkenera arte, euskal ediziorako Celatik berak paratutako hitzaurrea eta guzti. Ez ditut trilogiaren beste biak irakurri, baina ez dut zalantzarik laster irakurriko ditudala, lehenengo honek gose utzi nau-eta. Argi dago idazle berezia dagoela lerroen bestaldean.

Inoiz ikusi duzue errealitatea eskizofreniko baten begiekin? Horretarako aukera eskaintzen digu liburu honek, baina alde tragiko edo morbosoan sakondu barik, irribarrez irakurtzeko dago pentsatuta, hasi eta bukatu.

Danci Guizzardi dugu protagonista eta narratzailea. Familia eta etxea utzi, eta leku batetik bestera ibiliko da, ezbehar batetik bestera, beti pertsonaia arraro eta badaezpadakoekin topo eginez. Baina gogoratzen dugunean eskizofreniko batek kontatzen digula, geure burua laberinto trinko batean harrapatuta ikusten dugu, protagonista bera legez, benetako gertaerak eta Danciren buruak asmatu, handitu edo deformatutakoak bereizteko ezgai.

Pertsonak nahastuko ditu, egoerak txarto ulertuko, eta geuk ere sinistuko dugu etsaiak dituela nonahi eta euritako zahar eta apurtu bati berebiziko garrantzia ematera iritsiko gara. Baina dramatismoaren gorenean ezingo diogu guztiari irrigarri irizteari utzi. Itogarria bezain xelebrea baita Guizzardi inguratzen duena eta iparrik gabe leku batetik bestera protagonistarekin batera garamatzana.

Honi guztiari esaldiak egiteko estiloa gehitu behar zaio. Komarik ez, eta han-hemenka modu arraroan jositako esaldiak eta akatsak. Alta, uste izan daitekeenaren kontra, erraz irakurtzen da eta ez dago ulertzeko traba handirik, buru eskizofreniko baten mekanismoak ulertzekoak salbu.

Laburbilduz, gozatu ederra hartu dut Gianni Celatiren eskutik, eta kasualitatez egindako aurkikuntza handien atalean gordeko dut luzaroan.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Erantzun bat Eskizofreniko baten buruan bidalketan

  1. egilea: markos zapiain

    berbinzanan irakurri dut eta ikaragarria iruditu zait, bikaina; itzulpenak Fernando Reyri lan berezia eskatuko zion eta zoragarri burutu du; uste dut Celati ez zegoela oso pozik orain arteko itzulpen bakarrarekin, frantsesarekin, baina orain badu zer ospatu

    egun batean berbinzanatik iruñera joan eta “una historia de brooklyn” ikusi genuen, oso polita

    Pello Lizarralde aurreko lerroan eseri zitzaigun; berak euskaratu du Celatiren trilogiaren tomoetako bat eta gainera oker ez banago bera izan da Igelakoak ahalegin heroiko hori mamitzeko konbentzitu dituena

    eskerrak ematea pentsatu nuen besarkada handi batez baina zorionez zentzunak Lizarralde bakean uzteko agindu eta planetariumera joan ginen

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude