Hladno Pivo
Kroaziar talde honen izenak horixe esan gura baitu: garagardo hotza. Eta edari zoragarri hori bezain erraz sartzen da belarrietatik 80. hamarkadaren erdia pasata Zagreben sortutako punk taldearen musika. Hladno pivo taldearen eraginen artean, punk klasikoenez gain (Sex Pistols, Dead Kennedys…), AC/DC, Motörhead edo The Beatles bezain desberdinak dituzte, eta niri entzuterakoan azkeneko hauek burutik inoiz pasatu ez zaizkidan arren, egia da euren diskoetan (6 dituzte eta ed2k bidez denak lor daitezke…) kanta batzuek txundituko gaituztela euren originaltasun eta freskotasunagatik. Izan ere, punkari beste erritmo eta joerak gehitzeko ez dute batere ahalkerik, eta maiz jolasten dira euren herriko jatorrizko doinu alaiekin. Honakoan, esaterako, Kroaziako hip-hopero batekin elkartu dira kanta itzela sortzeko: “Teko je ful biti kul” (ez eskatu itzulpena, ideiarik ez dut eta…)
Agian Txekian arrakasta handia izan dutelako, nik luzaroan hangoak zirela sinistuta bizi izan naiz, baina “Himna” bideoa ikusi nuenean susmagarria egin zitzaidan… Azken munduko kopan eslaviar taldeak, Kroazia bera bezalako batzuek zoragarri jokatu arren, non geratu ziren kontuan izanda, ez dakit oso pozik ete dabiltzan… Selekziorik ez dugunok errazagoa izan dugu: batzuen porrotak eman digu, bai, zoriona!
Punk-oi kutsuko kanta hau eta guzti, nire talde kuttunen zerrenda osatzera etorri ziren entzun orduko. Zerbait berezia dute Europa komunista-ohiko taldeek!


